GARA Euskal Herriko egunkaria

Bi emakumeren kontrako eraso matxista deitoratu dute Zumaiako elkarretaratzean

Mugimendu feministak antolatuta, elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Zumaian, joan den igande goizaldean, etxera bueltan zihoazela, bi emakumek jasan zuten eraso matxista arbuiatzeko.


Joan den igande goizaldean, etxera itzultzen ari zirela, gizon batek bi emakumeri egin zien eraso Zumaian. Bertako mugimendu feministak jakinarazi zuenez, zauriturik, larrialdietara jo zuten bi emakumeek. Batez ere aurpegian eta lepo inguruan zituzten zauriak.

Indarkeria matxista ekintza hori gaitzesteko, elkarretaratzea deitu zuen mugimendu feministak, 19.30ean, Zumaiako Martxoak 8 plazan. Jende andana bildu zen protesta egitera.

Ikerketa baten emaitzak

Bestalde, Genero Indarkeriaren Kontrako Behatokiak urteko lehen hiru hilabeteetako datuak eman ditu. Horien arabera, Nafarroan, erasotzailearen aurka deklaratzeari uko egin dioten emakumeen kopurua nabarmen jaitsi zen (-%56,9; 31 emakume). Era berean, emakume gehiagok jarri zuten salaketa (+%7,9).

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuenez, aurtengo lehenbiziko hiruhilekoan 480 salaketa erregistratu zituzten (joan den urteko epe berean 445 izan ziren). Zenbatutako biktimak ere gehiago izan ziren (483; iazko urtarril, otsail eta martxoan, aldiz, 442 izan ziren).

80 babes eta segurtasun aginduren espedienteak ireki zituzten (iazko epe berean 104 izan ziren); horietatik 63 onartu zituzten eta, 17, baztertu. Nafarroako Emakumeen Kontrako Indarkeriaren epaitegietan 44 pertsona auzipetu zituzten (joan den urtean, 42); horietatik 42 kondenatu zituzten.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 1.407 salaketa jarri zituzten epe berean emakumeek indarkeria matxistagatik (iaz baino %1,3 gutxiago), Genero Indarkeriaren Kontrako Behatokiak jakinarazi duenez. 1.418 biktima zenbatu zituzten (%3,1 gehiago). Horietatik 192k egin zioten uko erasotzailearen aurka deklaratzeari (iazko epe berean baino %11,6 gehiagok; Nafarroaren kontrako joera). Genero indarkeriaren biktimen tasa %12,5ekoa izan zen 10.000 emakumeko.