GARA Euskal Herriko egunkaria

Alarma gorria euskal kulturaren transmisioan, hezkuntza arautuan

Azken hamarkadan euskal kultur sorkuntzaren transmisioan izan den «etenak» arduratuta, gaur egungo errealitateari argazkia egin eta hurrengo pausoen norabidea zehaztea zuen helburu atzo Azpeitian egindako jardunaldiak. Izan ere, globalizazioa eta beste hainbat faktore tarteko –zabalpena, gizarteratze moduen aldaketa–, eragileen errezeloa da atzeranzko egoeran bizi garela. Horren aurrean, plan estrategiko bateratua aldarrikatu zuten.


Ezintasunak eta ilusioak. Nekeak eta indarrak. Denak batera antzeman zitezkeen atzo Azpeitian “Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa, sormenean hezi, kulturan bizi” izenburupean egindako jardunaldian.

Aretoa lepo zela –ehun pertsonatik gora bertaratu ziren–, gaiak sortzen duen kezka eta ezinegona nabaria zen. Baita horri aurre egiteko dagoen borondatea ere.

Etxean, hezkuntza arautuan, hezkuntza ez-arautuan zein aisialdian transmisioa bermatuko duten kulturzaleak sortzea dute helburu Jalgik, Elkar fundazioak, Hik Hasik, Azpeitiko Udalak eta UEUk antolatutako jardunaldiek. Hezkuntza arautuaren diagnosiari ekin zioten atzo, eta jarraipena izateko bokazioz sortu da. Hezkuntza ez-arautua, irakasleriaren formazioa, komunikabideak... etorriko dira atzetik.

Olatz Osak (Elkar taldeko argitaletxeen zuzendaria) “Kultur transmisioa, katebegi bat kulturaren unibertsoan” gaiari helduz eman zion hasiera egunari. «Unibertsoa kultur eragileek –sortzaileak, bitartekariak, komunikabideak…– osatzen dute. Askotariko eragileak dabiltza hor eta gakoa horren artikulazioan dago», nabarmendu zuen.

Atzo transmisioari jarri zitzaion fokua baina kulturgintzak badu beste erpinik. «Sorkuntza, ekoizpena, ikusgarritasuna... gai potoloak dira», zioen. Elkar lotuta daude eta gai-ardatz horiek kontuan hartuko dituen estrategia bateratua zehaztea ezinbestekotzat jotzen du Osak. «Plan bat izatea, etorkizunerako planteamendu garbia». Eta estrategiarekin batera, herri proiektua. «Ikuspegi osoa izango duen plangintza eta subjektuen arteko saretzea. Hori gabe ezinezkoa da eta horrekin bakarrik uste dugu lortuko dugula kulturak gaur egun duen periferiatik beste zentralitate bat hartzea. Ez kapritxoz, ez inor baino hobeak garela uste dugulako; ulertzen dugulako kultura dela gizarte kritiko, osasuntsu eta demokratiko baterako bidea».

Administrazio publikoak zer paper jokatu behar du? «Erakundeak eragile bat gehiago dira, beste gauza da nola artikulatzen den eta nola lortzen dugun eragile ezberdinen arteko bateratzea eta estrategia bakar hori. Urratsak egin behar dira. Administrazioari behin baino gehiagotan jarri zaio mahai gainean plangintza orokorra behar dugula. Ez berak egin eta besteok exekutatu dezagun. Bakoitzak bere funtzioak ditugu, horiek aitortu –ez ordezkatzetik, baizik osatzetik– eta artikulatuta guztientzat dago zeregina. Gaurko saioan aipatu diren hutsune asko beteko dira Administrazioak baliabideak eta politikak martxan jartzen baditu, baina baita ere bestelako eragileok ere bakoitzak beretik egiten badugu».

Irlak izatetik ekosistema osatzera. «Ezin dute ekite isolatuak izan, bakoitza bere aldetik jakin gabe bestea zer egiten ari den eta osagarritasuna bilatu gabe. Edo egiten dugu norabide berean, baliabideak optimizatuz eta saretuta, edo bestela oso zaila da ertz batetik tira eginda pretenditzea kulturak beste posizio bat hartzea. Osotasunetik lortuko dugu urrats kualitatiboak ematea».

«Biziraute» egoera bezala definitu zuen Osak orain arte egindako bidea. «Horrela jarraituz gero, jai dugu», esan zuen.

Indarguneak eta ahulguneak identifikatzea da lehen pausoa, ondoren, ahal den neurrian, konponbideak mahai gainean jarri ahal izateko.

Horri ekin zion Iratxe Retolazak (EHUko ikertzaile eta irakaslea). “(Euskal) kulturak hezkuntza zeharkatzeko manerak” hitzaldia eskaini zuen. «EAEn curriculumean onartu da euskal kultura zehar-lerroa izatea, Nafarroan ere curriculumean kultur adierazpenak eta adierazpide artistikoak leku esanguratsua dute», adierazi zuen argiei erreparatuta. «Baina ez da euskal curriculuma zehaztu, garatu eta gauzatu; euskal kultura irakasteko material didaktiko eta baliabide adosturik ez da», gaineratu zuen. Ilunak. Garbi dio: «Alarma gorria pizteko moduko egoeran gaude».

«Atzerapauso handia»

EHUn gertutik ezagutzen du egoera. «Atzerapauso handia eman da azken 5-10 urteotan, lehen ikasleek gehiago zekiten. Eta D eredutik datozen ikasleez ari naiz, kontuan izanik bertan ziurtatu beharko litzatekeela euskalduntzea bai kultura ikuspegitik, bai hizkuntza ikuspegitik. Komunikazio gaitasuna dutenek euren artean gazteleraz egiten dute. Eskolako hizkuntza da, besterik ez. Eta lehen euskaraz aritzeko konpromisoa hartzen zuen ikasleak. Gaur egun gure kezka bihurtu da euskarazko literatur testu bat gazteleraz komentatzea eskolan. Eta D eredutik etorri arren, komunikazio gaitasun eskasarekin iristen dira beste batzuk».

Irakasleen artean askotan hitz egin dute gaiaz, baina hor geratu da. «Iritsi da momentua alarma gorria ikusi duguna eta adierazteko ardura sentitu duguna, katebegi honen ondorioa baita daukagun gainerako guztia».

Kulturgintzaren eguneroko transmisioan lanean ari diren kultur eragile, kudeatzaile zein sortzaileen txanda etorri zen ondoren. Pantxika Telleria koreografoa, Elirale dantza konpainiaren sortzailea; Alberto Barandiaran, Nafarroako Hezkuntza Saileko teknikaria; Amaia Irazusta, Nafarroako Euskararen Irakaskuntzako Baliabide Zentroko ordezkaria; Andrea Arrizabalaga Artaziak Hezkuntza eta Mediazio Kulturaleko kidea, hurrenez hurren. Nork bere esperientzia aletu zuen.

Publikoaren artean izan zen esperientzia konkretuen berri bertatik bertara jakitea eskertu egin zuenik.

Pantxika Telleriak urte asko daramatza ikastetxeetan lanean. Euskal Herri osoko nerabeekin landu duen egitasmoa izan zuen hizpide. Politika egiteko moldetzat ulertzen du bere lana: «Gorputzak eta bakoitzak barnean duena aberasten saiatzen gara, izakitik kolektibotasunerako bidea eginez».

Alberto Barandiaranek Nafarroako Gobernuaren “Musikariak ikastetxeetan” programa azaldu zien bertaratutakoei, edukiak bakarrik ez, esperientziak transmititzearen garrantzia azpimarratuz.

Ez da alor honetan gauzatu den lehen ekimena baina bai egitasmoari izaera administratibo legala eman diona, aurrekoek ez bezala (“Baga, biga, higa” eta “Hitzen ahairea”).

14-18 urte bitarteko gazteei zuzendu zaie programa eta emaitza oso positiboa da bere esanetan. «Musika asko kontsumitzen dute, baina euskal musika oso gutxi», baieztatu zuen.

Amaia Irazustak, bere aldetik, EIBZn abian jarri duten Eskolako Literatur Kanona egitasmoa aurkeztu zuen Azpeitian. 2016an abiatu zen, ordura arteko ikasleen irakurgaien literatur balioa zalantzazkoa zela ikusita, «erraztasunera jotzen baitzen».

«Curriculumak zehazten du literaturzaletasuna sustatu behar dugula baina ez dakigu nola egin, irakasleon bizkar geratzen da dena», aitortu zuen.

Arratsaldean bi mahai-inguru egin ziren, “Kultur transmisioa hezkuntza arautuan” eta “Kultur hezkuntza eskolan gogoetagai” izenekoak.

Amurrion egindako lehen jardunaldiari jarraipena eman zion atzo Azpeitikoak. Saioek elkargunea izan nahi dute, aurrera begira kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan hausnarketa eta eragin gune bilakatzeko asmoz.