AUG. 10 2020 Munduko kasuen erdiak baino gehiago AEBetan, Brasilen eta Indian daude I.B. BILBO Munduan zenbatutako koronabirus kasuek laster gaindituko dute hogei milioi kasuen langa –19.680.000 kutsatu zeuden atzo, Johns Hopkins Unibertsitatearen zenbaketaren arabera–, gaixotasunak duen hedapena islatzen duen zenbaki borobila. Kasu horien guztien erdiak baino gehiago, ordea, hiru herrialdetan daude, Ameriketako Estatu Batuetan, Brasilen eta Indian. AEBek atzo gainditu zuten bost milioi kasuen langa, eta Brasil ere asteburu honetan heldu da hiru milioi gaixo zenbatzera. Indiak, bestetik, 2.153.000 positibo zituen; orotara, hamar milioi baino gehiago. Gainera, kutsatu kopuruaz harago, hiru herrialde horien artean 300.000 hildako baino gehiago izan dituzte, munduko guztien –727.000– %40 inguru. Horien atzetik, Errusia, Hegoafrika, Mexiko, Peru, Kolonbia, Txile eta Iran dira koronabirusak kutsatutako pertsona gehien dituzten herrialdeak, eta Europar Batasunean Estatu espainola da zenbaki kaskarrenak dituena. 314.000 kasu, Britainia Handiak baino 2.000 gehiago. Txertoa, urte bukaerarako? Munduan oraindik egunero 300.000 kasu inguru detektatzen dira, eta ez du ematen egoerak hobera egingo duenik, ez behintzat modu nabarmenean, txertoa aurkitu arte. Hain zuzen, covid-19aren aurkako txertoa urte amaierarako erabilgarri egon daitekeela adierazi zuen atzo Stella Kiriakides Europar Batasuneko Osasun komisarioak. «Iragarpenak egitea une honetan arriskutsua bada ere, adierazle on batzuk ditugu hasierako txerto bat urte honen amaierarako edo datorren urtearen hasierarako eskuragarri egon daitekeela esateko», esan zion Batasuneko ordezkariak Alemaniako “Handelsblatt” egunkariari. Kiriakidesek ohartarazi zuenez, «txerto batek ez ditu arazo guztiak behingoan konponduko», baina pixkanaka normaltasunera itzultzea ahalbidetuko luke, baldin eta «herritarren masa kritikoa txertatuz gero; batez ere, arrisku taldeetan daudenak». IRAN Txinaren ondoren Iran izan zen covid-19aren oldarraldia jaso zuen lehen herrialdea, baita bigarren olatua lehenbizi pairatu zuena ere. Atzo, Hasan Rohani presidenteak iragarri zuen larrialdi egoera 2021eko urtarrilera arte luzatuko dela. AUSTRALIA Australiak 17 hildako zenbatu zituen larunbatean, osasun krisia hasi zenetik herrialde horretan izandako biktima kopuru handiena. Victoria da bigarren olatuak bortitzen jo duen eskualdea.