GARA Euskal Herriko egunkaria

Udalbiltzak 25-30 herritako «laborategietan» landuko du kulturarentzako txertoa

Aurtengo urte gogorrean gure kultura bizitzen ari den egoera penagarria ikusita, «zerbait egin beharra» ezinbestekoa zela ikusi zuten Udalbiltzako kideek. Behar horretatik sortu da Euskal Herri osoko 25-30 udalerri batzen duen ekimena, «Geuretik sortuak» izenekoa.


Euskara hutsean sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkigintza izango ditu ardatz Udalbiltzak atzo Durangoko Plateruena antzokian aurkeztu zuen “Geuretik sortuak” ekimenak. Asmo handikoa egitasmoa da –maila guztietan, 600.000 eta 700.000 euro arteko aurrekontua izango baitu–, eta dagoeneko martxan da, oraindik ere lehen fasean badago ere.

Partzuergoko ordezkaritza zabal batek eman zion atzo babesa “Geuretik sortuak” ekimenari. Parte hartuko duten herrietako zinegotziak eta alkateak gerturatu ziren Durangora Azoka arraroenaren bezperatan, baita kultur munduko hainbat ordezkari ere. Bertan egon zen Natxi Aranburu Errigorako lehendakaria ere, Nafarroako hegoaldean sustatuko ekimenak eta Zuberoako Zazpiak Bat herri elkarteak Udalbiltzaren ekimenekin bat egin baitute.

Jabi Asurmendi Arakaldoko alkate eta Udalbiltzako lehendakariaren esanetan, pandemiak urgentziazko egoera bat azaleratu du: «Euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa da». Eta zer ekarriko dio zehazki “Geuretik sortuak” ekimenak kulturari? Laburbilduta, laborategi-zirkuitu antzeko bat eratuko du. Herrietan sortutako egonaldietatik, eleberri laburrekin egindako bilduma bat, lau bat antzezlan eta film laburrekin osatuko den film luze bat sortzea dute helburu. Irailetik ekimenaren lehen fasean sartuta daude jada –hau da, herriekin elkarlanean ari dira– eta abendu amaieran bigarrenari ekingo diote, kulturgileei zuzendutako deialdi publiko batekin.

Aurkeztuko diren proposamenetatik hautaketa egin eta ondoren kulturgileek hainbat aste igaroko dituzte egokituko zaizkien herrietan, sortzen. Hori 2021eko lehen erdian gertatzea aurreikusten dute. Ondoren, 2021eko azken hiruhilekoaren eta 2022ko lehen erdiaren artean, ekimenari esker sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuta. Paraleloki, liburu, film eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikari bat kontratatzeko deialdi publikoa egingo dute. Azkenik, 2021 amaieran, balorazioa egiteko garaia iritsiko da ekimenak jarraipena izango duen erabakitzeko.

Proiektuan parte har dezaten 25-30 udalerri hautatu dituzte, lurraldetasunari eta tamaina aniztasunari erreparatuta. Hurrengo asteetan ekimenera herri gehiago batuko diren arren, hauek osatzen dute oraingoz parte hartzaileen zerrenda: Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzü-Zunharre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla. Ipar Euskal Herrian bozak duela gutxi izan dituztenez, Hegoaldean baino beranduago hasi da ekimenaren lanketa prozesua.

«Hau amildegi bat da»

Olatz Beobide aktore eta zuzendaria Euskal Aktoreen Batasuneko partaidea da. Udalbiltzaren ekimenaren aurkezpenean izan zen atzo, eta proposamenak galdera anitz sortu zizkion, baita interesa piztu ere. «Ekimen honek interesa dauka batez ere aukerak ematen dizkigulako, eta ametsetan jartzen gaituelako», azaldu zuen «Sortzaileak oso gauza potenteak egiten ari dira gaur egun. Dagoen maila altua da oro har», nabarmendu zuen. Baina egoera ez da samurra, denok ongi dakigunez; 2021. urtea aurtengoa baina gogorragoa aurreikusten da gainera, dirulaguntzak desagertuko direlako.

«Guk, zorionez orain baditugu data batzuk ‘Zaldi Urdina’ eta ‘Iparragirre’ lanekin, baina urtarrilaren 1etik aurrera ez dugu ezer, hau amildegi bat da. Esaterako, antzezlan txiki bat dugu, euskaraz, kañeroa, umorezkoa eta publiko orokorrarentzat, eta ez dago modurik, ez dugu lortu ezta data bakar bat ere! Horrek esan nahi du atzeraka ari direla programatzaileak. Egoera hau bideratu behar da», azaldu zuen.