GARA Euskal Herriko egunkaria

Garoñako erabakia ez dela «politikoa teknikoa baizik» berretsi du Rajoyk

Gobernu espainiarraren kontrol saioan EAJk egindako galderari erantzunez, Mariano Rajoyk bera ez dela Garoña berriro irekitzen «tematzen» eta erabaki hori enpresa jabeak -Nuclenorrek- eta Segurtasun Kontseilu Nuklearrak hartuko dutela argitu zuen atzo.


Europar Batasuneko zentral nuklearrik zaharrena, Garoñakoa, ixtea erabaki «teknikoa» da eta «ez politikoa»; hala baieztatu zuen Mariano Rajoy presidente espainiarrak atzo beheko ganberan egindako gobernuaren kontrol saioan. Gainera, erran zuenez, erabakia enpresa jabearen, hau da, Nuclenorren (Endesak eta Iberdrolak erdibana partekatzen dute) eta Segurtasun Kontseilu Nuklearraren esku dago.

EAJko bozeramaileak, Aitor Estebanek, «gizarteak, instituzioek eta alderdi politikoek erabat baztertu arren, Gobernua Garoña berriz irekitzea ahalbidetzen setatuko den» galdetu zion Rajoyri, eta honek erantzun zion bera ez dela «deusetan tematzen», eta ez duela momentuz erabakirik hartu ere.

Rajoyk azaldu zuenez, zentrala berriro funtzionatzen has dadin, lehenik bertze eskaera bat egin behar dio Nuclenorrek Industria Sailari uztailaren 5a baino lehen, eta bigarrenik, balizko eskaera horren aitzinean, Segurtasun Kontseilu Nuklearrak aldeko txostena idatzi behar du.

«Txosten teknikoen zain gaude. Uste dugu hauei eman behar zaiela lehentasuna edozein motatako erabakiak hartzerakoan», agertu zuen, eta ukatu egin zuen «mundu guztia» irekieraren kontra dagoenik: «Bada jendea ez duena berriro irekitzerik nahi, baina nahi duen beste asko ere bada; instituzioak, enpresak edota udalak, esaterako».

Araba Garoña Gabe

Hain zuzen, Garoñako zentral nuklearraren behin betiko itxieraren aldarrikapena ozen adi dadin, manifestazioa egingo du Araba Garoñarik Gabe plataformak larunbat honetan Gasteizen. Hitzordua 19.00etan da, Plaza Zaharrean. Hainbat eragilek bat egin du dagoeneko deialdiarekin, tartean Aralarrek. Alderdi horrek Gasteiz, Araba eta Euskal Herriko herritar guztiei luzatu die parte hartzeko deia.

Era berean, espainiar Gobernuari eta PPri Agortutako Erregai Nuklearraren Kudeaketa Arduratsu eta Seguruaren Errege Dekretua bertan behera uzteko exijitu die Aralarrek, dekretu hori baita Nuclenorri Garoña berriro martxan jartzea baimentzen diona. Horrekin batera, zaharkitua geratu den zentral arriskutsua eraisteko lanak «lehenbailehen» abian jartzea eskatu die.

Bukatzeko, Aralarrek «ezartzen ari den aurrekari arriskutsua» salatu du, Madrilek «etengabe lege aldaketak bultzatzen baititu, segurtasun neurri gabezi izugarriak dauzkan zentral honen bizitza luzatzeko». Sistema hori apurtu eta ahalik eta azkarren energia eredu justu eta demokratikoago baten alde egiteko beharra azpimarratu du.