FEB. 19 2025 Gaur X urte Roser Ros i Vilanova idazle katalanak 75 urte bete ditu gaur 75 urte betetzen ditu otsailaren 19 honetan Roser Ros i Vilanova kataluniako pedagogo, idazle eta dramaturgoak. Frankismoak eragindako errepresioaren eraginez kartzela eta erbestea zapaldu ostean, 1977an itzuli zen Bartzelonara. Roser Ros i Vilanova, bere gustuko tokian, liburu artean. (Wikimedia) GAUR8 1950eko otsailaren 19an jaio zen Roser Ros i Vilanova pedagogo, idazle, narratzaile, poeta eta dramaturgo katalana, Bartzelonan. Asteazken honetan 75 urte bete ditu. Mota guztietako ikusleentzat kontalaria da Vilanova, errepertorio tradizionala eta garaikidea lantzen ditu, eta herriz herri Katalunian zein bertatik kanpo narrazio-saioak eskaintzen ditu. Bere bizitzan zehar hamaika alor ukitu ditu idazleak. Pedagogia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean, Frankismoaren aurkako borrokarekin ere oso konprometitua izan zen, lehen aldiz 1974ko urtarrilean atxilotu zuten eta hilabete eman zuen Bartzelonako Trinitat kartzelan. Beste bi hilabete Madrileko Carabanchelen eman zituen, eta Parisera erbesteratu zen espetxetik ateratzerakoan. 1977ko amnistiarekin itzultzeko aukera izan zuen eta Bartzelonara itzuli zen. Rosa Sensat Elkartean irakasleak trebatzen aritu zen urte batzuetan zehar, maistra ere aritu zen eta baita Bartzelonako Arte eta Herri Industrien Museoarekin lankidetzan ere. Parisen zegoela sortu zitzaion pedagogiarekiko interesa, eta etnopoesia eta ahozko narrazioarekiko interesari jarraiki osatu zuen tesia. ANIN proiektuaren aurrekarien sortzaileetako bat izan zen. Irabazi asmorik gabeko entitatea da, narratzaile profesionalak eta ahozko narrazioa gustuko dutenak biltzeko asmoz. Antzerkigile bezala, formatu txikiko hainbat pieza sortu ditu, eta idazle gisa, ahozko tradizioko ipuinak moldatu eta haur zein nerabeentzako liburuak idatzi ditu. Bestalde, narrazioari eta haurren literaturak hezkuntzan duen garrantziari buruz hamaika artikulu idatzi ditu.