GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaurko egunez hil zen Parisen Rene Cassin baionarra

Ez dira asko beren bizitzaren inguruko pastoral bat dutenak, baina horietako bat da Rene Cassin baionarra; 1968an Bakearen Nobel saria eskuratu zuen. Gaurko egunez hil zen, 88 urterekin, Parisen.

Baionan, Cassinen murala. (Aurore Lucas)

1976ko otsailaren 20an hil zen Parisen Rene Cassin baionarra, 88 urte soinean zituela. Zuzenbideko irakaslea izan zen, eta 1968an Bakearen Nobel Saria eman zioten, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala egiten lagundu zuelako; Bakearen Nobel saria lortu duen euskal herritar bakarra da.

Provenceko unibertsitateko eta Parisko Unibertsitateko irakaslea izan zen, eta 1924tik 1938ra bitartean Nazioen Ligako ordezkari izan zen, nazioen armagabetzearen alde egin zuen lan garai hartan. Bigarren Mundu Gerran ere izen entzutetsua izan zen, Cassinek Londresen osaturiko Frantziako erbeste gobernuan parte hartu zuelako De Gaulle jeneralarekin batera.

1959tik 1965era bitartean, Europako Giza Eskubideen auzitegiko presidente izan zen. 1968an Bakearen Nobel Saria eta Nazio Batuen Giza Eskubideen Saria eman zizkioten.

Bere heriotzaren ostean ere, oraindik bizirik dago Rene Cassinen izena. Izan ere, alde batetik, Lakuak 2003az geroztik Rene Cassin saria ematen du urtero: «giza eskubideak sustatzearekin, babestearekin eta hedatzearekin duten konpromisoa erakusten duten pertsonen edo taldeen lana publikoki aintzatesteko eta saritzeko helburuarekin».

Eta bigarrenik, 2013an baionarraren bizitza kontatzen duen pastorala estreinatu zuten Sohütan. Jean-Louis Devantek idatzi zuen obra, eta garaian hainbat berritasun egiteko balioatu zuten; esaterako, errejenta berria eta arropa aldaketak egin ziren aipaturiko pastoralean.