MAR. 05 2025 Liburu, artxibo eta argazkiak mailegutzan hartzeko sistema bat jarri du abian Gerediagak Gerediaga Elkarteak Dokumentategia atalean biltzen duen materiala mailegutzan emateko sistema aktibatu du. Azken bi urteetako digitalizazio lanaren ondoren, ehunka eduki jarri dute eskuragarri, ondare historikoari erakusgarritasuna emanez. Irudian, latsarria Elorrion, Dokumentategia atalean kontserbatutako argazkietako bat. (GEREDIAGA ELKARTEA) GAUR8 Gerediaga Elkarteak Dokumentategian pilatutako ondarea herritarrekin partekatzeko sistema jarri du abian, «materiala erabilgarri jarri eta mailegutzan hartzeko» aukera eskaintzen duena. Zehaztu du, halere, salbuespen batzuk egongo direla, «dokumentu oso zaharrak badira edota argazkien kasuan dohaintzan eman dituenak erabilera mugatu badu».Ekimena Gerediaga Elkartearen 60. urtemugan heltzen da, eta eskaintzen duen materiala ez da edonolakoa. Izan ere, liburu, liburuxka, ikerketa lan, aldizkari, eskuizkribu eta argazkiak daude. Azaldu dutenez, agiri guzti horiek digitalizatzeko egindako lanaren emaitza da eta lan horri erakusgarritasuna eman nahi diote.«Guztira, eskuragarri 2.576 liburu, 66 liburuxka, 63 ikerlan, 226 aldizkari eta 2.067 argazki daude» eta «2025ean, Dokumentategian bistaratuko diren argazkien kopuruak nabarmen igoko du», zehaztu dute Gerediagatik.Azaldu dutenez, azken bi urteetan dohaintzan jasotako funts batzuen digitalizazio prozesua amaitzear dago, beraz horiek ere gehituko dira Dokumentategi atalaren edukietara.Argazki zaharrei dagokienez, aurreratu du Gerediagak horien zabalkundea egingo duela sare sozialen bidez. «Hamabostean behin, Instagram eta Facebook kontuetan argazki bat zabalduko da eta, kasu batzuetan, falta den daturen bat eskuratzeko dei zehatza egingo zaie bisitariei», adierazi du elkarteak.