MAR. 20 2025 Lanbide tradizionalei buruzko tailer ziklo bat jarri dute abian Igartubeiti Baserri Museoan Lanbide tradizionalak tailer ziklo baten protagonistak izango dira. Lehen hitzordua Igartubeti Baserri Museoan izango da martxoaren 28an, ostiralez, eta Biziola bertako nezkazarien kooperatiba da gonbidatua. Balioak, identitateak, memoria eta kulturaren transmisioa izango dira jorratuko diztuten gaietako batzuk. Igartubeiti Baserri Museoa izango da zikloaren lehen hitzordua, hilaren 28an. (Gari GARAIALDE | FOKU) GAUR8 Ezkio Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak, Sent Lari e Solako (Okzitania) Turismo Bulegoak eta Ayerbeko Udalak (Aragoi) ‘Jakintzen hibridazioa’ lanbide tradizionalei buruzko tailerren zikloa jarri dute abian. Ekimenaren bultzatzaileek ohar batean azaldu dute helburua dela espazioak sortzea «lanbide tradizionalen eta horiek mundu garaikidean duten iraupenaren inguruan gogoeta egiteko eta ikasteko». Zikloan herritarrei irekitako saioak izango dira, bertako artisau, artista eta nekazariek emango dituztenak. Eta jorratuko dituzten gaiak hurrengoak dira: saskigintza, zeramika, elikadura, ehun-diseinua, artea, dantza, erlezaintza, bitxigintza eta natura. Gainera, mintegiak antolatuko dira, komunitateen etorkizunean balioak, identitateak, memoria eta kultura transmititzeak duen zereginari buruz eztabaidatzeko. Ziklo honetako lehen tailerra ‘Bazkaltzeko aukeratzen dugunaren aztarna’ askari-tertulia izango da, Biziola bertako nekazarien kooperatibarekin batera. Martxoaren 28an izango da, ostiralez, Igartubeiti Baserri Museoan. Topaketa horretan, partehartzaileek tokiko produktuak dastatu ahal izango dituzte eta elikagai batzuen eta besteen kontsumoak ingurumenean, tokiko ekonomian, gizartean eta kulturan duten eraginari buruz hausnartu ahal izango dute. Izena emateko epea zabalik dago Igartubeitiren posta edo telefono bidez. Ziklo hau ‘PATRIM 4.0’ proiektuaren barruan kokatzen da, Pirinioetako kultura-ondarea sustatzea helburu duen programaren baitan dago, eta museo, ekomuseo, interpretazio-zentro eta unibertsitateen arteko mugaz gaindiko lankidetzaren bidez gauzatzen da.