NOV. 22 2025 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } San Mameseko oasia Ramon Sola Ez dakit zehazki nork izan zuen euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partida antolatzeko ideia, baina zorionik beroenak hemendik. Bejondeizula, lagun! San Mamesen bizi izandakoa hamarkada asko pasatu arren ahaztuko ez delakoan nago. Itxura ona zuen gauak aldez aurretik, baina edozein aurreikuspen motz geratu zen maila emozionalean. Sentimendu uholdea izan zen, katarsia, eta horrekin batera gertakari politiko liluragarria, eta etorkizunerako hazia ere bai. Hortik astebetera, begien bistakotik haratago ondorio batzuk ateratzea merezi du, akaso. Lehendabiziko galdera honetatik abiatuta: zergatik sortu du Gazako tragediak horrenbesteko elkartasuna Euskal Herrian, hasiera-hasieratik? Palestinaren aldeko tradizio historikoa dago, egia da. Bidegabekeriaren aurkako kontzientzia sozial ezkertiarra ere bai, ados. Baina osagai gehiago behar dira hain babes handia azaltzeko, oharkabean pasatzen direnak. Nire irudiko, Euskal Herriak Palestinaren ispiluan ikusten du bere burua, Goliathen aurka diharduten David direlako biak, Estatu handi, militarizatu eta polizialez inguratutako herriak. Borroka desorekatua da, baina oraindik ez gaituzte garaitu, ez txikitu, ez otzandu, ez bata, ez bestea. Euskal Herriak eutsi egiten dio bideari, eta Palestinak ere bai, porrot handiak eta garaipen txikiak tarteko. Zugazartek maisuki erakutsi zuen ibilbide hori bihurgunez jositakoa dela: deigarria da genozidioa jasaten duen herrialdeak selekzio ofiziala izatea eta bakean bizi denari selekzioa izateko eskubidea ukatzea. Erresistentzia espiritua belaunaldiz belaunaldi berpiztu ohi da. Oso pozgarria izan zen Bilbon nerabe kuadrilla osoak kamiseta berdeekin jantzita ikustea, telebistan existitzen ez den elastiko hori hain zuzen ere, youtuberrentzat ezezaguna dena, Tik-Tok-en ikusezina... Haur txiki askok betiko gogoratuko dute euren bizitzan ikusi zuten lehen futbol partida euskal selekzioarena izan zela, 2025eko azaroko larunbat gau batean. Transmisio emozionala ezagutza hedatzea bezain garrantzitsua da, eta indar handiagoa du. Hirugarren ondorioa: larunbateko arrakasta guztiz transbertsala izan zen. Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestinaren aldarrikapenek bat egin zuten modu naturalean, elkarrekin lotzen dituen haria sendoa delako: eskubideak eta askatasuna, hain sinple eta hain erraz. Norgehiagokaren inguruan Imanol Pradales lehendakariak egindako adierazpenak Arnaldo Otegik sina zitzakeen, berdin-berdin. Horrek frogatzen du euskal herritarren gehiengoa puntu horretan dagoela eta zenbait alderdi horretara egokitu beharrean direla. Aurreko garaietan, ekimen hau hainbeste babes ofizialekin aurrera atera ahal izango zen? Ardanzaren aroan ezetz esango nuke. Eta Urkullurenean? Zalantzan naiz. Gauza batzuk aldatzen ari dira, eta, sarritan gertatu bezala, gizartea politikarien aurretik doa. Berritasun edo aurrerapen horietako bat lurraldetasunaren ingurukoa da. Duela 15-20 urte eskas, euskal selekzioak urtero Gabonetan partida bat jokatzen zuenean, biziki zaila zen futbolari nafarrek parte hartzea. UPNk eta “Diario de Navarra”-k kontrako presioa egiten zuten, konpromisoak hartu behar ziren eta denak ez zeuden prest. Oso argigarria da abertzale eta euskaldun izateagatik nabarmentzen ez diren jokalariak hitzordura batu izana, gaur egun nafar arrunt batentzako Euskal Herria ordezkatzea naturala, positiboa, desiragarria ere badelako. Azken ondorioa: ultraeskuinaren gorakadak basamortuan zeharreko bidaia abiatzen du mundu osoan. Ez dakigu zeharkaldi hori motza edo luzea izango den, baina basamortu horretan Euskal Herria izeneko oasi bat dagoela gauza segurua da. Hori bai, ureztatu eta mimatu beharra dago, San Mames bera bezala. • Ez dakigu ultraeskuinak eragindako basamortuko zeharkaldia motza edo luzea izango den. Euskal oasia hor egongo da; ureztatu eta mimatu beharra, ere bai