GAUR8 - mila leiho zabalik
Interview
JULIO SOTO EZKURDIA

«Azkenaldian nire intereseko diren hausnarketa eta bide batzuk usaintzen ari naiz»

Iruñea, 1987. Hamabi final, sei txapela. Euskal Herriko Txapelketan ere fin aritua, bertso bide luzea eta oso propioa ibilia du. Gogoetarako grinak, begirada zorroztuak eta bizi duen garaiari kantatzeko premiak gidatzen dute Sotoren bertsoa.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Beste final bat.

Hamabigarren finala. Final asko dira. Esan nahi du aspaldi hasi nintzela txapelketan, urte asko direla eta alde batetik seinale ona da eta poza ere ematen dit. Esan nahi du urtez urte hor nagoela eta bertsolari bezala hazteko ilusioz oraindik.

Lehen finala 2010ean. Eta geroztik sei txapela. Zenbat Julio desberdin oholtzan...

Pertsona beti da bera. Mundu honetara zatozenetik zoazen arte, beti dago zure barruan aldatzen ez den zerbait. Aldi berean, badago mugitzen eta forma ematen joaten zaren beste zerbait. Sortzaile bezala, bertsolari bezala, forma eman zekiokeen horri forma ematen joan naiz. Bizitzak ematen dizun begiratu gero eta finago eta gero eta zehatzago horretatik egin dut lan azkenengo urteetan. Ni konturatzen naiz lehenbiziko txapela irabazi nuenetik gaur arte badaudela orduan kantatu nituen eta gaur kantatuko ez nituzkeen gauza asko. Eta gaur kantatu nahiko nituzkeenak garai hartan ez nituen ikusi ere egiten. Asebetetasun sentsazioa uzten dit urte hauetan landu zitekeena lantzeko intentzioa eta indarra jartzen aritu naizelako. Gero beti dena ez da nahi bezala ateratzen, badakigu bertsoa nahiko gauza bihurria dela, baina behintzat lana hor egon da beti.

Kanpotik polita da bertsolariak txapelketa bakoitzean dakarren trajea edo azala zein den sumatzen saiatzea.

Egia da beti ezinezkoa dela azalberrituta agertzea oholtzara, bi urteko tartea oso motza delako. Baina azken bi urte hauetan gauza asko gertatu dira gure herrian eta gure herritik kanpo. Gertatu den horretan guztian kokatze bat eskatzen dizu txapelketak eta batzuetan kokatze horretan azal berriak ere janzten dituzu edo orain bi urte ikusten ez zenituen gai batzuk zeharkatzen zaituzte. Horiek kanpotik ikusten badira, pozgarria da bertsolariarentzat. Gu beti aritzen gara egokitzen eta kokatzen, bertsoa momentuan gertatzen baita. Gaur bada finala, gaur kantatuko diogu munduari. Txapelketan bertsolariarentzat zailena hori da, zer azal edo zer ekarpen egin nahiko lukeen sentitzea. Bilaketan gabiltza. Ni ere hor nabil, aurtengo honetan zer ekarri nahiko nukeen usain hartzen. Usain bat hartu diot nahiko nukeenari, ilusioa badut eta usain horren aroma bat sentitu dadila Nafarroa Arenan.

Eta zein usain da?

Ez diot hitzik jarriko. Azkeneko urteetan ahalegintzen ari naiz kokatzen naizenetik, bizi naizen ingurutik, munduari begira. Eta hor nire gorputza eta izatea zeharkatzen duten eta mugitzen nauten gai horiek identifikatzen saiatzen naiz, eta gero horiei kantatzen. Ariketa interesgarriena delako zu benetan mugitzen zaituzten gaiak eta bideak aurkitzea, bestela besteek pentsatzen dutena eta ikusten dutena kantatzen bukatzen duzu. Bilaketa horretan azkenaldian nire intereseko diren hausnarketa eta bide batzuk usaintzen ari naiz. Gero zoriaren esku egongo da horiek atera ahal izatea.

Leitzako finalaurrekoan, «zerbait pulitzeko beharra» aipatu zenuen. Zer findu nahi duzu?

Hasteko eta behin energia, bai fisikoa eta bai mentala. Finalera ahalik eta indartsuen iristea da denon gogoa. Finalerdietan nabaritzen nuen argitasun eta indar falta nuela gorputz-buruan. Finalera osoago iritsi nahi nuke, energetikoki. Eta kontzentrazio aldetik presenteago egon nahiko nuke. Ahalik eta kokatuen iritsi nahiko nuke diskurtsiboki eta usain horien guztien inguruan, zeri eta nola kantatu nahiko niokeen identifikatuta.

Nafarroa Arenan izango da. Berritasuna denentzat.

Aurten txapelketari begira motibazio bila ibili behar izan dut pixka bat, final asko direlako eta horrek desgastea dakarrelako. Baina hurrengo Euskal Herrikoan kantatzeko ilusioa baneukan eta orduan Nafarroakoan etxeko-lanak egin behar ziren. Motibazioetako bat hori izan da niretzat, jakitea Nafarroa Arenan izango dela finala. Gogoa sortzen dit han kantatzeak.