DEC. 06 2025 Agur bat lagun maite Andereño Pepi. (FAMILIAK UTZITAKOA) Nerea Godoy Hezitzailea eta Bizipozako kidea Zer ote dute «erreferente» deitzen diegun pertsona horiek? Gure izaera, jarrera, pentsaera eta munduaren ikuskeran eragina duten pertsona horiek dira erreferenteak. Senideak, lagunak edota pertsonaia famatuak izan daitezke. Haiengan aurkitzen dugu eredu bat, ez goitik behera kopiatu nahi duguna, noski; baina bai bere ezaugarri batzuk geure egin nahi izateko modukoa. Ni oso pertsona aberatsa naiz alde horretatik, nire erreferente platonikoetako askoren lagun egin naizelako bizitzan. Batik bat, haurra nintzen garaitik miresten ditudan horiek, adiskide eta erreferente ditudalako orain. Besteak beste, Andereño Pepi. Irakasle funtzioa. Bagenuen unibertsitatean “Irakasle funtzioa” izeneko ikasgai bat. Esan zigutenagatik, berebiziko garrantzia zuena eta funtsezkoa zena praktikaldia behar bezala egiteko. Bertan ikasi genuen irakasleak nolako jarrera izan behar duen eta zein zeregin dituen. Andereño Pepi emakume handia zen, goxoa, indartsua, xamurra, alaia, irribarretsua, beroa, lasaigarria, jakintsua. Hitz bakar batean, magikoa. Gutxi gorabehera metro bat neurtzen duzunean, gora begira ibili behar duzu beti helduekin hitz egiteko, baina Pepik bere begirada haurrarenaren pare jarri eta begietatik begietara eta bihotzetik bihotzera hitz egiten zigun. Korroan, elkarren begiradak ikus genitzakeela ziurtatzen zuen eta zeinen politak eta anitzak ginen gogorarazten zigun egunero. Horixe baitzen gure ezaugarririk politena: norbera den bezalakoa izatea. Mina hartzen genuenean mediku bilakatzen zen eta min guztiak sendatzeko gai zen, azalekoak eta azalaren azpitik doazenak. Eskulanak egiten genituenean artista bilakatzen zen eta gu ere artista ginela sinetsarazten zigun; atzamarrak ezpainetan jarri eta muxuaren soinua eginez. Gure kezkak eta jakin-mina ospatu eta jolasaren bidez ikasgai bihurtzen zituen, bakoitzaren erraztasunei eta zailtasunei balioa emanez inor irrigarri utzi gabe. Horra hor, irakasle funtzioa. I(ra)kaslea. Bere muxuek bizipozaren soinua egiten zuten eta bere besarkadak bihotzean itsatsita geratzen ziren, une horretan behar genuenaren arabera forma bat edo beste hartuz. Pepik egunero ikasten zuen gurekin, edo hori zioen berak. Batere harroputza izan gabe, agerikoak ziren bere ahalegin eta esfortzuak. Salamancatik Euskal Herrira etorri zen eta, horrela, “señorita” zen bezala bihurtu zen “andereño”. Euskaran denontzako lekua dagoela ohartu zen eta halaxe aldarrikatu zuen beti, hamaika belaunaldi euskaraz eta euskaratik haziz eta heziz. Euskara gure mingainetan bizi den altxorra dela esaten zigun eta oharkabean ikasten genuen, sentituz, kantuz, jolastuz eta biziz. Esnatzen ginenetik berriz ere lotara joan arte euskaraz egin genezakeela erakutsi zigun. Pozetan, euskaraz barre, tristuretan, euskaraz negar, eta haserretzen zenean… katxiporreta! Euskaraz ere! Eta egia esan, ez dut haserre gogoratzen. Besoetan hartu gintuen gurasoei agur esan behar eta nahi ez genuenean, bere amantalean bildu zituen gure malkoak eta bere altzoan goxatu gintuen. Eta horrela, ikastola etxe bihurtu zigun bezala, gure etxeetako bat gehiago ere bihurtu zen. Gure etxeetako afalorduetan ez ziren falta «Andereño Pepik esan du…» hasten ziren istorioak. Gerora, «Andereño Pepik esaten zuen bezala» bihurtu zirenak, bere ikasle izandakoak irakasle, ingeniari, sukaldari, garbitzaile, mekanikari, mediku eta suhiltzaile bihurtu ginenean. Bihotzez irakatsitakoa bihotzez ikasten delako eta, hortaz, ahaztezin bilakatzen delako. Agur bihotzez. Gure aitona-amonak hiltzen zirenean, korroan horri buruz hitz egiteko tartea egiten zuen. Gertatutakoa azaldu, sentitutakoak partekatu eta elkarrekin hausnartzeko tartea eginez. Pertsona hori zeruan zegoela eta zerutik zeinen handiak egiten ari ginen ikusten zuela zin egiten zenigun. Hara, andereño, nolatan zaude zu gaur ba, bertan? Ezin dugu sinetsi, triste gaude, mina sentitzen dugu. Zurekin egon nahi dugu eta bihotzetik bihotzerainoko besarkada bat eman nahiko genizuke orain, bihotzean itsasten den horietako bat. Zuk ematen zenizkigunak bezalakoak. Gutako bakoitza besoetan hartu gintuzun bezain goxo har zaitzala lurrak. Izan ere, gure izaeran, jarreran, pentsaeran eta mundu ikuskeran eramango zaitugu beti. Inoiz, guraso izatea aukeratzen badugu, gure alaba-semeei zuri buruz hitz egingo diegu, gure gurasoei hitz egin genien miresmen berberaz. Maitasun berberaz. Gugan utzi zenuen aztarna gure bidean islatuz. Zorionekoak gu, ezagutu genuelako eta zorionekoak zuek, orain bere berri ere baduzuelako. Eskerrik asko eta beti arte, erreferente eta lagun maite. •