GAUR8 - mila leiho zabalik

Askatzen


«Zure umeak ez dira zure umeak/ bizitzaren seme-alabak dira/ bere buruaren egarri./ Ez datoz zugandik, zure bidez baizik/ eta zurekin dauden arren/ ez dira zure jabetza. / Zure maitasuna eman diezaiekezu, / ez zure pentsamenduak, ordea,/ haiek haien pentsamendu propioak dituzte-eta», dio Kahlil Gibranen poema batek. Haurra lehen aldiz gelditu da ikastolan etxeko inor gabe, eta horretarako gakoa nik askatzea izan da. Baita, haur bat hazteko tribu bat behar dela dioen erranera afrikarra gogoan, eta umiltasun lezio bat hartuta, delegatzea ere. Mendira joan naiz, eta ibili eta ibili egin dute nire oinek semea etorri arte. Konfiantza nuen ongi egonen zela eta zenbat gozatu dudan askatasuna!

«Beren gorputzak berotu ditzakezu, / baina ez beren arimak, horiek,/ biharko etxean bizi direlako, /ezin duzuna bisitatu / ezta ametsetan ere. / Beraiek bezalakoa izaten ahalegindu zaitezke, / baina ez saiatu zure antzekoak izan daitezen/ bizitzak ez baitu atzera egiten, / ezta iraganean gelditzen ere». Bizitza honetara ikastera gatoz, eta guk haurrei zerbait erakutsiko diegu, baina haiek dira etengabe ikastera bultzatzen gaituztenak. Oraingo ikasgai honetan, ulertzen ari naiz ezin dudala dena kontrolatu eta bizitzara ateratzeko prozesua erraztu behar diodala umeari.

Lehen emantzipazioa jaiotzea bera bada, bigarrena eskolatzea izan daiteke. Haurra pertsona bat da, eta dagoeneko bizitzan bere bidea egiten ari da. Ni, bitartean, bizitza libre eta lasai nola bizi daitekeen gogoetatzen ari naiz. Hezitzaileak deitu dit Unax hagitz ongi egon dela kontatzeko, eta hunkitu naiz lagun batek eskutik hartu eta ikaragarri lagundu diola erran didanean. «Eskuina edo ezkerra?», galdetu dit Unaxek. «Eskuina». Eta esku gainean bihotz bat ikusi diot, eta barnean “Amatto”. «Arku bat zara zeinetatik zure umeak gezi bizi bezala jaurtiak diren. / Utzi zure arkulariaren eskuaren inklinazioa zoriontasunerako izan dadin». •