GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUN URTEKO SOKA

Mendizaletasuna oso zabalduta dago euskal gizartean, baina duela ehun urte pasatxo ez zen inor joaten mendira. Zaletasuna non eta nola jaio zen azaltzeko, garai bakoitzean gailurretara igotzeko moduak gizartearen bilakaera islatzen duela erakusteko, «Mendia» izeneko erakusketa antolatu dute Donostiako San Telmo museoan. Maiatzak 18ra arte dago ikusgai.


Italiako lagunari esan nion ohitura galtzear zegoela, ia inork ez zuela mezurik uzten gailurretako postontzietan. Garai batean, esan nion, mendizaleek txartel bat uzten zuten, euren datuak idazten zituzten, iruzkinak, agurrak, oharrak. Hurrengo mendizaleak txartel hori jaso eta postaz bidaltzen zion aurrekoari, eta horrela frogatzen zuten gailur hura zapaldu izana. Ohitura horrek justu ehun urte beteko ditu aurten, «gero azalduko dizut», esan nion, «baina honezkero ia galduta dago».

Aralarko Malloetara igotzen ari ginen

«Galtzear dago», jarraitu nuen esaten, «eta orain jende askok telefonoarekin gailurreko argazkia atera eta momentuan zabaltzen du Whatsapp bidez, sare sozialetan jartzen du. Bat-batekotasunaren garaia da».

Malloetara igotzen ari ginen, hegoaldetik, eta elur sakonetan ez hondoratzearren, kareharri hautsien kaosean barneratu ginen. Harri zorrotzen gainean akrobaziatan ibili beharrak ez zigun gora begiratzen uzten. Halako batean, arnasa hartu genuenean, burua altxa eta tontorra gertu ikusi genuen. Perretxiko metaliko gorri bat zegoen Alborta mendiaren puntan. Postontzia. Gora iristean, lagun italiarrak eskua sartu zuen perretxiko metalikoan eta papertxo tolestu bat aurkitu zuen. Zabaldu, irakurtzen hasi eta ume baten letra zirudiela esan zidan. Bi izen zeuden: «Asier eta»… «Itxaron», esan nion, «nik asmatuko dut». «Asier eta Aimar dira?». «Bai, Asier Fanjul, 11 urte, Aimar Fanjul, 8 urte». Nire lagun Sergioren semeak. Euskal mendietan egiten dituzten espedizioen berri ematen dute blog polit batean (sergiofanjul.blogspot.com.es), eta banekien postontzietan mezuak uzten dituztela. Papertxoak zioenez, 2014ko abenduaren 13an egon ziren Albortako gailurrean, eta inork ez zuen jaso, hiru hilabete geroago gu iritsi arte. Euren helbidea jarri zutenez, etxera iristerakoan postaz bidali nien oharra, opari txiki batekin batera.

Mendizaletasuna, hiritarren ariketa

San Telmo museoan prestatu dugun erakusketan, mendizaletasunaren alde soziala azpimarratu nahi izan dugu bereziki. Ez dira falta puntako eskalatzaileak, zortzi mila metrotik gora burututako balentriak, espedizio historikoak, baina batez ere kontatu nahi izan dugu euskal gizartearen bilakaera nola islatu den mendira joateko moduan. Club Vasco de Camping elkarteak piztu zuen asmoa, Antxon Iturrizaren “Historia testimonial del montañismo vasco” liburu bilduma bikaina izan da kontakizunaren oinarria eta K6 eta Komodo enpresek burutu dute proiektua.

Postontzien kontuak, adibidez, asko esaten du euskal mendizaletasunaren jatorriaz. Lehen postontzia Anbotokoa izan zen, 1915ean. Eta zertarako jarri zuten? Mendi lehiaketak sustatzeko. Jendea mendira animatzeko. Club Deportivo Bilbaok hamabost tontorreko zerrenda bat erabaki zuen 1914an, hurrengo urtean zehar igo beharrekoak. Hamazortzi ibiltarik osatu zuten lehen bilduma hura, laster Ehun Mendien Lehiaketa izatera pasako zena. Eta igoera horiek baieztatzeko, gailurretako postontzietan txartelak uzteko ohitura sortu zuten.

Hor ikusten da mendizaletasuna hirietan sortu zela. XIX. mendearen amaieran, hiriak azkar handitu eta industrializatu zirenean, burgesiako zenbait gizonek kirola bultzatzeko kezka izan zuten. Hiri kutsatuetatik irten eta aire librean ariketa fisikoa egin, paisaiak miretsi, erlaxatu. Industria-gizonak ziren, ingeniariak, medikuak, enpresariak: Europako modak ezagutzen zituzten, sport egitearena adibidez, bizimodu osasuntsuagoa bultzatzeko kezka zuten eta afizio hori garatzeko dirua eta denbora libre nahikoa. Langileek ez zeukaten aukerarik, ezagutzarik, indarrik, fabriketatik edo meatzeetatik irten eta mendira joateko. Baina baldintza laboralak hobetu zirenean, zortzi orduko laneguna lortu zutenean, igandetako jaia, ordaindutako oporraldiak, orduan beraiek ere mendietara ateratzen hasi ziren.

Baionan eratu zen Euskal Herriko lehen mendi elkartea: Club Alpin Français-eko Section Basque, hain zuzen, 1898an. Baina garrantzitsuena Club Deportivo Bilbao izan zen, 1912an, Antxon Bandres tolosarraren gidaritzapean sortua. Bandresek Bizkaiko mendietara irteera oso jendetsuak antolatu zituen –ehunka, milaka lagun bildu zituen Pagasarrin edo Gorbeian–, komunikabideetan propaganda lan itzela egin eta Euskal Mendi Federazioaren sorrera bultzatu zuen 1924an.

Egun hartan, Elgetako balkoi batera irten eta plazan bildutako mendizaleei Federazioaren sorrera iragarri zienean, garaiko ideiak islatu zituen Bandresen hitzaldiak: «Guk, gizarteko klase apalak alkoholismotik, jokotik eta miseriatik atera ditugunok, milaka bulegari, behargin eta langile mendiko bide argitsuetara eraman ditugunok, ariketa zintzo, osasuntsu eta indartsu honekin hiritar talderik onena sortu dugu, euren herrialdea sutsuki maite dutenak, ezagutzen ikasi dutelako».

Bakarrik, ero, libre

Mendia jarduera berria zen eta ia dena asmatzeko zegoen. Elkarri sokaz lotutako mendizale taldeen lasterketak asmatu zituzten, martxa arautuak, gimnasia ariketa jendetsuak, eta gehienak aspaldiko ateraldi xelebreak bezala ikusten ditugu orain. Baina gaur arteko ibilbidea izan duten jarduera arrakastatsuei ere orduan ekin zieten. Aitzindari haien argazki, koaderno, agiri, bota, piolet, eski, lo-zaku eta abarrak ikusgai daude San Telmon.

Norvegiarrek, adibidez, badute txoko bat erakusketan: eurek ekarri zuten eskia Euskal Herrira. Tolosan Mustad fabrika muntatu zuten 1907an eta, 1908ko urtarrilean, elurra bota zuenean, gertuko malda batean tranpolin bat eraiki zuten. «Euskal baserritarrek ez zuten sekula halako erokeriarik ikusi eta oso ondo pasa zuten norvegiarren jauziak jarraitzen», idatzi zuen Jacob Vaage historialariak. «Baina Bernt Toppek hegaldi okerra egin zuen halako batean eta baserritar baten baratzera erori zen. Baserritarra sutan jarri zen eta biraoka bota zituen handik, arbiak izorratu zizkiotelako. Hala amaitu zen lehendabiziko eski saioa Tolosan». Mutil eta neska tolosar batzuk ere norvegiarrekin eskiatzen hasi ziren Aralarren, Ski Club Tolosano elkartea sortu eta laster Pirinio frantseseko lehiaketetan ere parte hartu zuten.

Urrutirago joan zen Andres Espinosa zornotzar txundigarria. 1920ko hamarkadan hasi zen mendiak igotzen, Pirinioetan, Europako Mendietan, beti bakarrik eta meritu handiko eskaladak bilatuz. 1929an, Alpeetako glaziar bat zapaltzera zihoala, bere bizitzan lehen aldiz jantzi zituen kranpoiak gomazko abarken gainean. Mont Blanc, Aiguille du Midi eta Cervinora igo zen, eta hurrengo urtean beste kontinente batzuetara jauzi egin zuen. «Bakarrik, ero eta libre, hiru hitz eder. Bakarrik, ero eta libre, oso handia den munduan barrena»: basamortua oinez zeharkatu, bidean galdu, beduino baten laguntza jaso eta Sinai mendia zapaldu ondoren idatzi zituen esaldiok. Sinairen ondoren, beste itsasontzi bat hartu, Kenyaraino nabigatu, oihan ekuatorialak zeharkatu eta Kilimanjaro igo zuen (5.895 m). Afrikako gailurrean, hurrengo ametsa hausnartzen hasiko zen agian, guztietan handiena eta zoroena.

Urte bat geroago, 1931ko ekainaren 22an, Atxuriko geltokian trena hartu zuen Espinosak. Jomuga: Himalaia. Gazte garaiko fantasien suak berotzen zion gogoa, ingelesen esplorazio epikoen kontakizunak irakurtzen zituen garaikoak. Marseillan laugarren klaseko txartela erosi zuen itsasontzi batean –ez zioten utzi nahi, klase pobreenean beltzak eta indiarrak soilik joaten zirelako, eta erreklamaziorik egingo ez zuela sinatu arazi zioten–, Indiaraino nabigatu zuen eta gero trenez iparralderantz joan zen, Himalaiaren magalean dagoen Darjeeling hirira iritsi arte. Ia hilabete behar izan zuen Bilbotik Himalaiara iristeko. Kangchenjungara (8.586 m.) zihoan espedizio alemaniarrarekin bat egiteko asmoa zuen Espinosak, baina ordurako mendirantz abiatuak ziren. Eta agintari britainiar kolonialek ez zioten utzi bakarrik Himalaian barneratzen. Bilboraino buelta egin behar izan zuen. Karta amorratuak idatzi zituen bidean, eta haietako batean mende erdiko aurrerapena zeukan ideia bat plazaratu zuen: «Ez al du honezkero euskal mendigoxalismoak bere lekua merezi Himalaian?».

Atxartetik Everestera

Alpeetara eta Himalaiara begiratzen hasiak zirenei, ordea, gerra eta diktadura frankistaren elurrausoa etorri zitzaien gainera. Akabo espedizioak, akabo mendi elkarte asko, akabo askatasuna. Mendia eremu susmagarria zen agintarientzat, kontrolatu beharrekoa: taldekako irteerak antolatzeko, derrigorrezkoa zen gobernadore zibilaren baimena, eta mendizale espia bat joaten zen txangoetan zer kantatzen zuten, zer esaten zuten, zein ikur edo bandera ateratzen zituzten zelatatzeko. Agintariek elkarte batzuk debekatu egin zituzten, eta, besteetako zuzendari izan ahal izateko, hautagaiek «egokitasun politikoaren» onespen ofiziala jaso behar zuten. Errenteriako Urdaburu taldeari abisua eman zioten euren bandera mendian jartzeagatik: gorria zen, susmagarria beraz.

Igandeetako txangoak oso goiz abiatzen ziren eta horrek mezetara joateko betebeharra zailtzen zuen. Baziren mendizale eta ehiztarientzako mezak, goizeko lauretan edo bostetan, baina polemikarik ere gertatu zen horietan: Maritxu Bilbaok, 1950eko hamarkadan kareharrizko monolitoetan eskalatzen aritu zenak, apaiz batek elizatik bota zuela kontatzen zuen. Arrazoia: emakume mendizaleek galtzak janzten zituzten eta hori eskandalua zen. Mendi elkarteek Bilboko gotzainarekin hitz egin eta neurri bat adostu zuten: emakumeak galtzak jantzita sartu ahal izango ziren tenpluetan, baina betiere gabardina batekin estalita.

1960tik aurrera, gutxi gorabehera, ohiturak modernizatzen hasi ziren. Loli Lopez Goñi, Pirinioetan eta Alpeetan eskalada deigarriak egin zituena, Goi Mendiko Taldean sartu zen adibidez. Eliteko talde hori sortzeko asmoa 1936an azaldu zen baina gerrak eta gerraosteak proiektu hori ere ito egin zuten: 1959ra arte itxaron behar izan zuten, taldea eratu eta eskaladako tekniketan trebatzen hasteko. Erakusketan ikusgai daude garai hartako eskalatzaileen gomazko abarkak eta kalamuzko sokak. Horrela sortu zen belaunaldi iraultzaile bat: Atxarteko hormatan hasi, eta, hogei urte geroago, Pirinioak, Alpeak, Andeak eta Himalaia urratsez urrats ezagutu ondoren, talde hartako zenbait kidek Everesteko igoeran parte hartu zuten.

San Telmon bi objektu bitxi daude bilakaera horren berri ematen dutenak, kirolaren eta gizartearen arloetan: ikurrina txiki bat eta arrosario bat.

Ikurrina arrakastaren eta eskandaluaren ikur izan zen 1967an. Atxarteko eskalatzaileek Peruko Andeetara espedizio bat antolatu zuten, euskal espedizio nazional baten izaera zeukana nolabait: erakunde publikoek, enpresa handiek, denda txikiek, mendi elkarteek dirua jarri zuten; zazpi eskalatzaileak euskal mendizaletasun osoaren punta ziren. Inork zapaldu gabeko hiru mendi igo zituzten, Uchuraju, Ayucuraju eta Atunraju, azken hori 5.987 metrokoa, Amerikan eskalatu gabe gelditzen zen altuena. Bueltakoan, lerroburu handiak, ongietorri jendetsuak, harrera ofizialak egin zizkieten. Baina hiru hilabete geroago Espainiako Federazioak karta anonimo bat jaso zuen, «mendizale euskaldun eta espainol talde batek» sinatutakoa, Andeetako espedizioaren emanaldi baten argazkietan «euskal bandera separatista bat» ikusi zutela salatzeko. Euskal Federazioari premiazko azalpenak eskatu zizkion Espainiakoak, mendizaleek zergatik ez zuten Espainiako bandera eraman, ikurrina zeinek eraman zuen, jertseetako koloreak zergatik ziren ikurrinaren berdinak. Andeetako mendizaleak atxilotuak izan ziren, Pedro Otegui Euskal Federazioaren zuzendaritzatik bota zuten, beste zuzendariek karguari uko egin zioten protesta moduan, milaka euskal mendizalek federatu txartelak itzuli zituzten, “Pyrenaica” aldizkaria desagertu egin zen… Arrakasta handiena lortu ondoren, euskal mendizaletasunaren instituzioak amildu egin ziren.

Arrosarioak, aldiz, ibilbide luze haren gailurra adierazten du, gailur metaforikoa eta fisikoa: Everest. Tximist espedizioa, enpresa batek babestutako lehenengoa, munduko tontorretik oso gertu gelditu zen 1974an. Sei urte geroago, Martin Zabaletak eta Pasang Tembak Everesteko tontorra zapaldu eta, orduan bai, ikurrina zabaldu zuten. Zabaletak kristalezko arrosario bat aurkitu zuen gailurrean, hiru hilabete lehenago Cichy eta Wielicki poloniarrek neguko lehen igoera historikoan utzitakoa. Zabaletak bere amari eraman zion arrosario hura, eta gero jakin zuen poloniarrei Juan Pablo II.a aita santuak emandakoa zela.

Gailurraz harago

Reinhold Messner izan zen zortzi mila metrotik gorako hamalau tontorrak igotzen lehena, 1986an. Zifra baino, estiloa izan zen baliotsuena: oxigeno artifizialik gabe, altuerako zamaketarien laguntzarik gabe, askotan bakarrik eta bide berriak zabalduz, esploratu egin zuen, giza ahalmenaren mugak pixka bat urrutirago eraman zituen.

Messnerrek ordura arteko «alpinismo nazionalista» kritikatu zuen, «soldaduen hizkerarekin» idazten zena, eta mendira hurbiltzeko modu sortzaile eta intimoagoa aldarrikatu zuen. Himalaian eskalada arinak hasi ziren orduan, muturreko zailtasun eta edertasuneko bideen bilaketa, neguko igoerak, ordura arte pentsaezinak ziren zeharkaldiak. Gailurrak «konkistatu» ondoren, aro berri honetan esplorazioa, estiloa eta bidearen etika aldarrikatu zituzten.

Euskaldunak ere ildo horretatik abiatu ziren: igoera arinak, mendi ezezagunak, konpromiso handiko eskaladak. Gehienetan ez zuten gailurra harrapatzen, zailtasuna eta esplorazioa hobesten zutelako. Abrego, Casimiro, San Sebastian, Zuloaga, Tamayo, De Pablo eta abarrek bidea zabaldu zioten hurrengo belaunaldiari. Azken urteetako alpinista eta eskalatzaile ezagunenen errepasoa egiten du San Telmo museoko erakusketak –Edurne Pasaban, Juanito Oiartzabal, Josune Bereziartu, Iñaki Ochoa de Olza…–, baina puntako kirolariok nondik ateratzen diren ahaztu gabe: iaz Euskal Federazioan eta Nafarroako Federazioan 40.299 mendizalek eman zuten izena, mila biztanleko hamalau federatuko proportzioa, alegia. Espainian, adibidez, 3,5ekoa da.

Mendian tradizioaren soka ezinbestekoa dela esan ohi du Alberto Iñurrategik. Aurrekoek egin zutenaren kontzientzia. Eta gurekin doazenen laguntza. Elkartasunaren garrantzia islatzeko, Albertok berak utzitako pieza hunkigarri bat dago erakusketan: anaia Felixen pioleta. Iñurrategitarrek kordada bikaina osatu zuten, Himalaian arrisku eta edertasun handiko eskaladak burutzeko. Baina 2000. urtean, Gasherbrum II mendia jaisten, Felix erori eta hil egin zen Albertoren aurrean. Hurrengo urtean, Albertok berreskuratu egin zuen Felixek ondoko Gasherbrum I mendian utzi zuen pioleta, eta anaia desagertuaren eskuari helduko balio bezala, piolet harekin amaitu zituen hamalau zortzimilakoak. «Igoera zail batean, elkarrekiko mendetasuna erabatekoa denean, zure segurtasuna konfiantzazko norbaiten eskutan egotea komeni da. Bere keinuak eta hitzak ulertu behar dituzu, ikuspegi berdina izan», dio Iñurrategik. «Soka-kidea dena da, alpinismoaren balorerik preziatuena».