JUN. 21 2014 Bostehun urteko «whatsappa» Ander Izagirre Mendi arteko zirku baten hondoan dago Itzalle, Zaraitzuko bailaran, Nafarroan, eta haitzarte bat zeharkatu behar da bertara iristeko. Herri txikia da, bakartua, eta arkitektura bikaina gordetzen du: harrizko etxe handiak, gotikoak, palazio itxurakoak. Armarriak dituzte fatxadatan, eta dobeladun ateak, eta leiho bikiak arku zorrotzekin. Eskualdeko garai bakarra ere hemen dago. Etxe horietako bati argazkiak ateratzen ari nintzela, 70 urte inguruko gizon bat etorri zitzaidan. –Oso etxe polita –esan nion. –Nik su emango nioke. –Sua? Zergatik? –Ba! Eta isilik gelditu zen, etxeari begira. –A ze hormatzarrak dituen –esan nuen–. Sarrerako arkua ere oso polita da. Eta horrelako leihoak, arkutxoekin, kategoriako etxeetan bakarrik egoten dira, e? –Lehenago, leiho hori bikoitza zen. Erdian harrizko zutabe txiki bat zeukan. Ikusten duzu faltan daukala, ezta? Duela urte batzuk gela horretan sukaldea jarri genuen eta arkuen arteko zutabea puskatu nuen, argi gehiago sar zedin. Badakizu, lehen ez zitzaien horrelako gauzei garrantzirik ematen. Berriz jarri beharko dugu, esan digute leiho baliotsuak direla horrelakoak… –Bai, oso leiho polita da. Gotikoa, ezta? –Leihoa? Leihotik barrura jateko nahikoa egotea, hori da garrantzitsua. Itzallen ibili eta gero, Arburuako Ama Birjinaren ermita bisitatu nahi nuen. Duela bostehun urte eraiki zuten mendi kasko batean, bailararen gainetik 400 metrora, ikusmira ederrarekin. Herriaren sarreran Arburuara zihoan pista bat ikusi nuen eta gizonari galdetu nion bidea nolakoa zen. –Todoterreno bat al duzu? –galdetu zidan. –Ez, furgoneta zahar bat. –Tira, bidea lur eta harrizkoa da eta ura pasatzeko zanga batzuk zabaldu dituzte, baina mantso bazoaz, gurpilak zangatan kontu handiarekin sartuz, nik uste dut igoko zarela… Beste gizon bat azaldu zen kale kantoian. Hari galdetu zion: –Zu ez al zinen behin doscaballos-arekin igo Arburuara? –Aspaldi! –Ba doscaballos-arekin igo bazinen –esan nion–, nik uste dut asmatuko dudala furgonetarekin igotzen. –Jakina! Baina ermitara iristen zarenean, abisua eman. Arraroa egin zitzaidan elkarri telefono zenbakiak ematen hastea, ermitatik deitzeko. –Ez, ez! Han kanpaia dago. Zuk kanpaia jo eta jakingo dugu iritsi zarela. Lasaiago geldituko gara. Hartxintxarrezko aldapa pikoan gora abiatu nintzen, harriak eta zuloak nola edo ahala saihestuz. Berrehun metro baino lehen, ikaratu egin nintzen. Furgonetaren behealdeari kolpe bat eman edo zangatan gurpilak ataskatuko nituela iruditu zitzaidan. Baina ezin nuen bueltarik eman, bidea estua zelako eta amildegi baten ertzetik zihoalako. Gorantz jarraitu nuen, izerdi hotzetan, kilometro erdi bat aurrerago zabalgune txiki bat topatu arte. Mila maniobra egin ondoren, furgonetari buelta eman nion eta beherantz begira aparkatu nuen, amildegiari ondo pegatuta. Oinez abiatu nintzen. Esan zidatena baino bide laburragoa zen: ordu eta erdian ermitaraino igo eta jaits daiteke, pinu, haritz eta ezpelen arteko bidetik. Arburuako ermita berrituta dago, zuri-zuri, distiratsu, harkaitzaren puntan. Zaraitzu hegoaldeko zazpi herrietatik prozesioak irteten dira ekaineko lehen igandean eta tontor honetan egiten dute topo. Zazpi Gurutzeen Erromeria da: Uskartze, Igari, Itzalle, Gorza, Izize, Galoze eta Erripaldako gurutzeak. Ermitatik Pirinioak ikusten dira iparraldera eta Arangoitiko mendilerroa hegoaldera. Zazpi herrietatik zenbat ikus daitezkeen kontatzen hasi nintzen… Eta Itzalleko bi gizonei oharra bidali behar niela gogoratu nuen, salbu nengoela adierazteko. Arburuako “wifira” konektatu nintzen. Kobertura dauka beti: kableari hiru aldiz tira egin nion eta kanpai hotsak Itzalleko zirkuan entzun ziren, ozen, alai, mendi batetik bestera.. • www.anderiza.com