JUL. 05 2014 Estekak arautzen Unai Gorrotxategi Gure izen-abizenak interneten bilatzeari «egosurfing» esaten diogu. Noizbait denok egin edo egingo dugun praktika da. Zer aurkituko ote du nitaz Google bilatzaileak? Facebook sare sozialeko pribatutasun aukerak ondo jarrita al dauzkat? Aurreko urteko isun hura azalduko al da oraindik? Antzeko galderak guztiok izan ditugu noizbait buruan jiraka. Izan ere, bilatzaileek gutaz esaten dutena garrantzia handikoa izan daiteke. Lana bilatzeko, adibidez. Horregatik da horren garrantzitsua pribatutasunaz kontziente izatea. Informazio pertsonala non eta zeinekin partekatzen dugun zehatz-mehatz jakitea funtsezkoa da. Eta gure buruaz informazio okerra edo gezurra dioen webgune bat topatzen badugu? Informazio hori egia ala okerra izan, gure izenari txertatuta geratuko da Interneten. Bidezkoa al da? Horren harira Europar Batasunean Interneteko ahazteko eskubidea bermatzen da orain. Pertsona publikoa ez den edozeinek, Google edo beste bilatzaile guztiei gure buruari buruzko informazioa ezabatzeko eskatzeko aukera izango du. Mikel Iturriak dioen bezala (http://eibar.org/blogak/iturri/ahazteko-eskubidea-vs-memoria-babesteko-eskubidea), non hasi eta bukatzen da eskubide hau? Artikulu honetan, Iturriak Gipuzkoako Diputaziotik lapurtutako plakaren harira idatzitako albistea aztertzen digu. Gai korapilatsua da eta asko idatzi da honen inguruan. Batzuek informazioa ezkutatzea edo zentsuratzea dela diote. Non dago ahazteko eskubidea eta memoria babesteko eskubidearen arteko muga? Interneten guri buruzko informazio asko egon daiteke. Ona eta txarra izan daiteke, baina noraino iristen da informazio jakin bat ezkutatzeko gure eskubidea? Ez da kasualitatea bilatzaileak salaketa eta lege hauen jo puntuan egotea. Oso zaila da Internet arautzea. Beraz, sare osoa arautu beharrean, jendeak informazioa aurkitzeko erabiltzen dituen tresnak arautzeari ekiten diote. Kasu gehienetan, bilatzaileak dira tresna hauek, baina albiste agregatzaileak ere talde honetan sar ditzakegu. Bilatzaileekin lotuta, Estatu espainiarrean ezarri nahi duten kanon berri bat aipatu beharra dago. SGAEren kanonaren antzekoa sortu nahi dute Interneten konpartitzen diren estekak erregulatzeko. AEDE kanona edo “Google tasa” izenez ezagutzen da neurri berri hau. Lege hau indarrean jartzen bada, Estatu espainiarrean publikatutako albisteak estekatzeagatik ordaindu egin beharko da. Kanon berri hau Google eta Meneame (Euskal Herrian Zabaldu.com izenez ezagutzen genuen zerbitzuaren bikia) bezalako zerbitzuek ordaindu beharko dute. Kanon honen helburua komunikabide nagusien gainbeheran galga jartzea den arren (beraiek bilduko lukete diru gehien kanon honen bitartez), edozein blog eta komunikabideri eragingo lioke. Edukien egileek ezingo diote kanon honi uko egin. Gure edukia Creative Commons lizentzia libreetan jartzen badugu ere, kanon honi dagokion tasa kobratu egingo da (nahiz eta edukiaren egileak diru hori ez erreklamatu). Interneteko logikaren aurka doan neurria den arren, ohituta gaude Estatu espainiarrean halako legeen zirriborroak ikusten. Ba al dago Euskal Herrian honen inguruko eztabaidarik? Edukien eta komunikazioaren industriak diseinatutako lege proposamen hau aurrera ateratzen bada, Estatu espainiarretik webgune askok alde egin beharko dute, Meneame berak kasu. Eta zer gertatuko da Google erraldoiarekin? Zer gertatuko litzateke Google bilatzaileak AEDE taldeko komunikabideen esteka guztiak ezabatuko balitu? Zeinek dauka bestearen behar gehiago? Komunikabideek? Informazioa indexatzen dutenek? Ikusiko dugu. •