JUL. 11 2014 Dolomitak Laboarekin Joxean Agirre Bi eratako turistak daude, konpultsiboak eta kontenplatiboak. Turista konpultsiboa ezin da leku batean geldirik egon, edonon dagoelarik ere, hurrengoa, ezagutzen ez duena, ederresten duelako. Askok uste dute japoniarrak direla konpultsiboenak, baina batzuok haiek txiki uzten ditugu. Demagun Veneziara joan garela enegarren aldiz, eta, japoniarren atzetik, bazter auzoetako kale galduetara abiatuko gara zerbait “benetakoagoaren” bila. Biharamunean, Dolomitak zeharkatu eta Meranoko bailara ikusgarriei begirada laburra bota ostean denbora galtzen ari ote garen susmaturik, Tiroleraino jarraituko dugu, eta, ibilgailuaren seguruak Austriako muga gainditzen utziko baligu, Alpeak korrituko genituen. Beti miretsi izan ditut turista kontenplatiboak, eskualde oso baten izaera terrazatik mugitu gabe atzeman daitekeela uste dutenak, lekuan lekuko ardo bat dastatuz eta spritz bat aurrean dutela gogoeta luzeak egiten baitituzte, aurretik igarotzen den jendeari begira. Abiadura handiko ibili behar horretan, hala ere, atseden tarte batzuk izan ditut Mari Sol Bastidaren “Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat” irakurtzeko eta bikaina iruditu zait, atal bat izan ezik, bikote krisialdiari dagokiona. Fama txarra dute idazle eta artista handien alargunek idatzitako biografiek. Hau salbuespena da. Askotan errepikatu izan da ez dela oroitzapen liburuena euskaldunon artean onespen handia duen generoa. Ez dirudi topiko hau ere egia denik. Mari Sol Bastidarenarekin bateratsu atera da Julen Madariagaren “Egiari zor”. Hor daude Txillardegiren lan zenbait eta Amurizaren “Enaz banaz” bikaina. Hor daude gazteleraz Nestor Basterretxearen eta Mariasun Landarenak ere. Ranking horretan oso goian jartzeko modukoa da Mari Solek idatzitako liburua. •