GAUR8 - mila leiho zabalik

Erlijioa


Erlijio andre-gizonekin nahiko amorratuta nago. Jaungoiko baten izenean gerrak bultzatzen dituztenekin sudur puntaraino. Jaungoiko haien izenean euren ideiak inposatu nahi dituztenekin nazkatuta, eta horrela, ezin dut ulertu zer gertatzen ari den mundu zoro honetan.

Egia esan, kezkatuta nago, erlijioa hartzen ari den protagonismoarekin. Erlijioa aitzakiatzat erabilita, muturreko ideien alde egiten dute askok. Zergatik ez doaz denak pikutara eta uzten gaituzte lasai bizitzen? Zergatik gu konbentzitu? Eta gu bekatariak salbatu?... esana erlijio aitzakiatzat erabilita, batzuek muturreko ideiak inposatu nahi dizkigute, eta txarrena: asko erori dira euren erokerietan.

Orain gutxi, emakume bati entzun nion esaten berak errespetatzen zuela “burka” eroatea eta argudiatu zuen esanez kulturala dela. Emakume horri esan nion batzuentzat kulturala zela ablazioa, beste batzuentzat tratu txarrak ematea, desberdintasunak bultzatzea, bazterketak defendatzea... nork jartzen du “kultura” titulu hori? Gehiengoak? Herritarrek? Jaungoikoen esanak?...

Uste dut zintzoak izan behar dugula eta badela sasoia «erlijio uholde zapaltzailearen» aurka borrokatzen hasteko. Urte gutxian, atzera pauso larregi ematen ari garelako gizarte honetan. Eta txarrena, “progre” jartzen garenean, gai gara justifika ezin ditzakegun jarrerak ulertzeko eta defendatzeko. Benetan krisian gaude!

Nik behintzat, ez nuke inoiz jaungoikoen izenen bat erabiliko beste pertsonaren baten argudioak gutxiesteko, baina batzuk ez daude horretan, ideia zapaltzaileenak bultzatzeko “jaungoikoa” bera ere asmatu dutelako. Gaur bertan “Jehovaren lekuko” batzuk kanporatu ditut nire laneko bulegotik, egia esan, infernura joango naiz, baina… gustura sentitu naiz.. •