SEP. 06 2014 Lorea eta Josu Iratxe Esnaola Losu eta Lorea. Hori da aste honetan maila pertsonalean gehien ukitu nauen binomioa. Josu Waliño Pizarro eta Lorea Arakistain Azpiri: puntuEUS egitasmoko lantalde berria, puntuEUS egitasmoaren fase berrirako. Urteak pasa dira puntuEUS jaio zenetik. Urteak behar izan ditugu .EUS domeinua lortu eta martxan jartzeko. Eta zaila da urte horietan guztietan lanean aritu den lantaldea definitzea. Pertsona askok egin dute .EUS domeinua posible. Argazkietan atera ez diren pertsona anonimo askoren elkarlana beharrezkoa izan da .EUS errealitate bilakatzeko. Horien guztien ekarpenekin lortu genuen. Horien guztien ekarpenik gabe, ez zen posible izango. 2014ko apirilaren 15ean sareratu genuen .EUS domeinua, www.domeinuak.eus webgunearekin. Historian idatz daitekeen eguna da batzuontzat. Egun handia. Berezia. Urteetan itxarondako eguna. Eta horrekin .EUS domeinuaren benetako ibilbidea hasi zen, bere fase ezberdinekin. Ekainaren 28an 92 puntuEUS Aitzindariak aktibatu genituen eta, horrekin, .EUS domeinuak behar eta merezi duen babes zabala agerian utzi nahi izan genuen. Hori zen fase horren helburua: .EUS domeinua komunitate oso baten domeinua dela erakustea. Fase horretan ere entitate ezberdin askoren elkarlana eta gogoa ezinbestekoak izan dira .EUS domeinuaren arrakastarako. Eta laguntza horri esker, gure helburua bete genuela esango nuke, inongo dardararik gabe. Aitzindariak aitzindari izango dira beti, baina oporren ondotik, badator .EUS domeinuaren faserik indartsuena: abiarazte aldia. Abiarazte aldian .EUS eskuragarri egongo da interesa duen ororentzat. Eta irekiera horrek etapa berri eta bizi bat iragartzen du, non .EUS domeinuak bere benetako lehen zabalkunde garrantzitsua biziko duen. Etapa berri honek, ezinbestean, lantalde berria eskatzen du: puntuEUS egitasmoari soilik begiratuko dion lantalde bat; .EUS domeinua egonkor eta iraunkor bilakatuko duena; .EUS domeinua euskara eta euskal kulturaren komunitatearen zerbitzura jarri eta berau kohesionatzeko tresna gisa garatuko duena; .EUS domeinua, sinbolo bat izatetik, tresna izatera pasako duena; finean, .EUS domeinua euskararen herriaren erronka berriei erantzuteko tresna gisa finkatuko duena. Etapa berri horri erantzuteko, PuntuEus Fundazioak oro har eta nik, maila partikularrean, konfiantza osoa dugu Lorearengan eta Josurengan. Konfiantza osoa dugu euren ibilbide eta profesionaltasunean, baita euren gogo eta ilusioan ere. .EUS domeinuak horrelako lantalde bat behar du: proiektuan sinesten duena; .EUS domeinuaren potentzialtasuna sentitzen duena; lantalde indartsua eta ilusionatua; eta arduraz eta profesionaltasunez arituko dena. Arestian aipatu bezala, pertsona askoren ekarpenek egin dute posible .EUS domeinua. Eta egia da ere, horren guztiaren koordinazioa eta gidaritza nik eraman dudala. Horregatik, datozen hilabeteetan Lorearen eta Josuren eskutik joango naiz ni ere, baina jada lekukoa pasa dudala sentitzera iritsi naiz. Eta lasai egin dut gainera, konfiantzan. Ederra da hori. Eta eskertzekoa. Hainbeste denbora eta lan eskatu duen proiektu baterako lantalde berri bat sortzerakoan, lasaitasuna sentitzea bezalakorik ez dagoelako. Ziur naiz .EUS domeinuak datozen hilabete eta urteetan dituen erronkei ondo baino hobeto erantzungo dietela Loreak eta Josuk. Eta ibilbide oparoa opa diet. Ni beti izango naute hor, behar dutenerako, .EUS domeinuak izango nauen bezala. Ezinezkoa zait kontrakorik eskaintzea hainbeste maite dudan proiektu honi. Zuena da lekukoa, zuena ardura. Segi .EUS domeinua prestigioz janzten. Bihotzez: animo, zorte on eta eskerrik asko bioi. •