DEC. 20 2014 PP eta presoak: munstroa, munstrokeriak eta beste Mikel Zubimendi Esperantza, antza, esperoan datza. Eta itxaron egin beharko da, beste behin ere, Frantziako kartzeletan euskal preso andana batek egin dituzten urteak Espainiakoetan egin beharrekoei kenduko zaizkien ikusteko. Espainiako Auzitegi Gorenak atzeratu egin du espetxealdiak batzeari buruzko erabakia. Kalean egon zitezkeen 50 anai-arreba inguruk preso segituko dute, intentzio maltzur osoz haizatutako eskandaluen eta alarma sozialen kolpeka, enegarrenez, PPk ad hoc legislatu duelako. Hamarnaka euskal preso euren zigorrak majo beteta kaleratzen ikusi baino, argazki hori politikoki digeritzeko aurrelanak eta pedagogia egoki bat landu baino, europar direktiben letra eta izpirituak lotsagabeki bihurritzea erabaki dute. Zabar, tranpati, maltzur eta mendekati. Salbuespena legalizatu nahi du PPk. Europak teorian agintzen dituen legalitate printzipioa eta ziurtasun juridikoa azpiratu ditu eta, jada, batere susmagarria ez zaigun moduan legislatu du, azken orduan, presaka, bere inboluzio politikari eusteko. Oinarrizko estandarrak, logika juridikoa, Europako direktibak... ez dute horiek PPren erabakia gidatzen. Legalitatearen bidezidorrak ibiltzeaz gain, presoen gaiak ezinbestekoa du hemen, Euskal Herrian, beste jardun bat. Jakina, legearen aukera oro ondo baliatuz, lege mailako bataila oro ondo prestatuz, abokatuen pertseberantzia tope eta ahal duten lan saiatuena beti, eta beteki, eskatzen dituena. Baina seinale on bat, emisio argia, politikakeria oro gaindituko duen banda zabaleko frekuentzia herritarra behar da. Komunikabideek (atsekabez, baita ETBk ere) presoen askatzean muntatzen dituzten sentsazionalismo horizale eta instintu baxuak xaxatuz izurria bezala ugaldu diren telebista tertulia, aurrefabrikatutako alarma sozial horiez gain, beste seriotasun bat, beste maila bat behar da. Zeren badirudi, zalaparta horietan edo aski antzu diren zahar usaineko salaketa eskemen kiribilean kateatua ez bada, presoen gaiak baduela tirantza natural bat ahanzturarantz, haien egoera paisaiaren parte egiten dela, normaltasun baten baitakoa. Ohikeria informatiboagatik, ustez inportanteagoak diren beste lehentasun politiko edo batek daki zergatik, baina badago joera hori. Arriskutsua da. Eta ezer gutxi laguntzen du presoen gaiaren frekuentzian emititzen duten egitasmo, sigla eta txikimundu ezberdinek adierazten duten fragmentazioak, nolabaiteko nora ezak. PPk ez du politika egingo kaleratzeak errazteko «birgizarteratze» edo bide legalen aukerak zabalik uzteko. Deitu «Langraiz bidea», deitu «EPPK bidea», deitu «Hitzeman» edo dena delakoa... igual zait, PPren begietan eta asmoetan den-denak daude, bide bezala, «hilda». Bistan da PPk urteetan elikatu duela munstro bat eta ez diola bazka emateari utziko. Eta Espainian alternantzia (ala alternatiba erradikal) baten hipotesia egia bihurtuta ere, munstroak gosez segituko duela, ez dituela gauzak erraztuko. Besterik da, baina, bide legaletako barrikada horrek ez duela Euskal Herrian beste bide batzuk jorratzea oztopatzen. Ez duela elkarbizitzaren alorrean ekitea, presoen eskubideen aldeko zentzu komun berritu batek plaza publikoa bereganatzea edo errelatoaren aitzakian alderdien arteko labankaden borroka desolatu horiek gainditzea eragozten. Ez duela ezinezko egiten presoen gaia lehentasun moduan lantzea, diseinu berriak entseatzea, arriskuak hartzea... alegia, beste argitasun bat ematea. Horretarako jende ona behar da, azpitik eta umil lan asko egingo dutenak, daudenen artean prestuenak edo hortxe nonbaitekoak. Jakina horrekin bakarrik ez dugula bat-batean PPren politika aldatuko. Anormala, estandar demokratiko eta logika juridiko oroz gain mendekuzalea izaten jarraituko du. PPri begiratu bainoago, denok, orain eta nonahi gaudenok, hobe genuke atzeratuta eta egiteke dauzkagun etxeko lanei oratzea. Euskal jendea bezainbat, segur aski gehiago, euskal presoak beraiek poztuko liratekeelakoan nago. Eta hori asko da, ikaragarria. • PPri begiratu bainoago, denok, orain eta nonahi gaudenok, hobe genuke egiteke dauzkagun etxeko lanei oratzea. Euskal jendea bezainbat, segur aski gehiago, presoak beraiek poztuko liratekeelako