GAUR8 - mila leiho zabalik

Ufa...


Ia lau orduko bilkura bat egin dugu Donostian, hitzaldiak, sareak, bilerak, kartelak, pegatinak... kontu pila bat izan ditugu langai. Energia handirik gabe jaiki naiz, baina, kideek beharbada nabarituko zidaten arren, ez dut adierazi. Ez diet adierazi nola sentitzen naizen, nola nengoen hemen eta orain, ez diet galdetu zer moduz dauden eta haiek ere ez didate galdetu. Bilkuran hitz egin beharrekoez hitz egin eta bukatu dugu. Bagoaz korrika eta presaka beste bilkura batera edo etxera, pilatesera, yogara, psikologora, naturistarengana edo masajistarengana.

«Ez dakit nondik hasi, sinmas, hainbestean, hementxe, ongi esan beharko, segi eta segi, tirando, besterik gabe, nekatuta...». Azkenaldian inguruan, hainbat militanteren ahotik entzun eta gorputzetik sentitutako adierazpenak dira hauek. Zer moduz galdegin diot kideari eta «ufa...» luze bat erantzun dit. Erantzun hori behin baino gehiagotan entzun eta eman izan dut. Nondik hasi... Askotan nahi edo behar bezainbeste elkarri galdetzen ez diogun galdera izanik, kosta egiten da. Entrenamendu faltagatik esapide hutsetan gelditzen naiz, eta kosta egiten zait aliantza eta elkarlan espazioetan ni naizen guzti horrekin agertzea, adieraztea.

«Zer moduz zaude? Zer moduz gaude?» galdetzea, elkar entzuteko tartea hartzea, elkar babesteko estrategiak lantzea eta gozatzeko eta ongi pasatzeko ekinbideak aurreikustea ere badirelako etorkizun berri bat eraikitzeko pausoak. Bihar gure desioez, egoeraz eta nahiez hitz egitea proposatuko dut bileran, edo dantzatzera irtetea edo potetxo bat hartzea ondoko tabernan, zuritoa eta azeitunak lagun. Amaierarik gabeko gai ordenak itxaron dezake, erronka handiek ere bai, ez ote gara pertsona zoriontsurik gabeko iraultza egiten ari? •