GAUR8 - mila leiho zabalik

Nola dakigu ikasi dugula?


Afrikar tribu bateko kideek ohitura ederra omen dute. Norbaitek desegokia den zerbait egiten duenean, herrixkaren erdialdera eraman eta inguratu egiten dute. Bi egunez, dagoeneko egin dituen gauza onak esaten dizkiote. Tribu horrek pentsatzen omen du gutako bakoitza mundura pertsona on gisa etorri dela. Akatsak, desio dugun segurtasuna, maitasuna, bakea eta zoriontasuna eskuratzeko ahaleginean egiten ditugu. Komunitateak akats horiek laguntza oihu gisa entzuten ditu. Tribua elkartzen da pertsona horri benetan zein den gogorazteko, eta bere izatearekin galdu duen lotura berreskuratu arte inguratzen du, bere egia oroitu arte: «Ni zintzoa naiz».

Sawabona Hegoafrikan erabilitako agurra da; “nik errespetatu eta baloratzen zaitut, garrantzitsua zara niretzat” esan nahi du. Agur horri shikoba erantzuten diote; “orduan, zuretzat existitzen dut” esan nahi du.

Azterketa eta ebaluazio garaia bihurtu dugun honetan ez ote ditugu gure ikasleak, sarritan, bere ezinen eta lortu gabeko guztien erdian jartzen? Nola, zertarako eta zeinentzako ebaluatzen ote ditugu?

Galdetuko baligukete ea nola dakigun ikasi dugula inork gutxik esango omen luke azterketa gainditu duelako dakiela. Haatik, azterketak dira modurik ohikoena gure ikasleen jakintza balioesteko.

Baina zer gertatzen da ezagutzekin? Gutako gehienok azterketa egiteko garaian bagenituen, eta, azterketa ondoren, ez. Hezitzaile kolonbiar bati entzun genion esaten ikasle on eta txar gisa sailkatzen gaituztela. Kaskarrei azterketa aurreko bost minutuetan ahanzten zaie ikasitakoa, eta, onei, azterketa egin eta bost minutura. Horra hor, batzuen eta besteen arteko aldea!

Azterketak balio al die ikasleei, ordea, notez gain ikasteko beste arrazoi batzuk badirela ikusteko? Eta guri, berriz, azterketak ez ote zaizkigu tresna baino helburu bihurtu? Ebaluatzeko modua berrasmatu beharrean gaude.

Pentsa dezakegu ikaskuntza-irakaskuntzaren prozesuak laguntzeko helburua duen ebaluazio batean, ebaluazio formatiboan: ikaskuntza prozesuak hobetzeko, ikasle bakoitzak gehiago eta hobeto ikasteko; hezitzaileek beren jarduna egunez egun hobetzeko; eta ikasgelako martxa hobetzeko.

Pentsa dezakegu, bestalde, hezitzailearekin elkarlanean ikasleek parte hartzen duten ebaluazio-prozesuan, ebaluazio partekatuan, demokratikoan. Izan ere, ebaluazioak inplikazio etiko indartsuak ditu, zerikusi zuzena du boterearen erabilerarekin. Haiekin eztabaidatu beharko genituzke ebaluazio irizpideetatik hasi eta beren azken inplikaziora arte. Eredu demokratikoa erabili dutenek ikusi dute emaitza, ikasleen parte hartzea eta elkarbizitza hobetu egin da gelan.

«Zertarako ebaluatu nahi dut? Norentzat ebaluatu nahi dut?». Erabaki beharko genuke ikasleak kalifikatzeko edo irakaspenak hobetzeko ebaluatu nahi dugun, azken finean. Horren arabera aukeratu beharko dugu zertan eman denbora gehiago eta zertan egin gure ahalegina: ikasleei nota jartzen soilik edota denbora eta ahalegin hori erabiliko dugun, batez ere, gure ikasleek gehiago eta hobeto ikas dezaten, eta guk, hezitzaile gisa, pixkanaka hobe dezagun.

Hezitzaileagoak, demokratikoagoak eta formatiboagoak diren ebaluazio-ereduetan sakondu beharko genuke...

Etxerako bidean Mikelekin egin dut topo. Aulki gurpildunetik begiratzen dio munduari aspaldi. Hezitzaile begiak dauzka berak ere, urte askotan eskolak eman baitzituen.

Azkar batean agurtu dut, etxean zuzentzeko zain ditudan azterketa pila deika dudala. Nire pauso eroari harriduraz begira dudan Mikelek hauxe esan dit: «Zoriontsua da edo ez da zoriontsua izan beharko luke notak».

Une batez nire pausoa mantsotu eta hitz haiek atzean gorderik duten mezuak ihes egin ez diezadan tinko eusten ahalegindu naiz. Sawabona esan behar diet nire ikasleei, ea haiengandik shikoba entzuteko zoria dudan! •