JUN. 27 2015 GKO GALLERY Euskal disenatzaile eta artisten lanak babestu eta plazaratzen dituen proiektua Diziplina askotako euskal artisten eta disenatzaileen lanak biltzen ditu Tolosako alde zaharreko galeriak. Ausarta. Besteak ixten ari zirenean ireki zituen ateak, orain zortzi urte, bultzatzaileek erabat sinesten zutelako, eta dutelako, proiektuan. Heltzen zaizkien lanen kalitatea goraipatzen dute. Belaunaldi berrian «loraldia» dagoela diote. Oihane Larretxea de la Granja Galeriara sartu bezain pronto begirada erotu egiten zaio bisitariari. Zentzu onenean. Zenbat kolore. Zenbat forma. Zenbat talentu. Antsietatea, ikusmira, ikusmina, hau, hura eta bestea zer eta norena den jakiteko, sinaduraren atzean nor ezkutatzen den deskubritzeko. Eta poza sentituko du bisitariak sortzaileak gertukoak, oso gertukoak, direla jakitean. Euskal herritarrak. Bertan egina. Bertan sortua. Bertan saldua mundura zabaltzeko. Artea. Margoak, serigrafiak, inpresio digitalak… Moda. Soinekoak, galtzak, poltsak, bitxiak… Euskal artea eta diseinua. Eusko labela. Lau paretetatik zintzilik artea eta moda daude, baina lau hormen artean pasioa arnasten da, amets bat eskuratzeko egiten den lasterketaren indarra eta ilusioa. Garikoitz C. Murua donostiarrak eta Kizkitza Lasa leaburuarrak zabaldu dizkigute GKO Gallery-ren ateak. Proiektuak lehen taupadak orain zortzi urte eman zituen, krisiaren lehen mehatxuak heldu zirenean, adituen iragarpenek gerturatzen ari ziren garaiak oparoak izango ez zirela ziotenean. Fundatzaileak Murua eta Kamilo Rodriguez txiletarra dira. Horregatik, proiektuak berak beste egoitza bat du Santiago de Txilen: GKO Factoria. Hala ere, batak ez du bestearen ibilbidea markatzen, sustraia bera izan arren, eta bakoitzak bere funtzioa betetzen du. Ozeanoaren beste aldean street art edo kaleko artea eta zientzia uztartzen dituzte, besteak beste, adibidez, kreatibitatearen bidez ingurumenarekiko kontzientziazioa lortzeko. Antza, antagonikoak diren bi esparruk bat egitea lortzen dute, arrakasta handiz gainera. «Oso oso potente» ari direla dio Muruak. Tolosan berriz, proiektuaren aurpegia Murua eta Lasa dira, elkarren ondoan lan eta lan. Galerian arte erakusketak antolatzeaz gain, concept store bezala ezagutzen den formatua eskaintzen dute: autore jakin batzuek egindako pieza bakarrak daude eskuragarri. Sortzaileen loraldia Baina joan gaitezen polikiago; izan ere, aurrean dagoena ulertzeko, ezinbestekoa da atzean dagoena ezagutzea. Xedea eta esentzia euskal sortzaileei babesa ematea da, beren ibilbide artistikoan sostengua ematea. Hitz gutxitan: ezagutzera emateko plataforma izan nahi du autoreentzat GKO Galleryk. Judas Arrieta, Blami, Imanol Aizpuru, Elena Odriozola, Iñaki Epelde, Pili Aguado, Eli Garmendia, Xabier XTRM … asko dira bertan lekua topatu dutenak. Lasak kontatzen duenez, urtean sei-zazpi erakusketa antolatzen dituzte, bisitari asko erakarriz. Hala ere, eta jendeak denbora gehiago izan dezan horiez gozatzeko, hurrengo urtetik aurrera kopurua murriztuko dute ziur asko. Aldi berean, artea eta moda dago salgai. Talentua «itzela» dela diote biek ala biek. «Uste dugu oso aro ona bizitzen ari garela; uneotan oso esplosiboa izaten ari da –dio Muruak–. Azken hiru urteotan jende asko animatu da halako proiektuetara, eta lehenagotik zeudenek esperientzia bereganatu dute orain. Lehen kosta egiten zitzaigun jendea bilatzea, eta orain, jendea da gugana datorrena». Ezbairik gabe, euskal sortzaileek duten «kalitate handia» azpimarratzen dute. Euren ustez, badago belaunaldi bat, gaur egun 25 eta 35 urte artean dituzten gazteena, kanpoan gauza asko ikusi eta etxera bueltatzen ari dena hori guztia garatzeko. «Belaunaldi hori oso gogotsu dator, loraldia bizitzen ari gara, eta gora doa», ohartarazten dute. Hastapenetako helburua street art izenez ezagutzen den artisten lana bideratzea bazen ere, horrez gain, gaur egun artista heldu asko bertaratzen dira beren lan batzuk kudeatzeko, eta horrek ematen die galeria baten formatu formala. «Guri Euskal Herriko artisten etapa hau interesatzen zaigu, potentzialtasun hau, gu izan behar gara erreferente. Gure helburua loraldi honen ispilua izatea da, marka bat, identitate bat utzi nahi dugu historia horretan… eta pixkanaka lortzen ari garela uste dugu. Hori da satisfakziorik handiena», dio Muruak. Garai zailak bizi izan dituztela ere ez dute ezkutatzen. «Denak ixtear zeudenean ireki genuen guk, baina ez pentsatuz negozioa egingo genuela, baizik edo ‘orain edo sekula ez’ zela uste genuelako», gogoratzen dute. «Hasi ginen eta ez genuen asmatu, eta oso gogorra izan zen, galera asko, irabazirik ez… hala ere, sinetsita ginen mantendu zitekeela», dio Lasak. Lanaz eta esfortzuz, bide onetik doaz, urrats txikiak eginez, Lasak elkarrizketan behin baino gehiago aipatzen duen moduan, zeren eta jakin badakite galeriaren proiektua ez dela gauetik egunera lortzen. «Behar da, batetik, jendearen konfiantza; bestetik, artistena, eta, azkenik, bezeroena. Eta hori hogeita hamar urteko lana da», Muruaren iritziz, nahiz eta ohartu diren «profesionaltasun punttu hori ondo doala. Jendea gugana dator, gero eta lan serioagoa dugu, gero eta kalitate handiagoa dugu, bezero hobeak, bildumagile gehiago gerturatzen dira…». «Hand made», baina bertakoa Bi arduradunak ere bat datoz artistek eta diseinatzaileek euskaldunaren identitatea mantentzeari eta aipatzeari ematen dioten balorea eta garrantzia azpimarratzean. «Euskaldunak gara, hemen egiten dugu eta munduari erakutsi nahi diogu egiten duguna» da, Muruaren iritziz, artistek jarraitzen duten filosofia. «Nahiz eta produktuan ingelesez jarri ‘hand made’ (eskuz egina), askok ‘Euskal Herrian egina’ eransten dute. Ez dute helarazi nahi soilik marka bat egiten dutela eta kito, baizik eta egiten dute esanez: ‘Ni Donostiakoa naiz, eta Donostian egina dago’. Eta hori balio erantsi bat da, ezbairik gabe. Eta bezeroak ere asko baloratzen du». Hain justu bezeroez galdegiten diegu. Eta, Lasak dioenez, gero eta gehiago estimatzen dute, are gehiago, «gero eta argiago dugu jendea horren bila etortzen dela gugana». «Bezeroari produktua hemengoa dela esatean, eta pieza jakin batzuk besterik ez daudela azaltzean, beste modu batean ukitzen eta baloratzen dute produktua». Artea saltzea baino gehiago Artistak ezagutzera eman eta artea eta diseinua saldu. Hori egiten du GKO Gallery-k, baina asmoa harago doala diote. «Gizartearen parte garen unetik eta bertatik hartzen dugun unetik», azaltzen dute, gizarteari bueltan zerbait eman nahi diote. «Proiektua guk sortu dugu, baina jendea behar dugu osatzeko, interakzioa interesatzen zaigu pertsonekin, gizartearekin, jendearekin. Sortzaileekin eta diseinatzaileekin lana egiten dugu, eta bide hori landuz, elkarbanatuz, sare bat sortzea da desiretako bat, gizarteari ekarpena egiteko. ‘Ezagutzarekin kooperatu’ deitzen diot nik», dio Muruak. Marko horretan kokatzen da Tolosa eta inguruko herrietako elkarte eta eragileekin egiten dituzten elkarlanak eta proiektu boluntarioak. XABIER ANUNTZIBAI «XTRM» «Ni aurrera banoa GKO ere bai, eta alderantziz. Sareak onak dira» Afiziotik ofizio egin du Xabier Anuntzibaik (Beasain, 1985). Arkitekto teknikoa da, baina txikitatik garatu duen sormenak aurretik eraman du gainerakoa. Arteagatik, sortzeagatik, betidanik izan duen «kuriositateak», bere hitzetan, eraman zuen modu naturalean gaur egiten duen horretara. Eta Xabier XTRM izenez sinatzera. Hastapenetatik babestu du bere obra GKO Galleryk eta, orain, Baionan inauguratu berri du erakusketa. “Mon voyage” (Nire bidaia) uztailaren 25a arte egongo da ikusgai, Spacejunk aretoan. Nola deskribatuko zenuke zure lana? Bide ezberdinak ditut, eta kaleko lana eta estudiokoa aldi berean lantzen ditut. Kalean muralak, mural eskultorikoak egiten ditut, margoaz gain, egurra eta soka erabiliaz. Estudioan, bestalde, bereziki azken urteotan, metakrilatoa, egurra eta tartean pintura erabiliaz sortzen ditudan konposaketak. Bietan gustura nabil, beharra dut saltoka ibiltzeko. Zu zara Xabier Anuntzibai baina artista bezala XTRM zara… Bai, hala sinatzen dut. XTRM kalean margotzen hasi nintzenean hartu nuen, sinadura bat izatearren, nahiz eta, urteen poderioz, garrantzia kendu diodan horri. Hala ere, zentzu batean mantendu egin dut gogorarazten didalako nola hasi zen istorio hau guztia. Oroitzapen gisa, nostalgiagatik. Eta nola hasi zen «hau guztia»? Dizebi Beasainen ibiltzen zen margotzen, eta neuk ere margotzen nuen, baina etxean. Moduak, inguruak, kalean margotze horrek eman zidan atentzioa, eta haren pausoak jarraitzen hasi nintzen. Pausoak jarraitu eta jarraitu… eta gaur arte. Obraren abiapuntutik, bukatzen duzun arte, buelta asko ematen dizkiozu? Bai, aldatzen noa; izan ere, ideia itxi-itxita ez dut ia inoiz izaten. Batzuetan badut argiago zer nahi dudan, baina inprobisazio asko dago prozesuan, eta pintura bakarrik dagoenean soilik naiz azkarragoa. Material ezberdinak sartzen ditudanean, bueltak eman, probatu, saiatu… normalean ez dut lehenengoan ateratzen den bezala uzten. Probak egitea gustatzen zait, nire estetikaren testuinguruan funtzionatzen duena lortu arte. Batzuetan kosta egiten zait puntu horretara iristea. Hala ere, ez banau asetzen, ez dut amaitutzat ematen. Obrak segida baten barruan daude edo solteak dira? Azken urteetan ez dut hainbeste estudioko lanik egin, izan ere, ez dut erakusketetan parte hartu. Baionarako bai; hangoek segida bat eskatu zidaten, obra berria sortzea. Eta horretan ibili naiz azken urte erdian, “Mon voyage” (Nire bidaia) sortzen, nire bidaia propioa islatzen duten obrak egiten. Horiek bai, ildo bat dute, eta batetik bestera salto egin daiteke haria jarraituz, formatu eta material aldaketak egon arren. Gehiago erakutsi duzu Euskal Herrian edo atzerrian? Denetarik. Atzerriari dagokionez, aukera izan dut Frantzian, Italian, Txilen nahiz Alemanian erakusteko. Atzerrian badu inongo baliorik euskal artista izateak? Oso argi ez dut. Nik gehiago saldu dut atzerrian Euskal Herrian baino, baina ez dakit zergatia. Kulturalki herrialde batzuetan badago joera eskulana gehiago baloratzeko eta, horrenbestez, erraztasun handiagoa dago saltzeko. Etxean obrarik ez dut apenas saltzen, baina ez dut ere gehiegi erakusten, ez naiz horretaz arduratzen, nahiko axolagabea naiz zentzu horretan. Nire esperientziaren arabera, muralak hemen enkargatzen dizkidate eta estudiokoak atzerrian. Euskal artisten artean badago sarerik sostengua emateko? Nik dakidala ez. Jendea ezagutzen dut, baina bidaietatik, eta kasik kontaktu gehiago ditut Europan Euskal Herrian baino. Alde horretatik, jakitun naiz esfortzua egin behar dudala Euskal Herri mailan jende eta artista gehiago ezagutu eta sare lokalago bat sortzeko. Bidaiatzeko aukera izan dudanez, momentuz, edo orain arte behintzat, nire sarea europarra izan da. GKO Gallery bezalako proiektuak lagungarriak dira? Zalantzarik gabe bai, euskal artistek presentzia handiagoa eduki dezaten bertan, etxean. Jendea barneratzen hasia da eta oso lagungarria da. Beraiei [GKO Galleryko arduradunak] dagokienez, euskal artistak eta euren lanak bultzatzen saiatzea oso eskertzekoa da. Nigan sinesten dute. Ni aurrera banoa beraiek ere, eta alderantziz. Sareek laguntzen gaituzte. Eta erakunde publikoetatik laguntzak badaude? Babestuak sentitzen zarete? Laguntzak izaten dira, baina haiek lortzeko borrokatu egin behar da, proiektua prestatu, aukeratua izan behar zara… ni ez naiz dinamika horretan sartu. Bestalde, duela urte asko Beasainen beste lagun batzuekin, Udala hasi zen musikarientzat lokalak jartzen, eta geuk lortu genuen geure lehen estudioa. Urteen poderioz, Tolosako jendearekin BOX.A Arte Elkartea sortu genuen, ikusten genuelako behar bat bazegoela sortzaileek izan zezaten espazio bat bertan lanean aritzeko, elkartzeko, hitz egiteko… elkarte hori sortzearekin batera, Udalak espazioa lau urtez esleitu zigun. Oker ez banago, beste lau urtez luzatu digute. Horrek guztiak lan handia du atzetik: proiektu edo egitasmo serio bat aurkeztu, espazioa atondu, ekintzak antolatu… mugimendua sortu dugu, udalarentzat mesedegarria dena eta, aldi berean, guretzat. Gogoeta, estetika, iritzia. Zer lortu nahi duzu zure lanekin? Denetatik, estetika beti izaten dut kontuan. Gainera, norberak berea sortzen du. Hortik aurrera, hausnarketa pertsonalak edo zerbait zehatza kontatu nahi dudan, ideia abstraktuak izan daitezke… ez da ezer zehatza, baina pixka bat denetatik da, aldi berean. «Euskal Herriko artisten etapa hau interesatzen zaigu eta, horrenbestez, gure helburua loraldi horren ispilu izatea da, identitate bat utzi nahi dugu historiaren zati honetan» Eskuz eginda dagoela aipatzeaz gainera, sortzaileek bertan sortua dela eransten dute. Bezeroek gero eta gehiago estimatzen duten ezaugarria dela diote galeriakoek