AUG. 01 2015 Euskal Herrian betiere gakoa Iñaki Altuna Ezker abertzaleak idorreritik tirrinera pasatzeko joera handia zuela esan ohi zuen Jon Idigorasek. Hau da, ezer ez egitetik gehiegi egitera, mutur batetik bestera, ezer ez esatetik isilik ezin egotera... Maiz erabiltzen zuen esapidea, estrategiaren edo, hobeto esanda, taktikaren gorabeherak zirela-eta. «Sube la carne y baja el pescado» esamoldearekin biribiltzen zuen munduari eta bere mugimendu politikoaren joan-etorriei eta tirabirei so egiteko begirada, begirada bizi, azkar eta adarjotzaile hura. Beharbada, hala ikusi du zenbaitek unibertsitateko eta gizarte zibileko izen oneko pertsona talde batek hautagaitza bateratu bat egindako proposamena dela-eta EH Bilduri eskainitako aukera. Modu adierazgarrian esateko: Bergarako Proposamena egitetik (indar abertzaleei eta, zehazki, EAJri eta EAri bere garaian Madrilgo hauteskundeetara elkarrekin joateko egindako proposamena), Estatu mailako egituretan txertatuta dauden euskal indar batzuekin hautagaitza bat egiteko aukera aztertzera pasa da ezker abertzalea. Zer esanik ez EH Bildu osatzen duten beste indar soberanistak –Alternatiba, berez, Estatu mailako indarren tradizio horretatik badator ere–. Aldi berean, Sortuk 78ko erregimenarekin hautsi ahal izateko Estatuko beste nazioetako indarrekin eta Estatuko indar eraldatzailearekin ahalak batzeko prest agertu da. Nola ulertu behar dira hitz hauek guztiak? Bistan da, urte bukaerako hauteskundeen eta Estatu mailan sortzen ari den eztabaidaren testuinguruan. Egoera horri aurre egin beharko zietela aurreikusten zuten jada urtarrilean aurkezturiko Euskal Bidean: «Badirudi espainiar Estatuan Konstituzioaren beraren erreformari ekitekotan direla. Espainiarren Konstituzioa ez da gure habia, baina Euskal Bideak egoera baldintza dezaketen kanpo faktoreei ere erantzun behar die. Horregatik, gaurdanik, proposamen zehatza egin nahi diegu euskal eragile politiko eta sozialei guztion artean itun bat egin dezagun, denok elkarrekin eskaera bera bideratzeko Estatuari egin dezakeen zaharberritzeko saioa dela-eta: Euskal Herriaren eta Erabakitzeko Eskubidearen onarpena. Hitz gutxitan, gauza bakarra eskatu behar diogu Estatuari: bere burua demokratiza dezala». Egungo egoerak sor al dezake berriro ere aldebiko eskemaren itxaropena eta, Idigorasen hitzak erabiliz, idorreritik tirrinera pasatzea? Bai, gerta liteke, baina hori, orduan, ez litzateke mugimendu taktiko soil bat izango, estrategiaren aldaketa bera baizik, Euskal Bidean autoeraketa prozesuan egiten baita indar, EAk aste honetan bertan aldarrikatu duen aldebakartasuna oinarri. Estatuentzat ez dago erdibideko akordioarentzat tarterik “Zutik Euskal Herria”-ren garapenak eman dio nagusitasuna aldebakartasunari, nahitaez. Bistan da gatazkaren ondorioei dagokionez, gobernuek Aieteko bigarren puntuari (elkarrizketa zuzenaren bidea) uko egin ostean. Eta baita gatazkaren mamiari dagokionez ere: estatuentzat ez dago erdibideko akordioarentzat tarterik, Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortza drama bat baita haien proiektuarentzat. Tarteko akordioa eta independentzia gauza bera dira inposizioa baino eskaintzen ez duten horientzat. Estatuen demokratizazioak aukera berriak eskainiko lituzke, eta malgutasuna ekarriko, baina burujabetza prozesu baten abiapuntua eta oinarri nagusia hor jartzea hanka sartze galanta litzateke. Euskaldunok izan al dezakegu konfiantzarik Estatuaren erreformak ekarriko duela, besterik gabe, aterabidea? Ezetz erantzuteko nahikoa eskarmentu badugu. Independentziaren aldeko gehiengo sozial eta politiko zabalak sortzea litzateke, horrenbestez, etorkizuneko gakoa, baina horretarako ere gero eta sektore gehiagok independentzia aukera hoberena dela sentitu beharko lukete. Ohiko tradizio independentistatik baino haragoko sektoreez ari gara, eta horiekin erdibideko proposamenak partekatzea oso garrantzitsua da: helmuga horiek eskuratzea lorpena litzatekeelako berez (ea Nafarroan) edo estatuek halakoak ere galarazten badituzte –sakoneko aldaketa politiko eta sozialak galarazten badituzte– independentziaren hautua are eta nabarmenagoa litzatekeelako gaur-gaurkoz independentista ez diren sektore horientzat ere, direla “abertzale” izanda autonomian kateatuta geratu direnak, direla Estatu mailako prozesuetan itxaropena izan dutenak. Guztientzat, gainera, badago helduleku argi eta ezin demokratikoago bat: erabakitzeko eskubidea. Horregatik denagatik independentziaren eskaintza berritzeko ordua ere iritsi da, aurrera begira euskal komunitatearen ongizatea eta garapena bermatzeko eta arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kultural orori erantzuteko proposamen egoki eta eraginkor gisa. • Estatuen demokratizazioak aukera berriak eskainiko lituzke, baina burujabetza prozesu baten oinarria hor jartzea ez litzateke egokiena