AUG. 01 2015 Zein urrun gauden... Garazi Goia Duela bizpahiru hilabete, hauteskundeen atarian, “Partekatutako amatasun eta aitatasun baja” deritzon lege berri bat onartu zuten Erresuma Batuan. Aitak edo amak, bietatik edonork, behin haurra jaio ostean berrogeita hamar asteko baja hartzea aukera dezake eta, are gehiago, denbora hori bien artean parteka dezakete, nahi duten moduan. Horrela esanda urrats garrantzitsua badirudi ere, tamalez oraindik pauso txiki bat baino ez da genero berdintasuneko utopia horren bidean, baldintza ekonomikoak ez dira-eta batere erakargarriak. Izan ere, berrogeita hamar asteetatik berrogeietan, Gobernuak 140 liberako diru laguntza baino ez du ematen. Suedian antzeko sistema bat jarri zuten martxan 1974. urtean (bai, 1974an), eta gurasoen ehuneko bostak baino ez zuen hartu. Gerora, amatasun eta aitatasun bajen inguruko baldintzak eta modelo eredugarriak garatu eta ezarri dituzte; orokorrean, Eskandinaviako lurralde guztiak abangoardistak dira gai honetan. Adibidez, aitak berrogeita zortzi aste har ditzake lanera itzuli aurretik, eta ia berrogei astez soldataren %80 jasotzen du. Norvegian, legez, aita lau asteko baja hartzera behartuta dago; noski, soldata osoa mantentzen da denbora horretan zehar. Amatasun bajaren eta emakumeek aktibitate ekonomikoan duten partaidetzaren arteko lotura aztertzerako orduan, berriro ere Eskandinavian eta, batez ere, Norvegian aurrerapauso handiak eman dituzte. Gobernuan berdintasun zuzendaria izan zenaren, Arni Holen, aipu batzuek atentzioa eman didate: «Berdintasunak badu osagai moral bat, baina funtsezko arrazoia ekonomikoa da. Ekonomia moderno eta lehiakor batek buru eta esku hoberenak behar ditu, zein sexutakoak diren begiratu gabe. Ezin dugu talentu handiko jendea galdu. Norvegian inor ezin da sentitu behartuta bere familia eta ibilbide profesionalaren artean erabakitzera. Hori hemen oinarrizko balore bat da». Aipagarria da Norvegian hamar urtez beherako seme-alabak dituzten emakumeen ehuneko laurogeiak lan egiten duela. Izan ere, hala nahi izanez gero, emakume batek berrogeita bederatzi aste har ditzake soldata guztia kobratuz, edo berrogeita hemeretzi aste soldataren %80 kobratuz. Inolako zalantzarik gabe, amatasuna errazten duten baldintzak dira horiek guztiak, lanerako itzulera motibazioz hartzea eraginez. Zutabe batean irakurri dut, horrelako sistema batek funtzionatzeko ezinbestekoa dela jendeak sentitzea gizartea banaketa zuzen batean oinarritzen dela. Aukera berdinak ematean bai aitari bai amari, kolektibismo orokorraren eta askatasun indibidualaren artean oreka mantenduz. Politikak testuinguru horretan betetzen duen zeregina, noski, oso garrantzitsua da; eta, antza, Eskandinavian, herriak politikoengan uste osoa du. Zoritxarrez, hori ez da leku gehienetan errepikatzen den egoera: munduan 830 milioi emakumek ez daukate babes egokirik haurdunaldian eta amatasun bajan zehar. Ekitaldi batera gonbidatu ninduten duela gutxi; unibertsitate ikasketak aukeratzeko atarian zeuden neskei aholkuak ematea helburu zuen ekitaldi batera. Emakume izateagatik zein oztopo izan dituzu zure ibilbidean? Gizonezkoak gailentzen diren testuinguru batean nola sar naiteke? Emakumea izateagatik baztertua sentitu zara inoiz? Galdera horiek egin zizkidaten, 2015. urtean, eta Londresen. Politikariekiko konfiantza kontuan… hor ere zenbat bide daukagun oraindik egiteke. (Beste esparru batera joz, ez da kasualitatea Eskandinaviako lurraldeetan hezkuntza eta kultura sistema erreferenteak izatea. Zutabe hau idazteko informazioaren bila nenbilela, irakurri dut hamabost urteko haurren lautik hiruk onartzen dutela egunero irakurtzen dutela, euren iniziatiba propioz, atsegin dutelako soilik. Nahiz eta zutabeko gai nagusiari lotuta ez egon, aipatu beharra sentitu dut, baina beste zutabe batean mamituko ditut horren inguruko gogoeta batzuk) • Emakume izateagatik zein oztopo izan dituzu zure ibilbidean? Gizonezkoak gailentzen diren testuinguru batean nola sar naiteke? Emakume izateagatik baztertuta sentitu zara inoiz?