SEP. 12 2015 Elkoro Antton Izagirre Egun hauetan jakin dugu Elkorori kendu egin diotela azken eskuburdina, libre gelditu dela kontrolpean zuen kate motzetik aske. Haserrea eta samina sortzen digu bere mailako pertsonak urteetan urrutiko kontrol-gailuari lotua bizi behar izan duela jakiteak. Pertsonaren duintasuna hankaperatzeko hartutako erabakiak dira halakoak. Agian gazte askorentzat oharkabean pasatu da, albiste bat gehiago egunkarietan edo zoriontzeko eta pozteko arrazoia izan da. Baina Jose Luis Elkoro gertuagotik ezagutu eta bere ibilbide politikoa, pertsonala eta bere gizatasun maila ezagutzeko ohorea izan dugunontzat amorragarria egin zaigu, preso, eskumuturra edo hanka tramankulu lotsagarrira lotua izan duela pentsatze hutsa. Euskal Herrian izan dira eta badira aipu, gorazarre edo merezimendu handiko gizon eta emakumeak, horretan ez dago zalantzarik, baina horien artean, bere bizitza osoan Euskal Herriarekiko erakutsi duen konpromiso eta atxikimenduarengatik, Elkororen izenak hizki handitan idatzia beharko luke, gaur egungo Euskal Herria pentsaezina bailitzateke haren ekarpenak aintzat hartuko ez bagenitu. Frankismo garaiko eta ondorengo urteetan alkateen mugimenduen buru izatetik, Bergarako alkate, ahaldun nagusirako hautagai, militante koherente, zintzo eta nekaezina. Ikur argia, bere ibilbide politikoa eta pertsonala ezagutu dugunontzat. Bere umiltasunak eta ahots pausatuak ez dute inon gerrarik sortu, baina ezin izan diote barkatu damurik gabeko zuzentasun politikoa. Horregatik izan dute preso. Gaur egungo alkate eta politikari askorentzat aipamen hutsa izan liteke Elkoro, baina mesedegarri lukete hark egin eta esandakoetan erreparatu eta bidelagun hartuko balute haren ekarpen politikoa eta pertsonala. Euskal Herriaren independentziarako bidean lekukotasuna eta memoria kolektiboa eskainiko baitigu. •