GAUR8 - mila leiho zabalik

Datuak ere ez dira neutralak


Kazetaritza objektiboaren izenean, datuak barra-barra ematen dira, datuek gezurrik esaten ez dutelako. Datuak, baina, gezurrak gorpuzteko erabiltzen dira. Gezurrik handiena krisialdi ekonomikoa bera da, langileak txirotzean, lan-eskubideak okertu guran dabiltzalako, enpresaburuek irabaziei eusteko.

Krisialdiaren muinean gure burua klase ertaineko kidetzat jotzea dago. Etxeak eraikitzea denen onurarako zelakoan, enpresariek puztutako prezioa ordaindu genuen langileok. Zorua garestia zelakoan, prezioari eragiten zion. Orain, etxeak eraikitzeari utzi diotenean, konturatu gara prezioa puzten zuena salduko zen etxe kopurua zela, hau da, aurreikuspen hutsa. Hala ere, oraindik, euskal ekonomiak hobera egin duen neurtzeko, sinatutako hipoteka kopurua erabiltzen dute hedabideek, ezer argitzen ez badigute ere. Esaterako:

• “%1,2 hipoteka gutxiago sinatu dira uztailean EAEn” (Eitb.com, 2015/09/25).

• “Etxebizitzak erosteko hipoteka kopuruak %26,3 egin zuen gora ekainean” (Eitb.com, 2015/08/31).

Klase erdia garelakoan, premia izan dugunean, pisua erosteko esfortzua egin dugu. Esfortzu handia izan da, 2011n bertan, kontsumitzaile elkarteek jakitera eman zutelako Espainiako langileak txirotasunetik bi soldata eskasera daudela. Hau da, diru-sarrerarik ez dugun 3. hilabetean, ez daukagu bizitzeko adina dirurik. Horregatik, langabezia txirotasunerako bidea den beldurrarekin bizi gara. Langabeziaren datu ofizialen gorabeherei erreparatuta:

• “Langabezia igo egin da EAEn, eta jaitsi Nafarroan” (Eitb.com, 2015/09/02).

• “Euroguneko eta EBko langabezia egonkor mantendu da ekainean” (Eitb.com, 2015/07/31).

• “Langabezia %15,1era jaitsi da EAEn, 18.000 langabe gutxiagorekin” (Eitb.com, 2015/07/22).

Baina langabezia ulertzeko, datuak ez dira baliagarriak. Datu hutsek ez dute honakoa azaltzen:

• “Más de la mitad de los nuevos contratos en Euskadi duran un mes o menos” (El Correo, 2015/09/17).

• “Aldi baterako kontratuen eraginez, langabeziak behera egin du uztailean” (Gara, 2015/08/05).

Datuez gain, politikarien asmoei albiste-itxura ematen diete hedabideek: “Lehendakariak langabezia erdira jaitsi nahi du 2020. urterako” (Eitb.com, 2014/03/05). Horregatik, buruzagi politikoak ez diren beste eragile sozialen ikuspuntua jasotzen dutenean, hedabideek gure errealitatea hobeto islatzen dute:

• “Hazkunde ekonomikoa ez dela ari enplegua sortzen salatu du ELAk” (Berria, 2015/09/17).

• “Casi dos millones de parados en España no reciben prestación” (El Correo, 2015/09/16).

• “127.000 lagun daude pobrezian EAEn” (Argia, 2015/07/10).

Krisialdiaren aurreko urteetan, hazkunde ekonomikoaren sasoian, EAEko txirotasun-arriskuaren tasak ez zuen behera egin. “Klase ertainak” ez zuen puztutako ekonomiaren etekinik jaso. Orain, langabezian egoteko arriskuak beldurra zabaldu du. Izuaren ondorioz, lan-eskubideak okertzea errazagoa dute. Enpresarien ikuspuntua neutraltzat hartzea, beharrezko tresna. Horrela, hedabideek bi ideia lotzen dituzte: langabezia arintzea eta langileek gutxiago kobratzea (“Langabezia igo egin da Espainian, lan erreformaren lehen hilabetean”, Eitb.com, 2012/04/03). Era berean, jendartearen gorabeherak burtsaren erreakzioari begira azaltzen dizkigute:

• “Las bolsas reaccionan con subidas a los planes de los gobiernos contra la crisis” (El Correo, 2010/12/31).

• “La Bolsa española cae un 2% tras los comicios y la alerta griega” (El País, 2015/05/25).

Baina burtsek ez dute txarto ikusten langabeziak gora egitea, ezta langileon prekarizazioa. Alderantziz:

• “La cúpula del Ibex cobra un 10% más y los salarios caen un 5%” (El Mundo, 2015/09/07).

Prekarietateak txirotasunera garamatza. Lan-baldintzei erreparatu ezean, enpresariek gure lan-eskubideak zenbateraino okertzea onartu behar dugun aginduko digute. Langileok ez gara enpresariak. Hipoteka ordaintzen ez badugu, etxebizitza galtzen dugu, eta etorkizuneko hil arteko diru-sarrerak ere bai. Enpresa porrotera eramateak, ordea, ez du erantzukizunik, istripua balitz bezala. Gurean, beraz, gidari suizidak gidatzeko moduaz harro daude. •