OCT. 17 2015 Denboraz Garazi Goia Asko irakurri dut denboraz. Denboraren igarotzeaz. Liburuak etengabe erosten ditut, gai horren ingurukoak eta bestelakoak; norbaitek, akaso, pentsatuko du haiek irakurtzeko denbora erosi nahiko banu bezala dela. «Bizitza geldoak zeramatzan jendea zen, urteak joan ahala ez zuten beraien burua zahartzen ikusi, edo nola gaixotuta amaitu zuten edo nola hil ziren; pixkanaka desagertzen joan ziren beraien erritmoan, oroitzapen bihurtu, beste egunetako lainoarekin nahastu eta azkenean ahaztuak izan ziren arte». Hori idatzi zuen Gabriel García Marquezek “El amor en tiempos de cólera” liburuan. Naomi Woodek “Mrs. Hemingway” liburuan Ernest Hemingway idazlearen bizitzaren narrazio ederra egiten du, bere lau emazteen perspektibatik kontatuta. Badakigu idazleak nola eman zion amaiera bere bizitzari. Ez zitzaion bere ordua iritsi, berak erabaki zuen joatea. Agian beste inork baino zulo ilunagoa zeraman barrenean. Agian, iluntasunak eztarria eta burua blokeatzen zizkion tinta beltzarekin. Halako tristurarekin, eta askapena lortzeko hain itxaropen gutxirekin, inork ez zuen bizitzen jarraitzea merezi. Hori pentsatu zuen bere laugarren eta azken emazteak, Mary Welshek. Erronka berrien bila «Gizakion denborak ez ditu zirkuluan bueltak ematen; aurrerantz, marra zuzena jarraituz korrika egiten du; horregatik gizon hori ez da zoriontsu; errepikapena lortzeko desira da-eta zoriontasuna». Milan Kunderak idatzia da hori, “La insoportable levedad del ser” liburuan. Enpresa hartan hamabi urte pasa ostean, eta han eman beharreko denboraren amaiera iritsi zitzaiola ohartu zenean, A-k erronka berrien bila zihoala esan zuen. Urduritasuna eta zalaparta sortu zuen bere albisteak. Zer gertatuko zen A egiten ari zen lan harekin guztiarekin? Hiruzpalau egunetara bere lankide bati egin zioten itsasontzi hura ur gainean mantentzeko proposamena. Ordezkoa lehenengo egunetik eraginkor erantzuten hasi zen. Bi hilabeteren buruan enpresako kafe-etxera bisita inprobisatu bat egin zuenean, ezezagun bat bezala hartu zuten. Ezin zen hitz egin hamaika gaiez, ezin zitzaion gertutasun bera eskaini. Ez zen dagoeneko “beraietako” bat. Bi hilabete baino ez ziren pasatu eta ahaztua izan zen. Eskerrak A-k betetzen zuen beste lan bat topatu zuen, eta nolabait ahanztura bi aldetakoa izan zen. Ametsak denboragabeak dira Gauza antzekoa gertatzen da norbait erretiratzen denean. Egun batetik bestera bizitzak parametro berriak ditu, denbora iritsi da beste jende multzo bateko partaide izateko. Denbora iritsi da treneko txartelak merkeago lortzeko. Berez, hasiera berri bat da, baina amaieraren konnotazioak indar handiago dauka. Eta, non gelditu da egindako guztia? Norbaitek, akaso, eskerrak emango dizkizu. Zortekoa izango zara orduan. Askatasuna eta bakea sentitzen den fase psikologiko bat omen dago. Hori irakurri dut behintzat. Fase horretan amets berriak definitu behar omen dira. Bestela, hurrena datorren desengainu fasean, parametro okerrak definitzeko arriskua omen dago. Eta, tamalez, ez dago denborarik, oker asko egiteko. «Orain haur txiki bat besoetan daukadala, ezingo nioke eskatu bere ametsen atzetik joateko, nik neureak lortzeko ahalegina egin dudala ezin badiot erakutsi». Hori irakurri nuen nonbait, ez naiz gogoratzen zehazki non. Eta orain, nik ere haur txiki bat besoetan daukadala, sarritan buruan bueltaka darabilkit gogoeta hori. Finean, ametsak denboragabeak dira. • Antzekoa gertatzen da norbait erretiratzen denean. Egun batetik bestera bizitzak parametro berriak ditu; berez, hasiera berri bat da, baina amaieraren konnotazioak indar handiago dauka