OCT. 31 2015 infraganti DARDARY Musikarik gabe ez dute bizitza ulertzen. Musika klasikoa, bluesa, folka, jazza… denetarik irteten da Dardary taldeko gitarra eta biolinetatik. Horien atzean, Iban Bengoa, Maitane eta Eider alabak, eta hauen biolin irakaslea, Txabeli Sierra. Proiektua orain urtebete jarri zen abian, eta, hamaika emanaldiren ondoren, lehen diskoa labetik atera berri dute. Oihane Larretxea de la Granja Musikarekin gozatzen dute, azaldu edo deskribatu ezin daitekeen modu batean. Neurria hartzeko hobe da hitzak alde batera utzi eta sortzeko gai diren musika entzutea, baina, momentuz, ezinezkoa da lerroon bidez nota musikalak igortzea. Hori bai, erreportajea irakurtzen amaitutakoan sarean kuxkuxeatu, bilatu “Dardary” izena eta ikusi. Hobe, entzun. Taldeak lau kide ditu, eta tartean bada bitxikeriarik. Izan ere, taldekideak Eider eta Maitane Bengoa ahizpak (8 eta 10 urte), hauen aita, Iban Bengoa, eta, haien biolin irakaslea, Txabeli Sierra, dira. Adin ezberdintasuna badago, baina aldi berean ez dago, musika muga guztiak gainditzeko, ezberdintasunak lausotzeko gai delako. Taldeak ederki funtzionatzen duela diote. Eta epe motzean jasotako fruituek frogatzen dute hori: emanaldiak kalean zein lokaletan eta lehen diskoa grabatuta. Goazen, hala ere, hastapenetara. Umeak izan arren, oso trebeak dira biolina jotzen Bengoa ahizpak. Aitak kontatzen duenez, Suzuki izeneko metodologiarekin ikasi dute. Jatorri japoniarra duen ereduak dioenez, ez gara talentuarekin jaiotzen, baizik eta garatu egiten dugu. «Ama hizkuntza ikasten dugun bezalaxe –dio Iban Bengoak–. Umeek esfortzurik gabe ikasten dute, jaioberri direnetik entzuten dutelako». Suzuki metodoarekin umetan hasi beharra dago, gero eta lehenago hobe, burmuina «biguna» dagoelako. Batzuk 3 urterekin hasten dira, baina beste asko 4 edo 5 urterekin. Eider eta Maitane 3 eta 4 urte zituztenean hasi ziren. «Astean behin joaten ginen Donostiara, baina etxean egunero-egunero entzun behar da ikasi beharreko kanten diskoa. Haiekin gurasoetako batek egon behar du, beraz, inplikazioa eta dedikazioa eskatzen ditu, bai umearen aldetik, bai helduaren aldetik ere», azaldu du Ibanek. Adibidez, goizean, jaikitzean, ikastolara joateko prestatu eta gosaldu bitartean, diskoa martxan egon ohi zen etxean. Lehenengo bi hilabeteetan, umeak hain txikiak izanik, gezurrezko biolin bat erabiltzen dute; maketa moduko batekin aritzen dira soilik, biolina nola eusten den ikasteko, horretarako ere oso instrumentu «exijentea» omen delako. Bengoatarren etxean musikarekiko zaletasuna aurreko belaunaldietatik datorkie, izan ere, Ibanen aitak soinua jotzen zuen. Ondoren lekukoa Ibanek hartu zuen, gitarra eta mandolinarekin, eta orain alabek. Aitziber emazteak ere gustuko du musika. Hala ere, musikan jantziak ez diren gurasoak euren seme-alabei ikasketotan laguntzeko gai berdin-berdin direla argi utzi nahi du Ibanek. Suzuki metodoaren urratsak jarraitu besterik ez dago. Musikaren aurpegirik gozoena Entseatzen eta ikasten ordu asko eman dituzte azken urteotan Eider eta Maitanek eta, nolabait, musikaren alde gogorrena edo neketsuena bizi izan dute. Baina hori baino askoz gehiago badela dio haien aitak, gozatzea eta gozaraztea, hain zuzen. Bidegurutze horretan sortu zen Dardary. «Umea nintzela gauza bera bizi izan nuen nik. Solfeoa, kontserbatorioa, etxean ikasi, entseguak, gauzak behin eta berriro errepikatu… lengoaia musikala deitzen zaio horri. Maila jakin batera ailegatu nahi izanez gero beharrezkoak dira, noski, eta ados nago, baina askotan ahaztu egiten zaigu atal gogorra orekatu egin beharra dagoela gozamenarenarekin. Nik soinua ikasi nuen, eta azkenean utzi egin nuen», gogoratu du. Gozatzeko eta gozararazteko taldea sortzea. Txabeli Sierra irakasleak umeak gai ikusi zituen kalera ateratzeko eta aurrera egin zuten. «Musika partekatzea da politena, nahiz eta jendaurrean jotzeak ere baduen bere zailtasuna. Musika eskolatan neurri batean hori falta dela uste dut», iritzi du aitak. Kaleko lehenengo emanaldia maiatzean eman zuten, Donostiako Bretxa azokaren inguruan, eta esperientzia oso ona izan zela diote. Eider eta Maitane batez ere jendearen aurpegiez oroitzen dira. «Esfortzua da, lana egin behar da, baina jasotzen duguna asko da, eta horrek merezi du», dio Maitanek. Txikienak eransten du musika ezin dela «zentzurik gabe jo», baizik eta «ondo pasatzeko» egin behar dela. Bluesa, jazza, folka… Emanaldi batzuk eman dituzte dagoeneko kalean, beti Donostian, baita taberna edo lokal ezberdinetan ere, hiriburuan bertan nahiz jaioterri eta bizileku duten Tolosan. Saioetan Dardary talde gisa prestatu dituzten kantak eskaintzen dituzte, diskoan bildu dituzten abesti berberak, alegia. Eta estiloari dagokionez, oso zabala da: folk tradizionala, irlandarra, eskoziarra eta amerikarra, baina baita XX. mende hasierako jazz moduko bat ere, ragtime delakoa. Bluesarekin ere ausartu dira. Horrekin frogatu nahi dute biolinak hamaika estilo onartzen dituela eta abanikoa oso zabala dela. Musika klasikoa baino askoz gehiago sor dezake. Are gehiago, «sormenak uzten dizun guztia», Ibanen ustez. Kontserbatorio eta musika eskoletan, ohi denez, musika klasikoa irakasten zaie ikasleei; «eta zoragarria da, beharrezkoa da hura ikastea, batez ere biolinista profesionala izan nahi duenarentzat –dio Ibanek–, baina ez da hori bakarrik». Elkarrizketaren une honetan alabek aitak jazzagatik duen zaletasuna aipatzen dute, eta gogorarazten diote eurak Ken Zazpi bezalako taldeekin ere asko gozatzen dutela. Hortxe utzi diote harritxoa aitari. Umeen egarria, errepertorioa zabaltzeagatik, amaigabea dela dio orduan aitak. «Etengabe abestiak errepertoriora gehitzeko prest dira…». Momentuz, ordubeteko iraupena du eskaintzen duten abesti sortak, baina etxean abesti berriak probatzen dituzte, baita abestu ere. Horretan dabil Eider. Kantari fina ere badela erakutsi digu. Hain epe laburrean, urtebete eskasean, hona ailegatu izana bururatu ere ez zitzaien egin kalera lehen aldiz kalera irten zirenean. «Helmugarik gabe hasi ginen eta hala jarraitzen dugu, ez dugu pentsatu ere egiten hemendik urte batzuetara non egongo garen, edo hilabete batzuk barru… Ez dakigu. Muga, besterik gabe, ondo pasatzea da. Alabei esan ohi diet helburua ez dela profesionalak bihurtzea». Diskoa egiteko aukera Flavio Banterla musikari eta konposatzailearen eskutik heldu zitzaien. Esne Beltzarekin aritu da besteak beste italiarra. Hala, oraingoz lehenengo lan honetan abesti ezagunen bertsioak daude, gehienak beraiek egindako moldaketekin. Internet bidez eskura daiteke diskoa. «Lan guztia instrumentala da, ez dugu abesteko ezer landu. Mundu hori oso zabala da, eta, nahi izanez gero, hortxe dago, baina horrek lan asko exijituko liguke. Are politagoa litzateke, noski, geure abesti propioak egitea, baina beste dedikazio bat eskatzen du eta momentuz… Gauzak disfrutatu egin behar dira. Maila horretara heltzerik badago, baina zein preziotan?», galdegin du. Maitane eta Eiderrek musika ikasketak hasi zituztenean ezarritako maila eskuratu dutela-eta, garrantzitsuena dakiten hori aprobetxatzea dela uste du Bengoak. Gero gerokoak. Tolosako Box.a arte elkartean eta Donostiako Etxekalte tabernan jotzeak, baita hedabideetan agertu izanak ere, taldeari nolabaiteko sona eman dio, eta, hala, kaleko emanaldiez gain, ezkontza batean ere jo berri dute. Taberna ezagun batek ere eskaintza egin die udazken eta neguko asteburuetan jotzeko, baina ezekoa eman dute lotura handiegia delako, eta hori ez da Dardaryren filosofia. «Umeak dira», hori da kontuan hartu behar dena aitaren hitzetan, eta lehentasunak daude: eskola, lagunak, musika… eta, aurten, Maitanerentzat, baita arrauna ere. «Erritmoa beraiek markatzen dute, eta sekulako ilusioa zuen arraunean hasteko. Segi bada!», dio aitak. Bidaiak eta ametsak Taldean jotzea irakasgai ona da beti, baina honakoan esperientzia pertsonal aparta ere izaten ari da. Aitarentzat «izugarri polita» da alabekin jotzea, eta, hauentzat, «oso berezia». Eta bidaiatu asko bidaiatzen dute, umeek behintzat bai, irudimena bor-bor dutelako. Jotzen duten artean, Maitanek, adibidez, zelai zabalak imajinatzen ditu, zuhaitzak dantzan, eta, batzuetan, Kursaal jauregian ikusten du bere burua. Aretoa lepo dago. Bada guk ere Dardaryrekin bidaiatu nahi dugu. Maitanek biolina eskuartean du eta arkuak ez ditu sokak apenas laztandu, baina bagoaz zelai berde batean barna, haizeak aurpegia laztantzen digula… Txabeli Sierra ibilbide luzeko biolinista profesionala da. Bost musika eskolatan irakasle izateaz gain, Et Incarnatus orkestrako kidea ere bada. Biolontxeloa ere jotzen du Urte eta ordu asko eman dituzte Maitane eta Eider ahizpek musika ikasten. Alde gogorraz gain alde gozoa ere baduela erakutsi nahi zien Iban aitak. Hala sortu zen Dardary