OCT. 31 2015 LOMCE ari du, oraindik Arantxa Urbe Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea Zer gertatu ote da LOMCE legearekin, udaberrian ikastetxeek egindako plantoen ondoren, eta udan Espainiako ministro berriarekin Estatuko komunitate autonomoetako –tartean Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa– Hezkuntza kontseilariek egindako bilera entzutetsu haren ondotik? Bilera hartan Espainiako Estatuko hamazazpi erkidegoetatik hamabik adierazi zioten Hezkuntza ministroari legearen kontra zeudela eta aldaketak eskatu zizkioten. Gainera, Nafarroak eta beste hamar erkidegok iragarri zioten ez dutela legea aplikatuko. Behar bada joan den ikasturtean LOMCEren kontra egin zen ekimen adierazgarri eta esanguratsuena Lehen Hezkuntzako 3. mailan egin nahi zituzten ebaluazioei egin zitzaien plantoa izan zen. Hezkuntza Sailak hogei ikastetxe aukeratu zituen ebaluazio hori egiteko. Eskola Publikoari dagokionez, aukeratu zituen hamabost ikastetxetatik bakarrean egin ahal izan zuen ebaluazioa. Han, 11 ikasle aurkeztu ziren bi ikasgela elkartuta. Hautatu zituzten bi ikastolek plantoa egin zuten, eta Kristau Eskola taldetik aukeratu zituzten hiru ikastetxeetan, berriz, normaltasunez egin zuten azterketa. Hala ere, Espainiako Gobernuak erabaki irmoa du LOMCErekin aurrera egiteko. Ministro berriak egin duen aldaketa bakarra, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako dekretuen onarpena atzeratzea izan da, eta, ondorioz, pentsatuak zituzten errebalidak atzeratu egin dira. LOMCE legeak, beraz, bere horretan darrai aurrera. Ikasturte honetan, Lehen Hezkuntza osoan ezarriko da. Bestalde, 2015/2016 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara pasako diren ikasleek LOMCE titulazioa jasoko dute. Horrenbestez, LOMCE ari du, eta aldaketa nabarmenak eragingo ditu. Horien artean, edukiei dagokienez, LOMCEk ezarritakoak landu beharko dira Lehen Hezkuntza osoan. Ikasmaila horietan, gainera, Erlijioa eta Balore Sozial eta Zibikoak ikasgaia ebaluatu eta kalifikatu beharko da eta ikasleen txosten akademikoan kontuan hartuko da kalifikazio hori. Ingurunearen ezaguera ikasgaiari ere eragingo dio legeak aurten. Arloa desagertu eta bi ikasgaitan landu, ebaluatu eta kalifikatuko da: Natur Zientziak eta Gizarte Zientziak. Ebaluazio atalari dagokionean, Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleei ebaluazio berezi bat egingo zaie, ebaluazio diagnosi tankerakoa. Ebaluazio horren emaitzak ez du eraginik izango ikaslearen txostenean, ikastetxeen arteko rankinga egiteko balioko du, ordea. Hori izango da errebalidetan oinarritutako ebaluazio sistema baten atarikoa. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek, berriz, Lehen Hezkuntza osoa kalifikatuko dien ebaluazio froga egin beharko dute. Froga hori Madrildik egina iritsiko zaigu eta LOMCE edukiak ebaluatuko ditu. Kalifikazio horren emaitzaren araberako ikasle sailkapenen aukera irekita geratuko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, mailakako taldeetan antolatuz ikasleak. Testuliburuen arloan, hainbat argitaletxek, jada, LOMCEk ezarritako edukietara egokitu dituzte argitalpenak. Ingurumari horretan, ez dira gutxi itxaropen guztia Espainiako Estatuan abenduaren 20an egingo diren hauteskunde orokorretan jarri dutenak. Ziur dira Espainiako Alderdi Popularraren nagusitasunaren balizko galerak LOMCE legea indarrik gabe utziko lukeela. Hauteskunde kanpainan egingo diren promesen artean egongo da boterea eskuratuz gero LOMCE legea indarrik gabe uztearena. Gozoki iradokitzailea, dudarik gabe. Hauteskundeen emaitzak direnak izanik ere, euskaldun eleaniztunak eta munduari begira dauden pertsona osoak heziko dituen Euskal Hezkuntza Sistema irudikatzen, diseinatzen eta egituratzen jarraitu behar dugu. Konpromiso hori dugu euskal herritarrekin, eta, zergatik ez, baita munduko herritarrekin beraiekin ere. Hauteskunde kalkuluetatik at beharko luke gure haur eta gazteen, eta haienarekin eskura doan, Euskal Herriaren eta hezkuntzaren etorkizunak. Emaitzek, batzuk ala besteak izan, beren eragina izango dute gure lanean. Baina ez ahaztu: hezkuntza arloan ere ez digute ezer oparituko. Bidea egiten jarraitu behar dugu, guk geure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko bidean. •