JAN. 02 2016 FRANTZIA, JIHADISTEN JOMUGAN «Charlie Hebdo»-ren aurkako erasoarekin hasi zen urtea eta azaroaren 13ak gerra eraman zuen Parisko bihotzera ISISen «otso bakartiek» Estatu frantsesa dute helburu aspalditik, 2015 hasieratik nabarmendu den bezala. Baina azaroaren 13an Parisek pairatu zuen «eraso militarraren» ostean Siriako eta Irakeko gerra etxera iritsi zaien beldur dira asko. Etsaiak bertan daude, eta ezin zaie airetik eraso egin, Raqan bezala. Dabid Lazkanoiturburu Frantziako hiriburuak bere irailaren 11 partikularra pairatu du amaitu berri den urtean. Hiru taldetan banatutako Estatu Islamikoko 11 jihadistek, ia guztiak jatorriz frantsesak edo belgikarrak, izugarrizko sarraskia eragin zuten azaroaren 13ko gauean. Ez zen ordukoa urteko lehen eraso jihadista. Eta iraganeko zein egungo geopolitika frantsesa eta mundu mailakoa kontuan hartuta, ez dirudi, tamalez, azkena izango denik. 2015. urtea eraso jihadista batekin hasi zen Parisen eta beste eraso askoz ere larriago batekin –eta bere ondorio lazgarriekin– amaitu da. Salbuespen egoeran eman dio ongi etorria François Hollanderen Gobernuak urte berriari, gutxienez otsailera edo martxora arte, eta poliziak 24 orduz kontrolez estali ditu muga gehienak, baita Ipar eta Hego Euskal Herria zatitzen duena ere. Azaroaren 13a, ostiral gaua. Asteburu hasiera gehienetan bezala, jendez gainezka daude Parisko erdiguneko kafetegi eta jatetxeak. 2.000 pertsona inguru Bataclan diskoteka ezagunera joan dira Eagles of Death Meta rock talde estatubatuarraren kontzertura. France estadioan, berriz, Frantziako eta Alemaniako selekzioen arteko lagunarteko futbol partidua ikusten ari dira milaka eta milaka zale, Hollande presidentea bera tartean. Gerrarako prestatuta Lehergailuz jositako gerrikoak jantzita eta gerra fusilak eskuetan, Siriako gerratik bueltan itzulitako gazteek tiro egiten diete afaltzen edota lagunartean zerbait hartzen daudenei. Le Petit Cambodge jatetxea, La Casa Nostra pizzeria eta Le Carillon eta La Belle Équipe tabernak odolez estaltzen dira bat-batean. Ordu berean futbol zelaian eztanda handi bat entzuten da. Jihadista batek bere buruaz beste egin du barrura sartzeko saiakeran. Beste bi gehiago ere etorriko dira bere atzetik. Ordurako palkoan den Hollande presidentea estadiotik atera dute. Irailaren 11n Al-Qaedak bahitutako hegazkinek World Trade Center ezagunaren aurka jo zutenean bunker batera eraman zuten George W. Bush AEBetako presidentea. Horrelakorik ba ote da Parisen? Partidua, hori bai, arazorik gabe amaituko da, baina Alemaniako jokalariek gaua bertan igarotzea erabakitzen dute, badaezpada ere. Izan ere, izua da nagusi Parisko nuit ezagunean. Erasoaldi bortitzena rock kontzertuan helduko da. Jihadistak tiroka sartzen dira kontzertuan, Estatu frantsesak Sirian ISISen aurka hasi berri dituen bonbardaketak salatuz eta mendekua aldarrikatuz. Polizia Bataclan aretoan sartzean beren buruez beste egingo dute jendartean erasotzaileek. Gau odoltsu hartan hildako 130 lagunetatik (jihadistak kontuan hartu gabe) gehienak (80tik gora) bertan zeuden. Ordurako hilabete luzea zeraman Armada frantsesak ISISek bere egin duen Siriako lurraldea bonbardatzen, eta ordurako ere dozenaka zibil (tartean hamabi haur) hilak ziren hegazkin militarretatik botatako lehergailu frantsesen eraginez. Aurrekariak Samurra litzateke aurrekari-ondorio logika hutsa aplikatzea kasu honetan, samurregia agian. Egia da ezin direla ondorioak aurrekariak kontuan hartu gabe ulertu. Baina atentatu jihadistak ez ziren hasi Estatu frantsesean Hollandek irailean ISISen aurka ekitea erabaki zuenean. Abiada biziko garaiotan ez da gogoetarako astirik izaten eta askok ordurako ahaztuta zuten urtea hasi bezain laster, urtarrilaren 7an, bi anaia, frantsesak hauek ere, “Charlie Hebdo” astekari satiriko ospetsuaren erredakzioan sartu zirela tiroka: bertako hamabi langile, tartean aldizkariko zuzendaria bera eta Estatu frantseseko lau karikaturagile famatuenetarikoak, hil zituzten. Aldizkaria jihadisten jo mugan zen aspaldi eta islamisten kritika gogorrak jasotzen zituen Mahomari buruzko irudi «iraingarriak» kaleratzeagatik. Erasotzaileen atzetik bi egun luze eman ondoren inprimategi baten aurkitu eta tiroz hil zituen azkenean Poliziak. Egun berean, anaien konplize bezala aurkeztu zen beste jihadista bat, jatorriz Malikoa, supermerkatu judutar batean sartu zen: bertan zeudenak bahitu eta lau bezero hil zituen Poliziak bera hil aurretik. «Je suis Charlie» kanpaina Bi erasoon ostean aste luzeak eman zituen gizarte frantsesak bere egonezina mamitzen. “Je suis Charlie” kanpainak berak hautsak harrotu zituen hainbat sektoretan. Eta ez bakarrik elkartasunaren ibilbide bakarra agerian uzten omen zuelako. Laikotasunaren, islamofobiaren eta eurozentrismoaren arteko mugen inguruan ere eztabaida sutsuak eman ziren. Urteak aurrera egin ahala eraso edo eraso saiakera gehiago izan ziren. Aipagarriena abuztuaren 21ekoa: jatorriz marokoarra zen gizon bat Amsterdam eta Paris arteko Thalys abiadura handiko trenean sartu zen gerra armekin. Bidaiari talde batek, Afganistanetik bueltan zetozen hiru soldadu estatubatuar tartean, erasotzailea geldiaraztea lortu zuen, itxuraz izugarrizko sarraskia izan zitekeena ekidinez. «Otso bakartiak» Azaroaren 13ra arte erasotzaile guztiak, baita “Charlie Hebdo” astekariaren aurkako erasoa egin zutenak ere, “otso bakarti” gisa aurkeztu zituen poliziak. Termino horren jatorria Ameriketako Estatu Batuetan dago; hain zuzen, arraza zuriaren aginte osoa aldarrikatzen duten ideologo batzuek proposatutako taktika da, hau da, norbanako erasoak egitea, talde antolatu baten baimen edo laguntza gabe. Egun, zuzen-zuzena ez den arren, ideologia jihadistak bultzatuta baina beren kabuz eta askotan bakarrik erasoak egiten dituztenei ere aplikatzen zaie terminoa. Kontuan izan behar da ISIS berak ere sarri egin izan diela dei munduan sakabanatutako bere jarraitzaileei ahal duten eran eta unean eraso egin dezaten. Abenduaren hasieran Kaliforniako San Bernardino herrian sarraskia eragin zuen bikote musulmanak horrela bete zuen kalifatoaren agindua. Ondo antolatutako taldea Azaroaren 13koa guztiz desberdina izan zen, ordea. Han ez zegoen otso bakartirik, ondo antolatu eta prestatutako ISISen komando bat baizik. Erasoa ahalik eta min gehien egiteko prestatuta zegoen. Aurreko egun eta hilabeteetan Pariskoa bezalako sarraskiak eraginak zituen ISIS berak, batik bat kontrolatzen dituen inguruetatik gertu dauden herrialdeetan (Libano, Turkia...). Gehienak, hala ere, bonba erasoak izanak ziren. Konparaketa odoltsua eginez, aurten Tunisian izandako bi erasoekin aldera daiteke Pariskoa, hau da, Bardo museoan eta Susako hondartzan turisten aurka egindako tiroketa indiskriminatuekin. Parisen gainera, erasotzaile gehiago izan ziren. Hollandek gerra deklaratu dio ISISi, jihadistak edo “musulmanen gerra santuan” ari direnak aspaldian gerran ez baleude bezala. Hegazkin militar frantsesak jo eta su ari dira Siria eta Iraken eta asko beldur dira horrek ez ote duen atentatu arriskua handituko. Siria eta Irak gerran dira aspaldi, eta, uneotan, gainera, nazioarteko potentzien arteko gerra lurralde bilakatu dira. Berriena, ordea, honakoa da: Estatu frantsesa bere mugen barnean da gerran. Siriatik bueltan datozen ehunka gazte frantziarren aurka, eta ez du banlieu edo bazter auzoetan esperantza galdu duen gazteriaren inolako konplizitaterik. Gorrotoa baizik. Azaroaren 13ra arte erasotzaile guztiak, baita «Charlie Hebdo»-ren aurkako erasoa egin zutenak ere, «otso bakartiak» ziren. Gau hartan ondo prestatutako talde batek egin zuen eraso Estatu frantsesa bere mugen barnean da gerran Siriatik bueltan datozen ehunka gazte frantziarren aurka, eta ez du bazter auzoetako gazteriaren konplizitaterik, gorrotoa baizik