GAUR8 - mila leiho zabalik

Gregorio Samsa gogoan: metamorfosia eta inurria


Mende bete pasa berri da Franz Kafka maisuaren “Metamorfosia” eleberria argitaratu zenetik. Bere hasiera ezaguna gogoan, goiz batean, loaldi aztoragarriaren ostean, zomorro zatar bihurturik, bizkarra oskol gogor, tripaz gora, bere hanka kontaezinak ikusiz esnatu zen Gregorio Samsak espantuz pentsatu zuenaz akordatu naiz: “zer gertatu zait?”. Metamorfosia politikara ekarri nahi nuke, aldaketa existentziaren oinarrizko forma dela aldarrikatuz. Ez dakit asmatuko dudan Gregorioren pentsamendu hori ezker abertzalearen komunitate politikoan egon daitezkeen hainbatekin lotzen. Pluralaren lehen pertsonan jokatuz, “zer gertatzen zaigu?” galdera paratu nahi dut, eta, hari gisa hartuta, letra hauen juntagarri egin. Kasu, baina, ez dut biribil esaten gertatzen zaiguna kafkianoa denik. Kontu batzuk badiren arren, politikoak baino prepolitikoak, eztabaidaren eta arrazonamenduaren bitartez oratu baino, zuzenki, Osakidetzan edo Osasunbidean tratatu beharrekoak.

Metamorfosiaz mintzo, aitortuko dut betidanik kezkatu nautela intsektuen misterioek. Termiten gizarte antolaketa, adibidez, bere primitibotasunean, sozialismo zientifikoaren aplikazio praktikotzat jo izan dut. Gizarte baten funtzionamendu harmoniatsua inurrien antolaketaren mirari politikoan egiten zait ikusgarri. Sorgin-orratzak ehizatzen ikusi eta ikasi egiten dut. Marisorginak ze mokadu ederrak egiten dituen sorgin-orratzen kontura, adibidez, sorginkeriaren irakasgaitzat daukat. Labezomorroen ezdeusa zinez epopeikoa da. Milaka milioi euro xahutzen dira labezomorroen kontrako gerra kimiko eta hormonalean, eta, hala ere, labezomorroa beti zomorro eta beti gizakiari tirrit!

Azken buruan, zer gara gizakiok ba? Batzuk kotxorro, besteak (potro)zorri, marisorgin ala sorgin-orratz, labezomorro kaskagogor ugari Euskal Herrian... Gure misterio ilun eta gartsuan, ez ote dugu intsektu trazarik? Baiezkoan nago. Har ditzagun inurriak, adibidez. Politikoki inurri lanak duen garrantziaz aspaldi aritu zen intsektuaren izen bera zuen txosten gogoangarria. Ez dut, ordea, hari horretatik atzera begira tiratu nahi. Espezie eta kultura bezala inurriek duten inpaktua, pisua eta kopuruagatik gure mundua nola dominatzen duten interesatzen zait. Munduko pertsona guztiek baino pisu handiagoa dute munduko inurriek. Baserritarrak baratzezaintzan hasi baino askoz lehenago, onddoak hazten zituzten, abeltzaintzari ekin baino lehen landare-zorriak jezten zituzten, edo aletegiak asmatu baino lehen haziak gordetzen zituzten. Duela 120 milioi urte sortu ziren intsektuon patroiak erreproduzitu eta perfekzionatu zituzten duela bi milioi urte sortutako gure arbaso hominidoek.

Hortaz, ezker abertzalea organismo biziduna den heinean, kultura eta komunitate gisa aurrera egiteko badugu inurrietan non ikusi eta zer ikasi. Badugu kohesioaren eta kooperazioaren bidez, elkarrekikotasunaren eta elkarkidetzaren bitartez, iraupena, moldagarritasuna eta helburu komunak nola eskuratzen diren inguruko adibidea, parasitoen aurka nola antolatu, nola taxutu harraparien aurkako defentsak.

Horretarako, hasteko, betiko tximino biluziak izaten jarraitzen dugula, eboluzioaren kimera bat, behingoagatik, onartu beharko dugu. Politikoki “piña egiten” aritu eta orain mazedonia garela onartu. Haikuak tximeletak ez duela ahazten behinola zizare izan zela dioen bezala, etorkizuneko erantzun asko gure izatean daudela, inurriek inurritegietan legez “cromlech”-ean bildu behar dugula gure komunitatea, indarberritzeko trinkotu, arnas luzeaz ekin, eta, horizonte sakona ikusmiran, zentzua eta misioa egokitu.

Metamorfosia ez da inoiz bat-batekoa. Ez da presaren eta larriminaren kumea. Ez da tragediaren noranzkoa duen bidea. «Oraingoan asmatzen ez bada, akabo!» eta halakoak soberan daude. Apustua argi eta poliki-poliki tonua hartzen, lanean serio eta pausu seguruz. Horretan ari dira inurriak. Aurki ikusiko da beren obra perla. •