FEB. 20 2016 Historiako maparik zaharrena Ander Izagirre - @anderiza Kazetaria Haize korronte bat nahikoa zaio Xabier Cabezoni Leitzarango basoetan orientatzeko. Berrogei urte daramatza, urratsez urrats, bailara honetako maparik zehatzena osatzen. Hala ere, basoan gora, zalantza egin du bidea erabakitzeko. Honaino ekarri gaituen xenda desagertu egin da pinu artean, eta Xabierrek gora egin du intuizio hutsez. Baina erreferentziak falta zaizkio. Halako batean, gelditu egin da, belarriak tente, azala adi. –Ez al duzu aire korronte hotz bat sentitzen?– galdetu dit. Bai, gure ezkerretik brisa leun eta fresko bat dator. –Begira, harkaitz tarte horretan galeria bat dago. Hortik dator haizea. Sasiek estalitako gain txiki bat adierazi dit, eta hango harkaitzen arteko aho txiki bat. Burdina ateratzeko galeria meharra zen, aspaldi abandonatutakoa, eta Xabierrek orain badaki non gauden: gaur egun galeria horren berri dakien pertsona bakarrenetakoa izango da, bakarra ez bada, eta buruan grabatuta daraman Leitzarango mapa zehatzean koka dezake zalantzarik gabe. Badaki, beraz, non gauden. Paperezko mapa atera du motxilatik, 1:100.000 eskalakoa. Berak egindakoa da. Berrogei urte eman ditu ingeniari donostiar honek, bere denbora librean, mapa hori lantzen eta osatzen, koloretako puntutxoz josten: horrela adierazten ditu meazuloak, mea zainak, burdinolen eta labeen hondarrak, trenbidetxo ahaztuen arrastoak eta behinolako toponimoak. Basoan galdutakoak gehienak, bere mapan berreskuratutakoak. Erreportaje baterako ibilbide bat deskribatu behar nuen eta horregatik etorri naiz Xabierrekin. Ibilbide ezezagun hori osatzen lagundu dit. Osatzen eta arrasto xumeekin markatzen: berak badaki pertsona arruntek ez daukatela, berak bezala, basoaren erdian haize korronte batekin orientatzeko gaitasunik. Horregatik, xenda desagertzen den puntura itzuli gara eta Xabierrek harri pilo bat osatu du lurrean, balizko ibiltariei bidea adierazteko. Basoan gora goaz, pinu, garo eta sastraken artean. Ibilbide honi buruzko erreportajean, trenbide txiki baten arrastoak ezagutarazi nahi ditut. Duela ehun urte baino gehiago meatze batetik burdina jaisten zuen tren horrek, baina lokomotorarik gabe: mandoek tiratuta ibiltzen zen. Meatzeak aspaldi itxi zituzten, trenbidea bertan utzita gelditu zen, basoak irentsi zuen. Baina Xabierrek agiri zahar batean bere berri izan zuen eta basoa miatzen ibili zen, arrastoak aurkitu arte: errail puskak, meazuloak, plano etzanak, labeen arrastoak. Aurkitu ditugu azkenean. Trenbide desagertuaren bide leundua jarraitu dugu basoan, gero mendian gora joan gara Altzadiko gaina harrapatu arte. Hemendik aurrera errazago goaz, zelai eta aldapa zabaletan behera, Gipuzkoako itzuliko pintura zurigorriak jarraituz (GR-121). Toponimoen jakituria zaharrak ere lagundu digu: Xabierren mapan Putretako Harria izeneko leku bat ageri da, gure bidean, eta halako batean haitz altu batzuen inguruan putreak hegan ikusi ditugu. Munduan ondo kokatuta sentitu gara. Eta historiako lehenengo mapa erabiltzen ari garela iruditu zait. Munduari izenak jarri zizkioten arbasoen bidean goazela. Duela urte pare bat, Urkizutik Erniozabalera igo ginen lagunartean. Ez genuen bidea ezagutzen eta erreferentzia bakarra geneukan: Lizarbakar izeneko lepora iritsi behar ginela. Hemen doan argazkian ikus dezakezuenez, ez genuen inolako zalantzarik izan. Gailurrean pentsatu nuen norbaiti eskerrak eman behar genizkiola, orientatu eta bidea erakusteagatik, baina ez nekiela nori. Mundua izendatzen hasi zen arbaso cro-magnonarekin gogoratu nintzen, lehenengo argibidearekin orientatu zen lehen artzainarekin («zoaz putreak egoten diren haitzaren paretik», adibidez) eta pentsatu nuen toponimoak solidaritate genetiko baten oihartzuna direla. Leitzaranen, Xabierrekin, mundua zaindu eta izendatzen duten pertsona horietako baten orpotik ibiltzearen zirrara sentitu nuen. • www.anderiza.com