FEB. 27 2016 2005eko udako Arnaldo Otegi hura Ramon Sola Herri txiki honetan edonork izango du gogoan Arnaldo Otegirekin lotutako anekdota, bizipen edo oroimenik (Lizarra-Garaziko Akordioak “ospetsu” bilakatu zuenekoa, 2002an Ertzaintzak bere izena idatzita zeraman pilota jaurti zionekoa, 2004ko maiatzaren 11n gezur masiboa biluztu zuenekoa, Belodromokoa, Anaitasunakoa...). Bada, gaurkoan, nik neuk bizitako bat kontatuko dut. 2005eko uda aldera, elkarrizketa formatuan liburua osatzen hasi ginen GARAn. Iñaki Iriondo eta biok zazpi-zortzi aldiz elkartu ginen Arnaldorekin, hemengoaz eta hangoaz; iraganaz, orainaz eta geroaz; kontu garrantzitsuez zein xumeez solas egiteko. Lehen topaketan, kortesia logikoz baina baita lanak gutxieneko planifikazioa eskatzen zuelako ere, hurrengo egunean zertaz arituko ginen aurreratu nahi izan genion (ez galdera zehatzak, gaia baizik). Gure harridurarako berak ezetz esan zigun, ez zela beharrezkoa, ez zuela ezer prestatzeko asmorik eta elkarrizketa aldez aurretik ezer jakin gabe abiatzen bazen naturalago-edo aterako zela liburua. Aitortzen dut horrelakorik ez zaidala berriz inoiz gertatu, kontrakoa baizik: zenbat elkarrizketatuk ez dute eskatzen gaiak, eta zenbaitetan baita galderak ere, aurretik pasatzea? Zenbatek denbora hartu eta idatziz erantzuteko aukera ematea? Bigarren hitzorduan baieztatu genuen; horrela jokatzeko arrazoia izan bazuen Otegik. Edozein zela galdera (torturatik aireportuetara, inperialismotik nekazaritzara...), bat-batean eta zentzuz zetorren erantzuna. Begi bistakoa zen gure zalantza guzti-guztiak aurretik Arnaldoren burutik pasatakoak zirela eta hausnarketon ondorioak edonork ulertzeko moduan adierazten bazekiela. Ados izan ala ez, hor bazen Euskal Herrirako eta euskal herritarrentzako ideia landu bat, plan oso bat. Transkribatzeko orduan izan genuen azken ustekabea: ez zen, beste elkarrizketetan gertatzen den bezala, ezer garbitu, moztu, luzatu, argitu edo txukundu beharrik. Arnaldo berak ahoskatu bezala heldu zen ‘‘Bihar Euskal Herrira’’&flexSpace;inprentara. Ez dut uste sekula santan liburu bat idaztea hain erraza izan denik... Hiruzpalau urte geroago, negoziazio prozesua eta espetxealdi pare bat pasata, berriro berarekin hainbat aldiz luze mintzatzeko aukera izan genuen, era informalean gehienak. Ordurako estrategia aldaketaren uste sendoa eta diseinu borobila zituen buruan jira eta buelta, eta bere onuraz konbentzitzeko pasio eta ahalmen soberakoa. Lan kolektiboa izango zen irauli hori ezinbestean, baina argi dut Otegiren ekimenik gabe ez zela abiatuko; edota abiatuta ere, bere bultzada izan gabe ez zela oso urrutira helduko. Lidergoa deitu ohi zaio horri. Eta nerabetasun mailako nostalgiak alboratuta, zinez edozein parametrotik irakurrita euskal independentistentzako 2008ko agertoki hura 2016ko hau baino emankorragoa al zen? Beraz, Otegiren gaitasuna itzela delakoan nago. Baina tranpa ugariri izkin egin beharko die, hurrengo astetik hasita: etsaiek jarritakoak, noski; etxeko arazoek eragindakoak, dudarik gabe; eta ezin ahaztu bera barruan zela munduak –bereziki komunikazioaren munduak– bizitako eroaldia. Egungo nahasmena, fribolitatea eta zuzentasun politikoaren tirania buru argienak eta sen onena itotzeko modukoak dira-eta. Aukeran, 2005eko uda hartako Arnaldo Otegi berraurkitu nahiko nuke. Bere herriaren zein munduaren edozein arazo arrotz ez duena. Ezker abertzalearen zilborrari begira gelditzen ez dena. Eguneroko lokatzak zapaldu baina urruti begiratzen duena. Iraganean trabaturik geratu gabe, geroa buruan duena. “Gora gu eta gutarrak” leloari “zuek” eta “haiek” ere eransten dakiena. Arriskuak baino, aukerak aztertzen dituena. Irabazteko gogoa duena, ez galtzekoa, ezta berdintzekoa ere. Argi eta arrunt mintzatzen dena. Burutik burura eta bihotzetik bihotzera. Sakon baina gizatasunez. Enpatikoa eta sinpatikoa. Sortzailea eta, agian, birSortzailea. Norbaiti mina eman arren, egia esaten duena. Handitasuna apaltasunean hasten dela jakin badakiena. Ongi etorri eta zorte on! • Otegiren gaitasuna itzela da, baina tranpa ugariri izkin egin beharko die; etsaiek jarritakoak, noski; etxeko arazoek eragindakoak, dudarik ez; eta ezin ahaztu barruan zela munduak bizitako eroaldia