FEB. 27 2016 Eleaniztasuna: zientzia ala politika? Arantxa Urbe Hezitzailea eta Hik Hasiko kidea Zergatik ote da Euskal Herrian hizkuntzak ikasi eta irakasteko gaia beti zail, korapilotsu eta gatazkatsu bezala aurkezten dela... eta, zer esanik ez, euskara tartean denean. Edo tartean izatea nahi ez denean esan beharko genuke, igual, gatazkaren muina hobeto ulertzeko. Europan aspaldi ikusi zuten eskolako erronka nagusienetako bat ikasle eleaniztunak prestatzea zela, eta horretarako elebakartasuna eta elebitasuna alde batera utzi behar zirela. Hala, Europako Kontseiluak “Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Markoa: Ikaskuntza, Irakaskuntza eta Ebaluazioa” dokumentua aurkeztu zuen 2001ean. Dokumentuan zehatz-mehatz aurkezten dira hizkuntzetan ikasleak ahoz eta idatziz dituen ulermen eta adierazmen maila neurtzeko tresnak. Ordutik, hizkuntzaren batean zein maila duzun zehazteko A1, A2, B1, B2, C1 edo C2 mailak erabil ditzakezu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako heziguneak izango dira euskararekiko egoera hoberenean daudenak. Han, gutxienez, legeak esaten du ikasleek derrigorrezko eskolaldia amaitzean bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, ongi menderatu behar dituztela, eta atzerriko hizkuntza bat edo bi. Bestalde, hamarkadak dira A, B eta D ereduak ezarrita daudela. Hala ere, ikasle askok jarraitzen dute eskolatik ateratzen euskaldundu gabe edo gutxi euskaldunduta. Zer da, bada, hizkuntza bat ongi menderatzea? Nola neur liteke hori? Harrigarria da oraindik, Europako Kontseiluak dokumentua aurkeztu eta hamabost urtera, hezkuntzaz arduratzen den inongo administraziok ez finkatu nahi izatea zein den hizkuntza bakoitzerako ikasleek lortu behar duten maila. Noiz eta gure gazte askok Europara jo behar duten beren prestakuntza osatzera edo lanera; noiz eta hizkuntza eskakizunak inoizko handienak diren. Izango du arrazoiren bat administrazioek euskararekiko eta, bide batez, beste hizkuntzekiko duten jokaera horrek. Susma daiteke arrazoi horiek gutxi dutela ikusteko soziolinguistikarekin, psikolinguistikarekin, glotodidaktikarekin edo pedagogiarekin berarekin. Izango da, akaso, irizpide soziopolitikoek gain hartzen dutela, gehienean, hizkuntzak ikasi, irakatsi eta ebaluatzeko gai horretan. Azken “gatazka linguistikoa” Nafarroatik etorri zaigu. Han, hautsak harrotu ditu Nafarroako Gobernuak, azkenik, hezitzaileak kontratatzeko onartu duen lan eskaintza publikoak. Aurreikusita zeuden euskarazko 120 postu kendu ditu, eta 200 postu eskainiko ditu: 108 euskaraz eta 92 gaztelaniaz. Langileen eskubideei begira egin dezakegu irakurketa. Edo ikuspegi soziolinguistiko eta soziopolitiko batetik egin dezakegu. Jar gaitezen gaztelaniaz eskainiko diren 92 postuei begira. Euskaraz ez dakiten 92 langile berri kidetuko dituzte sisteman: zertarako, baina? Ibilbide profesional luzea geratzen zaien langileak dira, eta urte horietan heziguneak euskaraz bizitzea zailduko dute, adibidez. Hori konpentsatzeko ekimenak asmatu beharko dira, inbertsioak egin noizbait langile horiek euskalduntzeko, eta abar. Ez al da errazagoa, merkeagoa eta logikoagoa sisteman gutxienez euskara eta gaztelania menderatzen duten langileak sartzea, elebidunak direnak, alegia? Heziguneko hizkuntza proiektuak eskatzen duenean euskaraz egingo dute eta hala eskatzen duenean gaztelaniaz egingo dute. Noizbait hartu beharko da erabaki hori, baliabideak optimizatu nahi badira, bederen. Eskubideen arteko talka dago, noski. Langileen eskubideen eta ikasleen hizkuntza eskubideen artekoa, behintzat. Etxekoek eskola-hizkuntza erabakitzeko eskubidea ere egon liteke tartean. Talka horretan, ordea, noren eskubideak lehenetsi behar dira? Ebazpen horrek badu ikuspegi politikoa, klaro. Hor zegok koska! Eztabaida maila horretara ekarrita, hau da, maila politikora, behingoz hizkuntza-gatazka horretatik atera nahi badugu, eta benetan euskararen berreskurapen eta normalizazio bidean urrats irmoak eman, gure jarrera ere argitu beharko dugu: euskarak ezin du jarraitu soilik eskolako edo euskalgintzako helburua izaten, helburu nazionala izan behar du, ezinbestez: eskolan eta eskolaz kanpo. •