GAUR8 - mila leiho zabalik

Sailburuen desfilea


Denbora bat daramat ohean sartu eta loak hartzeko ardiak kontatu beharrean sailburuak kontatzen, Gobernuko sailburuak esan nahi dut, Arantxa Tapia, Jon Darpon eta enparauak alegia. Eta horren errua Roland Barthesek du, eguneko jarduna eten eta ohera joan aurretik garunari atseden emateko telebista ikustea gomendatzen baitzuen.

Badakit iparramerikar idazle gazteek telebista piztuta idazten dituztela beren eleberriak eta pantaila txikiko pertsonaiak sartzen dituztela orrialdeetan. Gu ez gara horretara iritsi. Ez dakit nori entzun edo irakurri nion goizean telebista ikustea baraurik ginebra edatea bezala dela. Esaten didate gainera, eta egia izango da, biharko literaturaren ernamuina ere telesailetan dagoela, baina nik ez ditut jarraitzen. Gaueko albistegien ordua iristean telebista piztu eta dagoeneko motelduta dudan garuna motelagotzeko esertzen naiz; eta, bidenabar, gurean eta munduan zer gertatu den jakiten dut.

Pizten dut, beraz, ETB eta hasten naiz sailburuen desfilea ikusten. Ez da egunero izaten, baina bai ia beti. Ez da Gurutzetako ospitalean gela berririk zabaltzen, ez da auzoren batean txertorik ematen Jon Darpon telebistan atera gabe, berdin dio Ebola, Zika, gripea edo zein izurriteren mehatxua dugun.

Ez da elkarte autonomo honetan inbertsiorik egiten, ez da autobusik edo trenik atzerriko merkatuan saltzen, ez da ordezkaritzarik Txilera edo Taiwanera joaten Arantxa Tapia bozemaile ez badoa. Etxean ordu horretan bukatu ohi dugu afaria eta, bakarrik ez naizenetan behintzat, mahaitik altxatzen naiz. «Nora zoaz?», galdetzen didate eta «Arantxa Tapia ikustera», erantzuten diet. Esertzen naiz sofan eta agertzen da, berdin dio Culinary Centerreko sari baten berri ematen edo Txinako altzairuaren dumping-ari buruz hizketan.

Ez dut sekula telebistan lanik egin, baina milaka prentsaurreko eta aurkezpen laburbildu behar izan ditut. Politikoei tarte bat egin izan badiet ere, bazter bateko aipamena izaten zen gehienetan, beren arloko kontu bat ez baldin bazen behintzat.

Ez naiz batere erretxina telebistaren aurrean, oso konformaerraza baizik. Helburua lokartzen hastea delarik, programa txarrenen bila ere ibili izan naiz. Sailburuen desfileak, ordea, urduri jartzea nau.

Otsailaren azken egunetan bi lege proposamen aurkeztu zituen EH Bilduk Legebiltzarrean «albistegiak benetan independenteak izan daitezen bermatzeko», eta konfiantzazko karguen sistemarekin amaitzea eskatu dute. Horrela jakin dut albistegietako buruak ere agintean dagoen alderdiak izendatzen dituela.

Gauzak konpontzen diren bitartean albistegirik ez ikustea erabaki dut. Ardiak kontatuz egingo dut salto Morfeoren besoetara. •