MAR. 19 2016 Txinako zenbait irakaspen enplegua sortzeko Isidro Esnaola Hazkundea dela, esportazioak direla, dumping-a dela… eztabaida ekonomikoetan etengabe agertzen den hizketagaia da Txina. Sarritan, Txinako ekonomia kritikatzeko izaten da; gutxitan, aztertzeko eta irakaspenak ateratzeko. Txinako Gobernuaren politikarekin ados egon ala ez, badago-eta zer ikasi. Garabidean diren estatuetan harreman ekonomikoak modu agerikoan azalarazten dira eta horrek aldaketa ekonomikoak ulertzeko erraztasunak ematen ditu. Aste honetan Txinako Herri Asanblada Nazionalak XIII. bosturteko plana onartu du. Plan horretan hazkunde aurreikuspenean jarri da atentzioa. Hazkunde tasaz gain, baina, beste aztergai interesgarri batzuk ere biltzen ditu plan berriak. Esate baterako, eta enpleguari dagokionez, Txinako Gobernuaren helburua hirietan 50 milioi enplegu sortzea da. Lanpostu horiek antolatzeaz gain, Gobernuak zenbait sektore ekonomikotan birmoldaketa bultzatu nahi du, arrazoi ezberdinak tarteko. Kasu batzuetan gehiegizko ahalmena dute sektoreok; beste kasu batzuetan, energia kontsumoa gutxitzeko eta ingurugiroko konpromisoak betetzeko asmoz efizienteak ez diren fabrikak itxiko ditu. Helburu horiek guztiak kontuan harturik, plan berriak zehazten du altzairuaren eta ikatzaren sektoreetan hasiko dela birmoldaketa. Gobernuaren aurreikuspen arabera, 1,8 milioi lanpostu galduko dira bi sektore horietan eta langile horientzat ere enplegu berriak sortu beharko dira. Helburu horrekin 13.700 milioi euroko funtsa sortzea erabaki du. Li Keqiang lehen ministroak azaldu zuenez, beharren arabera handituko du funtsa Gobernuak. Horrela, eskulana, teknologia eta kapitala bideratuko ditu Administrazioak berrikuntzarekin lotutako enplegu berriak sortzeko. Gu bezalako herri txiki batentzat Txinako zenbakiak neurriz kanpokoak dira. Dena den, XIII. bosturteko planak erakusten duenez, alde batetik, Gobernuak garapen eta enplegu helburuak zehaztu eta kuantifikatu ditu; eta, bestetik, helburu horiek betetzeko plangintza eta baliabideak ere zehaztu ditu. Zaila da aurreikustea zenbateraino lortuko duen Txinako Gobernuak ezarritako helburuak betetzea. Lehen ministroak onartu zuen, adibidez, batez besteko hazkunde tasak betetzen dituela Txinako ekonomiak, baina eskualdeen arabera garapenak desoreka nabarmenak dituela. Beraz, ez da arazorik gabeko ibilbide bat izango. Helburu zehatzek, norabideak, baliabideek, neurrien logikak eta egutegiak osatzen dute plan bat. Gurera etorriz, aste honetan aurkeztu diren enplegua erregulatzeko bi espediente handien inguruan Gasteizko Gobernuak izan duen erreakzioak erakutsi digu Lakuak ez daukala planik, itxura egitea dela bere kezka iturri bakarra. Jarrera horren oinarrian Gobernuaren ikuspegi liberala dago: merkatua Estatuaren esku hartzea baino efizienteagoa dela itsu-itsuan sinesten du. Administrazioak egiten duena ekonomiaren kalterako dela pentsatzen du. Horregatik, enpresarientzat “lurralde atsegina” bihurtzea eta enpresak “laguntzea” egin dezakeen ekarpen bakarra dela pentsatzen du. Enpresariekin selfie-ak ateratzera mugatzen da bere jarduera industriala. Jarrera horrekin kapitalaren logika bakarrik elikatzen du: ahalik eta etekin handienak lortzeko eskubidea dute enpresariek. Hori horrela, bada, enpresarien ikuspuntutik erabat logikoa da galera txikiak dituen edozein fabrika gelditu edo ixtea; inbertitzaileen dibidenduak daude beste edozeren gainetik. Eta logika horren aurrean, Gasteizko Gobernua erabat indargabe geratzen da. Enplegua erregulatzeko espediente handiek lanpostu batzuk beste lanpostu batzuekin elkar loturik daudela erakusten digute. Lanpostuek elkarren mendeko sarea osatzen dute eta sare hori lurralde batean zabaltzen da, lanpostu bakoitzaren “jabea” nor den kontuan hartu gabe. Ekonomiak gero eta izaera sozialagoa du eta izaera horrekin lanpostuen jabetza pribatua kontraesanean sartzen da etengabe. Planak sortzea eta egikaritzea ezinbestekoa da lanpostuen sare sozial hori mantentzeko. • Enplegua erregulatzeko espediente handiek lanpostuak elkar loturik daudela erakusten digute. Lanpostuek elkarren mendeko sarea osatzen dute, eta sare hori lurralde batean zabaltzen da