MAR. 19 2016 infraganti XABIER SALDIAS Aste honetan bertan bete ditu 65 urte abeslari azpeitiarrak eta horietatik 46 Egan taldearekin plazaz plaza eman ditu. 19 urte zituela hasi zenean, ez zuen asko pentsatzen bizimodua musikatik aterako zuenik. 4.600 plaza inguruko bidea egin ondoren, datorren urrian erretiratuko dela iragarri du Xabier Saldiasek. Last update: MAR. 19 2016 - 00:07h Amagoia Mujika Telleria Sei urte zituenerako herriko abesbatzan abesten zuen. Etxetik jaso du musikarako zaletasuna, txikitatik. «Zortzi anai-arreba gara gu. Otxotea eta gurasoak, denak aritu izan gara beti kantuan. Aita eta ama ere abeslari finak izan dira eta gure etxean ospakizun guztiak kantuan bukatzen dira. Edozein abesti hiru ahotsetan kantatu izan dugu familian», hasi da kontatzen. Aste honetan bertan bete ditu 65 urte, martxoaren 14an, eta erretiroa hartzera doa, datorren urrian. «Erretiroa hartzeko adina iritsi zaion langile bat naiz», esaten du. Musikatik bizitzea lortu duen langilea da, ez da marka makala, eta pozik dago horregatik. «19 urte nituen eta Enpresaritza ikasten ari nintzen. Etxean zortzi seme-alaba ginen, dirua ez zegoen soberan, eta lehenengo sosak Ormaiztegiko Zubis taldearekin abesten atera nituen. Eta horretan ari ginela, lau azpeitiar elkartu eta talde bat sortzea erabaki genuen. Azpeitira beti musika talde espainolak ekartzen zituzten eta guk ez genuen ondo pasatzen haiekin. Horregatik sortu genuen Egan, euskaraz kantatzeko». Saladiasek aitortzen du hasiera hartan ez zutela uste musikatik biziko zirenik, baina plazak pilatzen hasi ziren bata bestearen gainean eta une batean Enpresaritzako ikasketak utzi eta musikaren aldeko apustua egin zuen. Eta, gaur arte. 1970. urtea zen, Ez Dok Amairu taldea martxan zen eta The Beatles talde ingelesa moda-modan. «Ez Dok Amairuren eta The Beatlesen kantuen bertsioak egiten hasi ginen, euskaraz. Formula horrekin hasi eta segituan hasi ziren herri desberdinetatik deika. Sekulako arrakasta izan genuen. Kanta modernoekin euskarazko erromeriarik ez zegoen garai hartan, egiten genuena gauza berria zen eta jendeak gogoz hartu zuen». Bertsio bereziak The Beatles taldearen bertsio propioak egiten hasi zen Egan taldea, besteren artean. Eta 46 urteko ibilbidean, bere ezaugarrietako bat horixe izan da; Euskal Herritik kanpoko talde askoren melodiak euskarara ekarri ditu, bertsio oso pertsonalak eginez. 1992. urtean, Queen taldearen omenezko disko bat kaleratu zuen Eganek. Oso bitxia da bertsio horien letrak osatzeko darabilten modua. «Sekula ez dugu letren itzulpena egin, letra erabat asmatu izan dugu beti. Saiatu izan gara bertsio originalarekin parekotasun fonetikoa topatzen. Adibidez, Queen taldearen omenezko diskoan, haiek ‘show must go on’ esaten dutenean guk ‘zu maixu on’ esaten dugu. Gehiago esango dizut, kantua entzun zuen lagun kataluniar batek esan zigun konbentzituta zegoela ingelesez ari ginela kantuan», kontatu du. Egan 1970. urtean hasi zen eta Akelarre taldea, bi urte geroago. Bizpahiru hamarkadetan bi talde horiek erromeria giroa Euskal Herriko plaza askotara eraman zuten. «Oso desberdinak ginen. Gu igoal herrikoagoak ginen. Gu nagusiki herriaren nahiak betetzera joaten ginen, eskatzen zigutena jotzen genuen arazorik gabe. Akelarrek, baina, errepertorio propioa zuen eta hari segitzen zioten. Musikalki gu baino askoz hobeak ziren, detaile guztiak zehaztuta aritzen ziren. Gu festara joaten ginen gehiago, gehiago inprobisatzen genuen». Ukuilu batean arituak Ez omen dira sekula bueltatu etxera emanaldirik eskaini gabe. «Edozein tokitan jotzen genuen guk. Ez ginen oso exijenteak baldintza teknikoak eta jartzen. Behin etxetik aterata, lana eginda eta soldata kobratuta bueltatzea gustatzen zitzaigun. Behin Elorrioko Berrio auzora joan ginen eta ukuilu batean jo behar genuela esan ziguten, bonbilla txiki batekin. Guk, gainera, sabaian jo genuen. Igo genituen traste guztiak hara gora eta hantxe jo genuen, bonbilla txiki baten argitara. Jende guztia dantza batean aritu zen, gero eta ilunago, hobe», gogoratu du umorez. Beste batean Berriozarren bi gurdi elkarren ondoan jarri eta hortxe jo zuen Egan taldeak. «Aukeran nahiago genuen baldintza txukunxeagoetan aritu, baina sekula ez dugu emanaldi bat bertan behera utzi baldintzak txarrak zirelako». Egan taldeak garai desberdinak ezagutu izan ditu. Hasierako musika talde hark 1994. urtera bitarteko bidea egin zuen eta urte horretan banandu egin ziren. Saldiasek bakarrik segitu zuen Egan taldearekin eta bidelagun berriak topatu behar izan zituen. «Garai batetik aurrera plaza aldatzen hasi zen, erromerien gainbehera hasi zen, plazan jende gutxiago ikusten zen... Nik ikusi nuen gure taldeak betiko egiturarekin ezin zuela aurrera egin; lauzpabost musikari oholtza gainean eta jendea behean. Telebistan-eta gero eta gehiago ikusten ziren dantzariak, dantza pausoak erakusten zituztenak. Eta erabaki nuen musikari batzuk kendu eta dantzariak sartzea, jendeari dantzarazteko». 2004. urtetik aurrera, Eganen azken etapan, dantzariak aritzen dira oholtzan, batez ere haurrei begira. «Moldatzen gara haurrak eta gurasoak kontentatzeko». Azken garai honetan, gainera, Xabier Saldiasen alaba, Ane, aritu izan da bai kantuan eta bai dantzan. «Moldatzen da abesten eta dantzatzen eta batzuetan nirekin etortzen da. Oso ausarta da oholtzan eta ederki moldatzen da. Baina orain irakasle lanetan dabil eta gehiago kostatzen zaio». Garaiak garai, Saldias izan da Egan taldeko abeslaria 46 urtean eta bere ahots berezia taldearen tasun nabarmena bihurtu da. Hastapenetan urtean 200 plazatik gora egitera iritsi izan zen Egan taldea. Azken urteotan 60 inguru egiten ditu. Baina, ahotsak, beti errespetatu izan du Saldias. «Urteen joanean teknika ere ikasten da eta horrek laguntzen du. Azken urteotan asko jotzen dut falsettora, zerbait desberdina egitearren. Gaur egunean jende askok abesten du oso ondo eta horregatik egiten dut falsettoa, atentzioa emateko. Egia da urteen joanean indarra galtzen dela, tonua ere jaitsi egiten da. Garai bateko kantuak entzuten ditudanean konturatzen naiz gaur egun akaso indar horrekin eta tonu horretan ezin dudala aritu. Baina, egia esan, ahotsak dezente errespetatu izan nau». Erretiroa hartzeko bezperatan, Saldiasek uste du beren lan egiteko modua galzorian dagoela jada. «Egun inork ez du nahi gu ibiltzen garen bezala ibiltzerik. Etxetik ateratzeko, furgonetako gurpilak ondo ote dauden begiratu, musika ekipoa kargatu eta deskargatu, ekipoa muntatu, probak egin... dena guk egiten dugu. Lau ordu kantuan emateko atzetik hamabi orduko lana dago. Horregatik lortu dugu hala nola musikatik bizitzea, dena guk egin izan dugulako. Baina gaur egun talde gehienak beste era batera aritzen dira». Musikaren aldeko apustua egin zuen 19 urte zituela eta apustua irabazi izanaren pozez erretiratuko da 65 urterekin. Urte berezia izango da aurtengoa Eganentzat eta hiru erronkatxo jarri dizkio bere buruari Xabier Saldiasek: «Lehena, Azpeitian emanaldi bat egitea. Plaza txarra da Azpeitia, apenas elkartzen den jenderik dantza egitera eta gustutako litzaidake gure azkenetakoa nire herrian izatea. Bigarrena, Tolosan emanaldi eder bat egitea. Garai batean plaza maitea zen, inguruko herrietako jendeak askok segitu izan gaitu eta poza emango lidake Tolosaz txukun agurtzea. Eta, azkena, Donostiako Aste Nagusian jotzea. Badaukat arantzatxoa Donostiarekin. Horretan ari gara, ea lortzen dugun». • «Behin Elorrioko Berrio auzoan ukuilu batean jo genuen, sabaian, bonbilla txiki batekin. Igo genituen traste guztiak hara gora eta hantxe jo genuen, eta jende guztia dantzan ederki asko» Datorren urrian erretiratuko da Eganeko abeslaria eta hor bukatuko da taldearen bidea. Hiru erronka jarri dizkio bere buruari, hiru plaza: Azpeitia, Tolosa eta Donostia