APR. 23 2016 Burdin Aroko odisea Ander Izagirre - @anderiza Kazetaria Eguraldi ona hasten zenean, bizikletarekin Urumea bailaran gora abiatzen nintzen eta beti leku berean topatzen nuen Ignacio Arizmendi, 80 urte inguruko gizona: Fagollagako zubiaren erdi-erdian eserita, bere azpitik pasatzen zen ibaiari begira, bi makuluak alboan zituela. Orduak eta orduak ematen zituen han. Ibaian gora pasatzen nintzen eta han ikusten nuen, Goizuetara iritsi, ibaian behera bueltatu eta hantxe egoten zen berriz ere. Urumeako zaindari harekiko jakin-mina piztuta, halako batean gelditu egin nintzen. Agurtu egin nuen, kontu batzuk esan genituen eta aste batzuk geroago berriz ere gelditu nintzen. Pixkanaka, inguru hartako istorioak kontatu zizkidan. Aingura fabrika zaharraren kontuak, garai bateko estraperloak, eta guztien artean nire gustukoena: Ignaciok hamar edo hamabi urte zeuzkala, inguruko mendietara astoarekin igotzen zen, indusketak egiten zebiltzan apaizei tresnak eta jatekoak eramatera. Lehen euskal arkeologo haientzat, azaleratzen zituzten harrizko zirkuluak misterio hutsa ziren. Baina Fagollagako hamar urteko mukizuak ederki zekien erantzuna. –Jentilen hilobiak miatzen ibiltzen ziren… Jentilen hilobiak: horixe baitira. Euskal mitologiako jentil erraldoi haiek ikazkinak ziren, errementariak, laborariak; nekazaritza eta industriaren sekretuak ezagutzen zituzten. Eta gizakiak, nola edo hala, hamaika trikimailu eta azpijokorekin, ezagutza haiek bereganatzen saiatzen ziren. Martin Txikik, adibidez, gari-aleak lapurtu zizkien jentilei, eta horri esker hasi ziren gizakiak nekazaritzan. Jentilak mendietan bizi ziren, eta, denbora pasan, harritzarrak hartu eta bailara batetik bestera jaurtitzen zituzten –jentilarri mordoa dago euskal toponimian–. Harri handiak pilatuz monumentu misteriotsuak ere osatzen zituzten. Kixmi jaio zenean –Jesukristo, alegia–, euren garaia amaitu zela ikusi eta leize batera salto egin zuten jentilek. Gazteena kanpoan gelditu zen eta leizea harri handi batekin itxi zuen: Olentzero omen zen gazte hura, euskaldunei Jesukristoren jaiotzaren berri ematera jaitsi zena, mundu paganoaren eta kristauaren arteko lotura. Mendietako harrespilak hilobiak zirela deskubritu zuten arkeologoek; hau da, Fagollagako hamar urteko mutikoak bazekiena baieztatu zuten. Burdin Aroko biztanleek hildakoen errautsak eta tresnak lurperatzen zituzten harrizko zirkulu horietan. Ohitura hori duela milaka urte desagertu zen, baina oihartzunak mendeak zeharkatu ditu, belaunaldiz belaunaldi. Ignaciori gurasoek kontatu zioten, gurasoei aitona-amonek kontatu ziotelako. Harrespila egile desagertuen memoria ahozko tradizio horretan flotatzen gelditu zen, milaka urte zeharkatu eta gugana iritsi arte. Urumeako ibarretik Adarra-Mandoegi mendilerrora igo gaitezke, milaka urte dituen mezu horrek planteatzen duen misterio batera hurbiltzeko. Zeharkaldi polita egin daiteke Adarra, Onddo, Azketa, Leuneta, Abadekurutz eta Mandoegi gailurretatik, eta bide horretan harrespila eta trikuharri ugari aurkituko ditugu. Mendebaldera Leitzaran bailara dago, eta, bailara beste aldetik itxiz, Uzturre-Ipuliño mendilerroa: lerro horretan, aldiz, ez dago trikuharri bakar bat ere. Peñalver arkeologoak dioenez, duela hiru mila urte Leitzaran muga kultural oso nabarmena zen. Ekialdera baskoiak bizi ziren, harrespila egileak; mendebaldera, barduliarrak, horrelako monumenturik ez zeukatenak. Banaketa hori, gainera, bat dator euskalkien mugekin. Zer pentsatuko zuten Adarra-Mandoegiko biztanleek Uzturre-Ipuliñokoei buruz? Arrotzak izango zitzaizkien, gertukoak, lagunak, etsaiak? Zer pentsatzen zuten, zeri buruz hitz egin, zertan sinetsi, nolako beldurrak, ilusioak, itxaropenak izango zituzten? Etenetako harrespila eta iruinarriaren ondoan, “2001. A space oddysey” pelikula datorkit gogora. Protogipuzkoarrek protonafarren monolitoak deskubritu zituzteneko momentua irudikatzen dut, protonafar aurreratu haien obra harrigarriak gure inteligentzia pizten hasi zireneko unea… •