GAUR8 - mila leiho zabalik

Garraio merkearen aroa bukatzear dago


Pasa den igandean munduko petrolio esportatzaile nagusiak urre beltzaren erauzketa kopuruak adosteko bildu ziren Dohan. Bilera akordiorik gabe bukatu zen. Petrolioaren prezioak minimoetatik gora egin du azken bi hilabeteotan eta horrek akordioak erdiesteko larritasuna apaldu du. Petrolioaren prezioak emandako atsedenaldiaren ondorioz, estatuen arteko kontraesanak eta interes kontrajarriak agerian gelditu dira.

Momentuz, beraz, ez da asko aldatuko petrolioaren prezioa. Herritarrentzat berri ona da hori, autoaren erregai-tanga betetzerakoan nabaritzen den horietakoa. Hala ere, erregaien prezio merkeak ez du seinale egokia zabaltzen zibilizazio moduan ditugun erronkei aurre egiteko. Gure produkzio sistema erregai merkearen gainean eraikita dago. Garraio kostu txikiek merkantziak mundu osoan zehar garraiatzea ahalbideratu dute. Horrela, merkantziek ondoko dendara iritsi aurretik kilometro asko egiten dituzte tokiko prezio merkeenak aprobetxatzeko asmoz: leku batean ekoitzi, beste batean landu, hurrengoan ontziratu eta ondoren munduko edozein bazterretan saldu.

Sistema hori tokiko ekonomientzat oso kaltegarria da. Tokiko baliabideak soilik munduko merkatuaren ikuspuntutik baloratzen dira: munduko merkatuarentzat interesgarri badira, esplotatuko dira; ez badira, baztertuta geldituko dira. Horrela, munduko merkatuarekiko tokiko ekonomiaren dependentzia eraikitzen da. Dependentziaz gain, ekonomia horrek kostu izugarriak sortzen ditu ingurumen eta gizarte arloetan. Kostu horien adibideak gero eta agerikoak dira: berotze globala, bioaniztasunaren galera, migrazio masiboak… Sistema sostengaezina bihurtu da.

Esango digute merkatua dela metodo eraginkorrena prezioak zehazteko: eskaintza eta eskaeraren arteko oreka lortzen denean, prezio hobezina geratzen omen da finkatuta. Petrolioaren merkatuak, baina, ez du hori erakusten. Petrolioa erauzten duten estatu batzuk ados jartzen badira eta erauzketa murrizten badute, prezioak gora egingo du. Horrek garraioa garestitzea ekarriko du eta gaur egungo mugimenduan oinarritutako ekoizpen eredu krisian sartuko da. Erregaien kasuak, merkatuaren gaineko diskurtsotik harago, zenbait estaturen gaineko izugarrizko dependentzia dugula erakusten du: denok gaude estatu horiei begira ea zer adosten duten. Eta petrolioa, dependentziaren adibide bat besterik ez da.

Ez dira soilik erregaiak. Azpiegiturak egiteko eta finantzatzeko sistemak lotura estua du garraio merkearekin. Orokorrean, azpiegitura nagusiak Estatuak eraikitzen ditu eta guztion diruarekin finantzatzen dira. Herritarrok erabiltzen ditugu, bai; batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago. Normalean, gainera, leku berdinetara joateko erabiltzen ditugu: lanera, etxera, erosketak egitera, gestioak burutzera. Horrez gain, noizean behin oporretara joateko ere balio digute. Azpiegitura erraldoi horietatik benetako etekina ateratzen dutenak, baina, enpresak dira: azpiegituroi esker merkantziak leku batetik bestera prezio merkean mugi ditzakete. Dena dago bideratuta merkantzien garraioa merkatzera.

Sistema horrek etorkizun zaila du. Gure zibilizazioak dena jarri du mugimenduan, baina gero eta argiago dago etengabeko mugimendu horrek ekarpen txikia egiten diola gure ongizateari. Gainera, sistema horrekin lotutako kostuak gero eta nabarmenagoak dira. Ingurugiro arloko ondorio nabarmenez gain, gero eta agerikoagoa da aurrekontu publikoek ezin dutela mantendu gaur egungo azpiegitura kopurua; are gutxiago, berrien eraikuntza finantzatu.

Testuinguru horretan, birmoldaketa sakon bati ekin beharko diogu, bai Euskal Herrian bai munduan zehar ere. Sortzen dituen ondorio negatiboen poderioz, garraio merkearen aroa bukatu egingo da lehenago edo beranduago. Orduan, tokiko ekonomia landu duenak, garraioak dituen kostuak mugatu dituenak eta dependentzia gutxitu duenak errazago izango du aurrera egitea. •