MAY. 21 2016 «Langile fantasmak» Isidro Esnaola Nicolai Gogol idazle errusiarrak “Arima hilak” eleberrian deskribatu zuen egoera errealitatean ere antzeman daiteke egun. Garai hartan zergak ordaintzeko moduluen sistema asmatuta zegoen: zituen morroien arabera kalkulatzen zen lurjabe bakoitzaren ondasuna. Eta aberastasun horren arabera ordaintzen zituzten zergak jauntxoek. Moduluek kalkuluak errazten zituzten, baina emaitzak, oro har, ez ziren oso zehatzak izaten. Morroien erroldak ez ziren maiz eguneratzen eta aberats askok hildako jopuengatik ere ordaindu behar izaten zituzten zergak. Gogolen eleberriko protagonistak, Txitxikov abenturazaleak, hildako arima horiek erosten zituen aberats itxurak egin ahal izateko. Antzeko zerbait gertatzen ari da egun Afrikan. Bertan “langile fantasmen” fenomenoa dugu. Ematen duenez, kasu honetan helburua ez da itxura egitea, Gogolen protagonistak bezala. Ez da gobernuen trikimailu bat, esate baterako, langabeziaren estatistikak apaintzeko. Xedea askoz arruntagoa da: dirua lapurtzea. Prozedura erraza da. Administrazio publikoko langileen errolda puzten dute, ondoren nomina faltsu horiek kobratu ahal izateko. Oro har, iruzur hori egiteko ahalmena dutenak funtzionarioak dira. Tanzaniako lehendakari berriak, urrian aukeratu zuten John Magufulik, ustelkeriaren aurka aritzeko hitza eman zuen. Bere hauteskunde kanpainaren ardatz nagusia izan da ustelkeriaren aurkako borroka. Jarrera argi horrek botoak eman dizkio, boto batzuk galdu baditu ere. Horren erakusle da bere alderdian, Chama Cha Mapinduzu (“Iraultzaren Alderdia” swahiliz) bizi duen astindua. Hauteskundeetan izan duen arerio nagusia Tanzaniako lehen ministro ohia izan da, Edward Lowassa. Azken horrek Chama Cha Mapinduzu alderdia utzi zuen, oposizioko hautagai bihurtzeko. Magufuliren erabakitasunaz bere ezizenak berak argi hitz egiten du. Izan ere, Bulldozer deitzen diote. Gobernuan egon zen bitartean pertsona zuzenaren fama hartu zuen. Matematika eta Kimikako irakasle honek danborra jotzen du eta katoliko sutsua da. Ematen du bere hitza betetzeko asmo irmoa duela. Hasteko, bere herrialdeko langile publikoen errolda sakon berraztertzeko agindu du. 550.000 langile dituen erroldan, 10.000 “langile fantasma” topatu ditu. Horien nominak ezabatuta, Tanzaniako Estatuak 64,8 milioi dolar aurreztuko ditu urtero. Hala ere, astindua ez da Tanzaniara mugatu. Inguruko herrialdeetan ere bolo-bolo dabil Magufuliren ustelkeriaren aurkako kanpaina. Beste estatu batzuetan ere hasi dira jada “langile fantasmak” ezabatzeko neurriak hartzen. Esate baterako, Nigeriako Gobernuak existitzen ez ziren 24.000 langile ezabatu ditu bere nomina zerrendatik. Nigeriako kasuan, langile batzuk ez ziren existitzen, eta, beste batzuk, aldiz, langile bezala alta emanda zeuden zortzi urteko umeak ziren! Garbiketa hori Muhammadu Buhariren hauteskunde promesa baten ondorio izan da. Nigerian ustelkeriak galera izugarriak eragiten ditu eta galerok nabariak bihurtu dira petrolioaren prezioak behera egin duenean. Deskribatutako egoera oso zabalduta dago Afrika osoan eta aurretik beste estatu batzuek ere hartuak zituzten neurriak. Kenyan, adibidez, Gobernuak erabaki zuen funtzionario publiko guztien datu biometrikoen errolda osatzea, 12.000 “langile fantasma” topatu ondoren. Hala ere, herrialde guztietan ez dute emaitza berdina lortu. Esate baterako, Ugandan 6.000 langile faltsu antzeman zituzten 2014. urtean. Behin horien nominak ezabatu eta gero, pasa den urtean atzera egin zuten agintariek, hauteskunde orokorrak hurbiltzen hasi zirenean. Hegoafrikan bertan ere, herrialdeko eskualde bakar batean, 36.000 “langile fantasma” topatu zituzten iaz. Kontuak kontu, argi dagoena zera da: Magufulik iritzi publikoarengana iristea lortu du. Egun, “langile mamuen” afera eztabaida publikoko gaia bihurtu da Afrikan barna. Lehengaien prezioen jaitsierak ere lagundu du. • Magufuli Tanzaniako lehendakariak iritzi publikoarengana iristea lortu du. Egun, «langile fantasmen» auzia eztabaida publikoko gai bihurtu da. Lehengaien prezioaren jaitsierak ere lagundu du