GAUR8 - mila leiho zabalik

Buelta ematea


Komedia baino errazagoa omen da drama. Irri eginaraztea baino, negar eginaraztea. Lehenago kutsatzen omen da negarra irria baino. Baina badaude pozaren pozez ateratzen diren malkoak ere. Badago irri algaraka negarrez hastea.

Ilusioa baino errazagoa omen da desilusioa. Gauzak aldatzeko eta hobetzeko itxaropena izatea baino, dena dagoen bezala geldituko dela pentsatzea. Betiko. Ez da erraza jendea ilusionatuko duen zerbait sortzea, barrenean zerbait ukituko eta mugituko diguna, esperantzaz segituko duguna. Baina, batzuetan, abesti bat aski izaten da sabelean zerbaitek buelta emateko: «Har dezagun bidea, gure esku dago-ta...». Sentimendu aunitz dantzan jartzen dituen doinua da. Norbere bizipenekin lotutakoak, baina konpartituak ere bai. Elkarrekin zerbait hagitz ona egin dezakegun esperantza, eta egiten duguna gure esku dagoela jakiteak ematen duen indarra.

Joan den igandean poza sentitu nuen sabeletik goiti plaza erdian dantzatzen zen emakume erretiratuari begira (berak erranda dakit jubilatuta dagoela, «jubilazio on bat zor digute!» aldarrikatu baitzuen). Jendez inguratuta zegoen, baina inor begira ez balu bezala zebilen, libre, bere kasa. Eta bere kasa mugitzen zitzaizkion oinak, besoak, burua... gorputz atal guztiak. Zoriontsu ikusi nuen, gauza handiren beharrik gabe.

Pozezko malkoak berriz ere adin guztietako jendea hautestontzietara dantzan, besta giroan, hurbiltzean, mahaian nortasun agiriak begiratzen ari ziren gazteak hain gustura sumatzean (nork nahi izaten du normalean hauteskundeetan mahaian egon?), eta, zer erranik ez, 90 urte baino gehiagoko jendea etorkizunari buruz itxaropenez solasean aditzean. Irria ere kutsakorra da, ez dago zalantzarik.

Sasoia da, belar moztu berriaren usaina bazter guztietara zabaltzen ari da. Goazen bada gu ere baserritarrak bezala arrastelua edo eskuarea hartu eta buelta ematera. •