GAUR8 - mila leiho zabalik

Galdera bilduma


Baziren behin, kostaldeko herri txiki batean, elkarrekin bizi eta elkar ezagutzeko erabakia hartu zuten nerabe batzuk. Horien artean, lurralde urrun batetik heldutakoak ziren hainbat, eta, hala, euskara ez zen hizkuntza batean komunikatzen ziren. Beste batzuek, aldiz, herri txiki hartako hizkuntza hitz egiten zuten, euskara alegia. Esan daiteke, bakoitzak besteengandik ezagutzen zuena, Internet bidez bilatutakoa zela, argazki batzuk, zenbait hitzen itzulpena eta aurreiritziak batez ere. Aldi berean, nerabeok, forma eta kolore anitzekoak ziren: handiak, txikiak, finak, mardulak, marroiak, arrosak, eta abar. Ezaugarri komunak ere bazituzten: helburuak, munduarekiko begirada, emozioak, eta beste abar luze bat. Ezaugarri komun ugari bazituzten ere, ezberdintasunak izan ziren hasieran nabarmendu zirenak.

Hondartza egun batean ikusi zuten elkar lehen aldiz. Jakin-minaz gain, lehen topaketak sorrarazten duen urduritasunak ere kutsatzen zuen airea; gainera, egun hartako sargoriak arrazoitzeko ahaleginak desagerrarazten zituen. Egun osoa herritik gora eta behera ibili eta gero, nekeak harridurari egin zion leku eta elkar ikusi bezain laster hasierako eszitazioa harri bihurtu zen. Bi nerabe taldeak ez ziren elkarrengana hurbiltzeko gai, elkarri so geratu ziren, besterik ez. Ez hitzik, ez mugimendurik. Ezberdintasun kulturalen makina martxan jarri zen, lotsak, beldurrak eta erkaketak ekoitziz. Lehendabiziko iritziak bero-bero hasi ziren labetik ateratzen; «gure adina ote dute?», «ez dira guregana hitz egitera hurbiltzen», «gaizki begiratzen gaituzte»… bezalako esaldiak ateratzen ziren beraien buru eta ahoetatik. Ikusitakoa ez zen espero zutena, ez batzuek ez besteek.

Ezberdintasun kulturalak gailentzen ziren heinean, komunikaziorako bideak ixten ari ziren. Horietan arreta jartzeak lubaki bat irekitzen zuen bi nerabe taldeen artean, herri txiki hartan elkartzearen helburua elkar ezagutzearena izan arren. Batzuek besteek baino nagusiagoak ematen zutelako, edo besteak lasaiagoak zirelako; ardura ezberdintasunetan jartzeak urruntzen zituen. Eguna eta elkarbizitza aurrera joan ahala, beraien barne mugak eta aurreiritziak elkarren arteko komunikazioa oztopatzen ari zirela konturatzen hasi ziren. Txikitatik kulturalki barneratzen duguna zen arazoa, hots, normaltasunetik ateratzen dena seinalatzea. Modu anitzetan komunikatzeko gaitasuna dugun izakiak izan arren, arrotza kontsideratzen dugunaren aurrean mututu egiten gara, arroztasun horrek sorrarazten dizkigun galderen erantzunak gure buruan gorde eta galderon bilduma egiten dugu. Aldi berean, gizatiarra da ezezagunaren aurrean tentuz ibiltzea, lotsak ateratzea eta segurtasun faltak agerraraztea. Baina zergatik ezagutu gabe arbuiatzearen beharra? Zergatik egite normalizatua inposatzearen beharra?

Lasai, kontrakoa iruditu arren, istorio honek ez dauka zorigaiztoko amaierarik. Nerabe bakoitza bere oztopoak gainditzeko estrategiak bilatzen hasi zen, beste kultura bateko gazteak ezagutzeko barneko irrika ezin baitzuen gelditu. Horrela, hizkuntzaren oztopoa zuenak, laguntza eskatzen zion menderatzen zuenari itzultzaile lanak egin zitzan, edo baloi bat bezalako objektu bat erabiltzen zuten eta jolasaren bitartez elkar ezagutzeko aukera zabaltzen zen. Beste batzuk, beraien aurreiritzi eta lotsen gainetik pasa ziren, eta, hitzezko komunikazioa motela izan arren, sortu sortzen zen. Ordura arte buruan ezkutatutako galderak, behin kanpoan zeudela, jariotasunez mugitzen ziren norabide guztietan eta modu ezberdinetan.

Agurraren ordua iritsi zenean, beraien harremana eta elkarrekin egoteko gogoa hain zen bizia, ezen besarkada handi bat eman zioten elkarri eta malkoak atera ziren beraien begietatik. Banatzen zituzten ezaugarriak ahantzita zeuden; elkartzen zituztenak, ordea, ez. Harreman berriak egiteaz gain, beraien aurreiritziak aldatzeko eta oztopo pertsonalak gainditzeko aukera eman zien herri txiki hartan bizitako kulturarteko esperientzia hark.

Orain, lurralde urrun hartara joateko irrikan daude. •

saioaaginako@gmail.com