AUG. 06 2016 Unean unekoa bizi Iker Barandiaran Badut lagun bat bizitzan ikusi dituen kontzertu guztiak –eta ugariak direla zin egin dezaket– zerrendatuta dituena eta ikusi ahala apuntatzen jarraitzen duena. Nire osaba batek, berriz, gaztetxotatik irakurri dituen liburuak eta ikusitako film guztiak koaderno batean jasoak ditu. Ez batak ez besteak ez dituzte beraien zerrendak inori erakusteko gauzatzen, eta ziur, gainera, ez dutela halakorik inoiz egingo. Horien asmoa ere ez da espresuki zerrenda hori are eta potoloagoa egitea, baina seguruenik nahi izango dute, agian ahazten dutenerako, hori guztia gogoan izatea eta horretarako eskuragarri izatea. Gainera, ze arraio!, lelo famatuak jaten duguna garela badio, nola ez gara ba izango beste zentzumen batzuen bitartez hartzen duguna! Izan ere, ziur nago atzo jan genituen dilistek edo entsaladak baino gehiago eragingo digula, gure izaeran, bizipen eta pentsaeran, herenegun ikusitako kontzertuak edo bart gauean irakurtzen aritutako biografiak. Egunetik egunera aldatzen edo eraldatzen goaz, besteen etxeetan bizi diren ume txikiak bezala, gu askotan kontziente ez bagara ere. Jasotzen ditugun estimuluek, bizipenek, hausnartutako ideiek, sentitutako melodiek, barrenak mugiarazten dizkiguten erritmoek eta hain sarkorrak diren –kantu bateko– hitz horiek ez digute pertsona berbera izaten uzten, bestelako ikuspegiak eta sentsazioak ekartzen dituzte gurera. Zerbait aldatzen digute barrenean eta beraiekin hazi egiten gara, nonbait. Era berean, bizi garen abiadan eta helburuak hain goian jarrita, ez gara jabetzen bizitzako une txikiek duten garrantziaz. Azken finean, horiek ematen digute gasolina –edo pedalkadak– bidea indar handiagoz egiten jarraitzeko. Horrexegatik, gure koaderno horretan lekua izan beharko lukete ere nonbait gordeta ditugun pasarteek eta une berezi horietan ondoan izan ditugun pertsona horiek guztiek. Baina, zoritxarrez, askotan denbora igaro eta ahaztu egiten dugu harreman txiki, puntual edo berebiziko horiek gugan izan duten eragina eta garrantzia, barnean daramaguna. Dena dela, hobe esperientzia bizi ostean apuntatzea, alderantzizkoa baino. Egun, batek baino gehiagok laguntzat dauka oraindik ezagutu ez duena, hezur-haragitan ikusi zein ukitu ez duena. Garrantzitsuena gigak, pertsonak, izenak, ‘atsegin’-ak... pilatzea da; zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto. Ez naiz ni inori ‘lagun’ birtualak izatea ukatuko diona, baina ezin dut ahaztu hezur-haragizkoa dudan lagun bat, zeinak halako zerrenda amaiezina osatu ostean, hain popularra den sare exhibizionista halako batean horietako batzuk ezabatuz eta berriak gehituz, ditxosozko 666 zenbakiko mugari eutsi zion luzaroan. Ordurako, pulpitupean zituenak –nor goian eta nor behean?– egunero asetzeko premian aurkitu zen, jarrera ia konpultsiboa bilakatuta. Gaixoa, deabruaren seme-alaba guztiei jaten eman beharra! Garai bakoitzak bere ezaugarriak ditu, konparaezinak direnak. Horregatik, ez dut nik esango zein hamarkada izan den gordinagoa edo biziagoa, baina baditut zenbait lagun 80ko eta 90eko hamarkadak topera bizi ostean kazetari zein dokumentalista gutxi batzuk goraipatzen dituztenak. Zergatik? Askok ia neurririk gabe disfrutatzen eta sortzen zuten bitartean, gutxi horiek hura jaso eta gerokoentzat zein ordukoak bizi izan zituzten horientzat lagin bat gorde dutelako. Eta hara non, gaur egun askorentzat bizitzako momentu gogoangarriek ez duten ezer balio, baldin eta unean bertan beste askori erakusten ez badizkiete. Horientzat garrantzitsuena ez da bizi izandakoa, erakutsitakoa baizik. Hori gabe ez dago disfrutatzerik. Horren erruz, ezin dute unea osotasunean bere horretan bizi; eta are gehiago, une horri behar duen balioa emateko ezinbestekoa dute beste batzuen –askotan ia ezagutzen ez dituztenen– onespena. • Bizi garen abiadan ez gara jabetzen bizitzako une txikiek duten garrantziaz. Azken finean, horiek ematen digute gasolina –edo pedalkadak– bidea indar handiagoz egiten jarraitzeko