SEP. 03 2016 BIBA ala ez BIBA? Ibai Gandiaga Perez de Albeniz Arkitektoa GAUR8ko kolaboratzailea den Ander Gortazar Balerdi arkitektoari irakurri nion lehendabiziko aldiz BIBA adiera: Baserri Itxura Badu Ados. Anglosaxoiek hirigintzaren esparruan sortzen diren iskanbila, polemika, kalapita eta mugimenduak sailkatzeko erabiltzen dituzten akronimoak gero eta ezagunagoak ditugu hiriaren behaketan aritzen garenon artean, hala nola NIMBY, YIMBY, DUDE… Horrela bada, BIBA akronimoarekin bete-betean asmatzen da gure landa eremuan nagusi den arkitekturak bete beharreko ezaugarri nagusienetarikoa deskribatzerako orduan: eraikitako zerbaitek baserri itxura edo tankera agertzen badu, ados. Landa eremuaren eraikuntza sinbolikoan euskal baserriak berebiziko garrantzia izan du, lurraldea antolatzeko modu tradizionala izanik. Gaur egun, baserri batek benetako baserri bezala aritzeak ez du garrantzi handirik, baina itxura, hori bai, mantendu behar da, bai eraikinaren morfologiari buruz ari garela, bai eraikin hori lurraldean kokatzeko moduari dagokionez (altuera, beste baserrienganako banaketa, eta abar). Estatu espainiarreko kostaldea ikusita, hots, bertako turismo ustiapenaren presioa ikusita, Euskal Herriko kostaldeaz nola edo hala harro senti gaitezke, hirigintzaren esparruan gehiegizko sarraskirik ez baita egin, salbuespenak salbu, eta betiere turismoak gurean izan duen barne kontsumoaren logikari jarraiki. Ezin uka nolabaiteko estetika bateratu bat jarraitzeak berak (BIBA!) sarraski bisualak gutxitzera eraman gaituela (Bizkaitik Kantabriara pasatzerakoan ikus daitekeen bezala), nahiz eta arkitekturaren diskurtso akademikoan neobaserriaren simulakroari muzin egiten zaion, guztiz baliogabetuz. Eta hala ere, landa eremuan etxe baten eraikuntza planteatzerakoan, baserriaren tipologiak dituen ezaugarriak nolabait mantentzera gaude behartuta, guztion artean egin dugun akordio isil bat jarraituz. Azkenengo asteotan polemika bat sortu da, hainbat agerkari digitalek Gipuzkoako Euskal Aire Kiroletako Federazioak Zarautz eta Orio arteko Talaimendi inguru babestuan egindako etxebizitza baten kontra jarritako demandaren berri ematean; Federazioaren arabera, garai bateko baserri baten zaharberritze lanen aitzakian, baserri batekin zerikusi gutxi duen jauregitzar bat eraiki dute Aiako lurretan den landa eremu batean, lizentzia arau kontra lortu ondoren. Gainera, bide batez mendi zati bat hesiz josi dute. Aurkeztutako demandaren arabera, baserriaren azalera hirukoiztu egin da, proiektuaren egileek justifikatu beharreko azalerak kalkulatzeko metodo bitxi bat erabili eta gero. Nahiz eta tankera honetako auziak Euskal Herriko hainbat bazterretan ohikoak izan, kasuak hautsak harrotu ditu, bai baserri baten tipologiatik asko urruntzen delako eraikina, bai etxeak duen tamaina eta barne banaketagatik (hamaika logela beste hainbeste bainugelekin), bai itsasoaldetik duen presentziagatik. Eta, jakina, hautsak harrotu ditu ere SOS Talaimendi plataformak jabeen lotura politikoek lizentzia lortzeko zerikusia izan duten susmoa plazaratu izanak. Justiziaren esku gelditu da auzia, eta, seguruenik, aferaren berri izango dugu hurrengo hilabete zein urteetan, auzitegien epeen arabera. Edonola ere, auzia gure kostaldeak pairatzen dituen bi presio ezberdinen erakusgarri da: turismoa eta kostaldearen ustiapen urbanistikoa. Baserri bat berreraikitzerakoan eraikin berriak baserri baten antza izan behar duela ezartzean, gerta daiteke eraikuntza historiko, sinboliko eta funtzionalaren inguruko diskurtso konplexuak sortzen dituzten arkitekto zein promotoreak agertzea hirigintza arauak saihesteko asmoz. Arkitekto askoren eguneroko ogia da hori, beraien bezeroen interesak eta Administrazioaren aginduen arteko zubiak eraikitzea, alegia. Alta, gauzak askoz sinpleagoak direlakoan nago: baserri baten itxura dauka, edo ez dauka. BIBA edo ez BIBA. •