SEP. 03 2016 Puntu beltzak Iratxe Urizar Aurretik beste artikulu batean jada aipatu nuen zinez uste dudala ez dela eraso sexista gehiagorik ematen, gehiago salatzen dela baizik. Izan ere, eraso guztien parte txiki-txiki bat baino ez dela ezagutzera ematen sinistuta nago. Gure inguruan gero eta gutxiago tabu den gai honi buruz hitz egiten hastea baino ez dugu horretaz jabetzeko: ahizpak, lehengusinak, lagunak… den-denek konta dezakete lehen pertsonan antzeko esperientziaren bat: txikia izanda Bilboko Plaza Berrian kromoak aldatzera joan eta esku bat ipurdian sentitzea; edo autobusean berdina gertatzea; ipurdia ukitu baino gehiago egin zidan barraketako gizona; exhibizionista hura etxerako bidean; «ez-bai-gutxi-gorabehera-bueno-ez» onartutako harreman sexuala jaietan egon eta gero mozkortuta geundela, hain jatorra zen kuadrillako lagun horrekin… Inoiz ez genuen aipatu. Baina salaketek odoljarioa dirudite eta hor genituen esperientziak, guztiongan zeudenak eta agian inoiz kontatu gabeak, ateratzen hasi gara. Ez da bat-batean denak ados jarri garenik aurpegia eman eta erasoei aurre egiteko. Denoi eragiten digun zerbait dela jabetu garela baizik, eta denon artean ez bada ezinezkoa izango dela hau guztia aldatzea. Denon artean, lotsarazteko modukoa izan den kuasi-permisibitate horretatik errealitate gordina kaleratu behar dugu. Bat ukitzen dutenean, denok ukitzen gaituztelako. Bilboko Aste Nagusian ia egunero kalera atera garelako salaketa egitera eta egoera oraindik gordinagoa dela badakigulako. Txosnen, tabernen, kale kantoien artean isilik mantendu diren beste hainbat kasu egon direla badakigulako. Aste Nagusia baloratzeko orduan, denon txalo beroa merezi duten Bilboko Konpartsek eraso sexistak aipatu dituzte jaietako puntu beltz moduan, eta, erasoon aurrean emandako erantzun irmoa, puntu positibo gisa. Maiz hitz egiten da puntu beltzez eraso sexistei buruz ari garenean: kale hau edo beste, eskailera arteko izkina hura… Baina puntu horiek asko zabal daitezke: Bilboko alde zaharra bere osotasunean behin dendak itxi dituztenean, esaterako. Alarmista? Ez, hori da dagoena. [Uda honetan hainbat hormatan irakurritakoa ezin hobea iruditu zait: “Etxerako bidean ez zaitut ausart nahi, aske nahi zaitut. Ez dut eskua poltsan sartuta eraman nahi, giltzak ukabil amerikar gisa jarrita; ez dut tente eta azkar ibiltzerik nahi, ia korrika; ez dut haserre aurpegiarekin kaletik joan nahi”]. Hala ere, benetako puntu beltzak ez dira horren fisiko eta detektagarriak. Orain gutxi irakurtzen genuen eraso sexisten %10 baino ez direla salatzen, eta horietatik %1 baino ez direla kondena batekin bukatzen. [Ez dut kondenen alde agertu nahi. Baina kondena faltak biktima gezurti lez eta eskubide gabe uzten du]. Erasotzaileak, beraz, zigorgabe sentitzen dira, eta hori sinisteko arrazoi guztia dute, gainera. Europar Batasunean biolentzia sexistari buruz egindako azken barometroaren arabera, gizonen %18k bortxaketa “portaera ez-larri” moduan ulertzen zuen. Hori baino puntu beltzagorik ezin dut imajinatu. Izan ere, emakumezkoak baino gehiago direla sinisten duten gizonezkoak dauden bitartean, patriarkatuak gure gizartea, bizitza, kultura, gobernatzen duen bitartean, beti joango gara atzetik, ondoren, erantzun dinamikan. Ibilbide luzeko lana dela gauzak aldatzea argi dago, eta ez dut topikoetan erori nahi heziketaren faktorea ere aipatuz. Erasoei erantzuteko modu asko daude eta denak nahi ditut. Gure txikiak berdintasunean hezi behar ditugu, bai, gauzak errotik aldatzen joan pixkanaka. Baina pauso erraldoiak eman dira salaketa publikoan eta kontzientziazioan: egunkari bateko iritzi artikuluak, interpelazioa, Gasteiz eta Iruñea bezalako erantzun kontzentrazio jendetsuak, Aste Nagusia gelditu erasoak salatzeko, jantzi beltzak nagusi diren lastargiz jositako manifestazio zaratatsuak.... Hezi, saretu, autodefentsa feminista, isiltasunetik atera, tabuak apurtu (horiek nazkagarri, lotsakor edo mingarriak izanda ere). Hortzak erakutsi. • Benetako puntu beltzak ez dira horren fisiko eta detektagarriak. Orain gutxi irakurtzen genuen eraso sexisten %10 baino ez direla salatzen, eta horietatik %1 baino ez direla kondena batekin bukatzen