OCT. 01 2016 infraganti KALABAZAN Euskal kulturari ekarpena egiteko asmoz, Getxoko Udalak antolatutako lehiaketa batera aurkeztu ziren Jone Ibarretxe, Irati Astobieta eta Garazi Basterretxea. Lortutako sariaren dirua Kalabazan Kultur Ekimenak elkartea abiatu eta «book trailer» lehiaketa bat antolatzeko baliatu zuten. Bideopoesia eta poesia xuxurlatua dira haien ekarpenaren beste bi atal. Xabier Izaga Gonzalez K alabazan Kultur Ekimenak elkartearen istorio poetikoa orain dela hiru urte hasi zen, Getxoko Udalak gazteen artean proiektu berritzaileak sustatzeko Wanted lehiaketa deitu zuenean. Edo, zehatzago esateko, Jone Ibarretxe, Irati Astobieta eta Garazi Basterretxeak unibertsitate ikasketak amaitu zituztenean, Jonek eta Iratik Arte Ederrak eta Garazik Euskal Filologia. Asmo bera zebilkien gogoan hiru lagunei, bakoitzak bere esparrutik euskal kulturari ekarpentxoa egitea. Bazekiten zenbait lekutan book trailer delakoak egiten zituztela, eta lehiaketara aurkezteko proiektuaren ardatza horixe bera izan zitekeela bururatu zitzaien. Bururatu, eta burutu egin zuten. Euren proiektua, gainera, irabazleetako bat izan zen, eta eman zieten dirua book trailer lehiaketa bat antolatu eta Kalabazan Kultur Ekimenak elkartearen webgunea abiatzeko –baita horretarako prestakuntza teknikoa jasotzeko ere– baliatu zuten. Book trailer lehiaketaren helburua gazteen artean irakurketa sustatzea da, irakurketa erakargarri egiteko modua, teknologia berriak baliatuz, eta, aldi berean, gazteen sormena akuilatzea. 12 eta 18 urte bitarteko gazteek parte har dezakete lehiaketan, eta liburu bat irakurri ondoren haren gaineko trailer bat sortu behar dute. «Gazteei literatura eta euskara euren ohiko esparruetara hurbiltzea ere bilatzen dugu, kasu honetan ikus-entzunezkoen mundura. Halaber, sortzen dituzten bideoen bidez euren irudimena eta adierazteko gaitasuna ere lantzea bilatzen dugu», azaldu dute. Book trailer-ena Kalabazan elkartearen helburu nagusiekin bat datorren jarduera da: gazteen artean kultura eta artea sustatzea, euskararen erabilera bultzatuz. Baina book trailer lehiaketa beren kultur elkartearen lehenengo proiektua baino ez da. Ideia berari eutsita, bideopoesia lantzen hasi ziren. Book trailer-en helburu eta prozedura bertsuak baliatzen dituzte, baina poesiara mugatuta. Hartara, eleberri edo testu luze baten gaineko trailerraren ordez, poema bat da lanaren motiboa, betiere ikus-entzunezkoak baliatuta eta sormena landuz, animazioaren zein interpretazioaren bidez. Poesia xuxurlatua Taldearen hirugarren proiektu nagusia, azkenik, poesia xuxurlatua da. Kartoizko tutu luze baten bidez poemak errezitatzea, alegia. Tutu horren bidez iristen da xuxurla entzulearen belarrira. Tutua oso garrantzitsua omen da, xuxurlatzeko kanala delako, soinua zuzen eta barreiatu gabe iristea errazten duen kanala, hain zuzen ere. Xuxurlatzeko, poesia omen da egokiena, bai musikalitateagatik, bai erritmoagatik; edonola ere, mikroipuinak ere xuxurlatu izan dituztela diote. Estatu frantseseko artista talde batek sortu omen zuen errezitatzeko modu hori; hala ere, Kalabazan elkarteko kideek Argentinatik ekarri zuten Euskal Herrira, elkartearen helburuetarako praktika egokia zela iritzita. 2014an, Irati hara joan zen eta Cordobako kaleetan Celeste Aguero argentinarrak poema bat xuxurlatzerik nahi al zuen galdetu zion. Color Susurro taldeko kidea da Celeste, eta poesia xuxurlatua baliatzen du besteak beste Memoriaren Egunean edo Emakumearen Egunean ekitaldiak antolatzeko. Kalabazan elkartearen jardueren arrakasta ikusita, ikastaro edo tailerrak ere eskaintzen hasi ziren, book trailer-ak eta bideopoesia egiten zein olerkiak interpretatu eta xuxurlatzen ikasteko. Tailerrok book trailer lehiaketei begira antolatzen hasi ziren, parte hartzaileak prestatzeko. Poesia xuxurlatuko tailerretan, halaber, ahozkotasuna eta komunikatzeko gaitasuna lantzen dituzte. Lehenbiziko jarduera tutua apaintzea omen da, eta lan horren bidez hasten dira ikasleak elkarrekin hitz egiten eta konfiantza hartzen. Hego Amerikan xuxurlaka Iaz, Kalabazan elkarteko kideei ekimen ibiltari bihurtu zitzaien euren jarduna. Urtarriletik maiatzera Txile, Argentina eta Uruguain izan ziren. Book trailer lehiaketarako eta bideopoesia egiteko formakuntza tailerrak ematera joan ziren, tutuak aldean. Celeste Aguerorekin harremanetan jarri eta Argentinako zenbait lekutan ibili ziren jendeari poesia xuxurlatzen, euskaraz, ondoren itzulpena egiten bazuten ere. «Garrantzitsuena entzutea da, ulertu baino lehen ere», azpimarratu dute. Argentinan, kulturguneetan eta Buenos Airesko euskal etxean mugitu ziren gehienbat, eta hiru ikastetxetan bideopoesia tailerrak eman zituzten. Pozarren hartu zuten ikasleen parte hartze gogotsua. Saio bakoitzak hiru ordu irauten zituen. Poema irakurtzen zuten eta gero ikasleek mozorroak eta han zeuden materialak baliatzen zituzten grabaketa eta animazioak egiteko. Bideopoesia formatua egokiagoa zen saioetarako, liburu bat irakurri beharrean, nahikoa baita poema bat entzutea. Txilen eta Uruguain ere hainbat poema xuxurlatu zizkieten herritar ugariri, tartean Uruguaiko presidente ohi Pepe Mujicari eta haren emazte Lucia Topolanskyri. Kasualitatea izan omen zen. Lagunarteko solasean, gazte batek esan zien Mujica ezagutzen zuela, eta nahi bazuten deituko ziola. Txantxetan ari zelakoan, baietz esan zioten. Txantxa serioa izan zen, ordea, lagunak presidenteari deitu eta presidenteak euskal poesiaren xuxurla entzuteko gonbita onartu baitzuen. Maiatzaren 1a zen, eta mitin baten ondoren bazkaria egin zuten Mujicak eta bere alderdikideek. Hara joateko mezua bidali zien Mujicak Irati, Jone eta Garaziri, eta presidentetza mahaian jarri zituen. Mujicari Sarrionandiaren “Harriak eta herriak” poema xuxurlatu ondoren, Joxean Artzeren “Txoria txori” xuxurlatu zioten Luzia Topolanskyri. Hunkitu egin omen ziren biak. Kalabazan kultur elkarteko kideak ez dira poesiatik edo literaturatik bizi. Irati AEK-ko euskara irakaslea da, Jonek bideogintzan lan egiten du, EITBn, eta Garazi, Liverpoolen euskara eta kultura eskolak ematen igarotako denboraldi baten ondoren, Feminismo master bat egiten ari da uneotan. Ez dira poesiatik bizi, baina uste osoa dute poesia bizitzeko modua dela, eta edozein lekutan topatzen dela. Baliteke hala izatea; edonola izanda ere, eurek hemen ez ezik, etxetik milaka kilometrotara ere topatu zuten. Datorren martxorako Durangon book trailer tailer bat egitea aurreikusita daukate, baina haren aurkezpena abendu hasieran izango da, lekurik aproposenean, bertako Liburu eta Disko Azoka entzutetsuan, hain zuzen. Hara Jone, Irati eta Garazik euskal kulturari egindako ekarpen xuxurlaria. Eta hala bazan ala ez bazan... • «‘Book trailer’-ek gazteei literatura eta euskara euren ohiko esparruetara hurbiltzea bilatzen dute, eta sortzen dituzten bideoen bidez euren irudimena eta adierazteko gaitasuna lantzea» Txilen, Argentinan eta Uruguain hainbat poema xuxurlatu zizkieten herritar ugariri, tartean Uruguaiko presidente ohi Pepe Mujicari eta haren emazte Lucia Topolanskyri