OCT. 08 2016 Baimendutako doilorkeriak Xabier Izaga Iragan sanferminetan neska bat bortxatu zuteneko albisteak oihartzun handi eta berehalakoa izan zuen, neskaren kuraiagatik; herri mugimenduaren eta oro har herritarren erantzunagatik, eta Udalaren jarreragatik. Hurrengo egunean jakin genuen ustezko bortxatzaileetako bat guardia zibila zela, eta hiruzpalau egun geroago, beste bat Espainiako Armadako kidea zela. “Beltz batek gizon bat hil du” motako izenburuak eskaintzen dituzten hedabideek ez zuten berehalakoan horren berri eman. Denboratxoa igarota, Espainiako telebista publikoko tertuliakide batek neska bortxatuaren abokatuari galdera bat egin zion: «Nolatan bukatu zuen zure defendituak bost gizonekin urrutiko leku batean, indarrez eramana izan gabe?». Aste honetan bertan albiste izan da Iruñeko bortxaketagatik auzipetuetako bost gizonetatik lauri Kordoban beste neska bati sexu erasoak egitea egotzi diela epaileak. Pare bat egun lehenago, oker ez banago –berdin dit lau egun badira–, telebista kate pribatu bateko tertulia batean Iruñeko bortxaketagatik auzipetutakoen abokatua izan zen, harreman baimenduaren tesia defenditzen eta, bide batez, sumarioko adierazpenak erabiliz, neskaren jarreraren gainean zalantzak sortu nahian. Tertuliakideek ez zuten txalo jo, baina oraindik lepoa minduta bide dute abokatuaren azalpenekin bat zetozela hain nabarmen adieraztearen ondorioz. Ahaztu egin zait esatea telebista kate hori 13 TV dela, Apezpiku Batzarra akziodun nagusi duena. Zenbat horrelako ez ote dituzte bota hainbat gotzainek hedabideetatik zein pulpitutik? Iruñekoak Erorien Monumentutik Mola ez ateratzeko alegazioa jarri du. «Ekintzek ahalik eta bortitzenak izan behar dute» zioen jenerala. Argiago, Felipe Gonzalezek bezain argi, hitz egiten zuen haren gogaide Queipo de Llano jeneralak: «Gure legionario eta erregular adoretsuek gizona izatea zer den erakutsi diete gorriei. Bide batez, baita gorrien emakumeei ere». Jende horren zordun da Eliza Katolikoa. •