OCT. 22 2016 infraganti ELOI BEATO Arte Grafikoko ikasketak bukatutakoan zinemara salto egin nahi izan zuen Eloi Beatok, baina antzerkigintzak katigatu zuen. Komediaren duintasuna aldarrikatuta, umorea arma gisa erabiltzen du. Aktore eta gidoilaria da, baina batez ere zuzendaria. Datorren urtarrilean estreinatuko du «Desoxirribonukleiko» komedia «musikal-zientifikoa». Xabier Izaga Gonzalez Zortzietan puntuan iritsi da, «leher eginda, baina oso pozik, oso gustura». Urtarrilean Glu Glu Ekoizpenak konpainiak bere zuzendaritzapean estreinatuko duen obraren prestaketan buru-belarri dabil azkenaldion. Aktore baino zuzendariagoa omen da Eloi Beato, «erosoago» sentitzen da, lan horretatik ekarpen handiagoa egin dezakeela uste baitu. Aktore «normaltsua» dela dio; edonola ere, aktore gisa, antzerkian ez ezik, zineman ere lan egin izan du, baita entzute handiko hainbat zuzendarirekin ere: Juanma Bajo Ulloa, Iñaki Dorronsoro, Joaquin Trincado, Enrique Urbizu… «Betidanik» zinegile izateko irrika bazuen ere, Gasteizko Jesus Obrero lanbide eskolan Arte Grafikoak ikasi zituen. Behin goi teknikari titulua jaso ondoren, baina, ez zuen inoiz inprimategien munduan jardun, zinemaren harrak bere horretan jarraitzen baitzuen. Bere ilusiorik handiena film bat zuzentzea omen zen; hala ere, Euskal Herrian ez zegoen horretarako aukerarik, eta, «antzekoena», Antzerti zela pentsatu zuen, Lakuako Gobernuaren Arte Dramatikoko Eskola sortu berria. Hartara, bertan matrikulatu eta lau urteren buruan lizentziatu egin zen. Ondoren Errealizazioa eta Gidoigintza ikasi eta Euskal Herriko Unibertsitatean Ikus-entzunezko master bat egin zuen. Bere karrera zinemagintzara bideratzea espero bazuen ere, antzerkigintzak katigatu egin zuen. Berehala hasiko zen aktore gisa lehenengo soldatak jasotzen, Donostiako Orain Konpainiarekin Estatuan zehar Valle-Inclanen “Divinas palabras” antzeztuz. Gizarte Segurantzako lana utzi eta antzerkitik bizitzeko ahalegin hura arriskatzea zela onartu du. Hala ikusten zuten orduan Eloiren gurasoek, «herriz herri ibiltzea gosearekin lotzen zuten nolabait...», eta ez zebiltzala guztiz oker dio Eloik, irribarrez. Antzerkigile gasteiztarraren ibilbidearen ezaugarri nagusia, edo bistakoena behinik behin, umorea da. Beharbada Orain Konpainiarekin antzeztu zuen lehen obra gogoan, komediaren duintasuna aldarrikatzen du, nolabait balio gutxi duen generotzat jotzen omen dute eta. Baina barrea eragitea oso zaila dela dio, negarra eragitea baino zailagoa. «Jendea bere minekin eta miseriekin etortzen da, eta horiek aktibatzea errazagoa da». Edonola ere, ez omen du barrea bakarrik bilatzen. Izan ere, umorea, Eloiren eskuetan behinik behin, tresna bat da, «sektore guztietara iristeko arma bat, beste era batera esaten baduzu arbuioa sor lezakeen zerbait onar dezaten balio duena». Horregatik ez du sekula umore zuririk egin. «Kolorea izan behar du, gorria, berde, morea... baina zuria inoiz ez». Izan omen da emanaldiren batean altxatu eta asaldatuta joan den jenderik ere, «baina, oro har, umorea erabilita, edozertaz hitz egin, edozer kritika dezakezu». Dioenez, egiaz politika egiteko sartu zen antzerkigintzan, «antzerkia politikoa baita, eta hala behar du izan, arte guztiak bezala, bizitza berez politikoa da-eta. Jendeak barre egitea nahi dugu, jakina, baina baita emanaldia bukatutakoan, etxeratzean edo lagun artean garagardo bat eskuan, gogoeta egin eta eztabaida dezan ere». 80ko hamarkadaren bukaeran, Donostiatik Gasteizera egin zuen atzera berriro eta Ñake bikote komikoa sortu zuen Josean de Miguelekin batera. Guztiaz arduratzen ziren biak: ekoizpenaz, zuzentzeaz, antzezteaz, jantziez… Eta aldi berean, Jon Gabella eta Gorka Aginagalderekin batera sortu zuen Sobradun taldean ere jarduten zuen Beatok. Sobradunen lehen obra “Herminio y Miguelito” Mauro Entrialgoren “Herminio Bolaextra” komiki zerrenda sailaren moldaketa izan zen, antzerkia ikusten ohituta ez zegoen jendearen artean ere arrakasta ikaragarria izan zuena. «Orduan konturatu ginen jende askok gustuko duela antzerki alternatiboa, zuzenagoa, egur gehiago ematen duena». Eta formatu horri eutsi zioten Mauro Entrialgo (“Un millón de gilipollas”, “No hay huevos”) eta ondoren Santi Orue (“Hablar es de bobos”) komikigile gasteiztarrekin batera idatzitako testuak antzeztuz. 2002. urtean Jon Gabella auto-istripuz hil zen, eta Sobradun taldea desagertu egin zen. Oraindik Ñaken ziharduela, Glu Glu Ekoizpenak Bilboko konpainiaren deia jaso zuen eta erronka handi bati aurre egin behar izan zion: Javier Vizcaino kazetariak Radio Euskadin egiten zuen “Cocidito madrileño” astakeria-bilduma antzerkira moldatzea. Galder Perezen testuekin, erronkari eutsi eta sekulako arrakasta lortu zuten Madrilen Euskal Herriko egoeraz esaten zituzten astakeriak antzeztuz. «Eta jende horrek oraindik irratian, telebistan, prentsan jarraitzen du», dio Eloik. Lan harekin antzokiak betetzeaz gain, emankizun bikoitzak ere egin behar izan zituzten. Bere ibilbide luzearen hurrengo etapa Kunka konpainian egin zuen Eloik. Ñaken eta Sobradunen izandako kideek sortu zuten konpainia hura, Joxean de Miguel, Gorka Aginagalde eta berak, hain zuzen. “Meando fuera del tiesto” eta “Sexo gratis” obrak, ordura arteko guztiak bezala, barrukoak ziren. «Kaleko antzerkiak azpiegitura handiagoa eskatzen dizu», dio Eloik; hala ere, salbuespenen bat edo beste egin zuten; esate baterako, “Playas de secano”, igerileku, urtegi edo hondartzetan antzezten zutena. Ondoren, haurrentzako ikuskizun bat ere egin zuten, “Eskubideak ditugu”, herrietako kultur etxeetan haurrei beren eskubideak azaltzeko lana, «baina alamena eman gabe, esketxen bidez». Era berean, adineko jendearentzat prestatutako esketxak antzeztu zituzten Arabako herri eta herrixketako hirugarren adinekoen elkartegietan. Kunkaren azken obra, “Historias canallas”, «tragikomikoagoa» izan zen, ordurako krisiaren zantzuak sumatuta. Komiko gisa, beti bizi omen da krisian, baina, 2008az geroztik, ordu artean izan zituzten «papurrak» ere desagertu ziren. Eta gero «bizirauteko lanak» etorri ziren; esate baterako, Madrilgo enpresa batean jendaurrean hitz egiten irakastea. Eta langabezia. Orain, berriro Glu Glu konpainian, «labean» du Beatok komedia «musikal-zientifiko» bat: “Desoxirribonukleiko”. Urtarrilean estreinatuko dute, Basaurin gaztelaniazko bertsioa eta Gernikan euskarazkoa. “Cocidito madrileño” bezala, Galder Perezek idatzi du obra eta Eloik zuzenduko du. Aktore zerrenda ere ez da nolanahikoa: Itziar Ituño, Susana Soleto, Martxelo Rubio, Ugaitz Alegria eta Ylenia Baglietto. Oraintsu, gainera, beste lantxo bat ere pilatu zaio, datorren asteazkenerako “Zeu zara EITB” gala prestatu behar du eta. «Lanik ez duzunean, inork ez dizu deitzen, eta, berriz, galtzak bete lan zabiltzanean...». Pertsonaiak sortu eta berauei bizia emateko inspirazioa kaletik datorkio. Voyeur hutsa omen da. Orduak eman izan ditu, esate baterako, tren geltokietan, jendea ikusi eta entzuten, haien bizitzak irudikatzen, haien jokaerak kopiatzen. Azken batean bere lana jendeari ahotsa jartzea dela dio, bozgorailu txiki bat izatea. «Hau ez da zinema edo musika, baina ahal dugun neurrian kontzientziatu egin nahi dugu, jendeari telebistan ikusten denaz gainera besterik badagoela ikusarazi nahi diogu». Ez du solasa bukatu nahi instituzioek kulturarekin erakusten duten zabarkeria gogorarazi gabe: «Madriletik hemengo udaletara, Araban bereziki». Arreta eman dio PP orain Arabako egoera kultural penagarria salatzen lehena agertzen delako, azken legegintzaldietan Gasteizko Udala kudeatu eta murrizketa gehien egin dituen alderdia izanda. Jarrera horren helburua ere sumatzen du: bizkaitarrek eta gipuzkoarrek dena eramaten duten kontu hori erabiliz bazterrak nahastea, hain zuzen. Eloi Beato, jendaurrean bezala mikroaren aurrean ere egoten dakien lagun atsegina, min eta miseria latzak osatzen ez dituena, baina trago mingotsak irensten laguntzen duena. • «Umorea sektore guztietara iristeko arma bat da». Horregatik ez du sekula umore zuririk egin. «Kolorea izan behar du, gorria, berde, morea... baina zuria inoiz ez», dio Eloi Beatok Orduak eman izan ditu tren geltokietan, jendea ikusi eta entzuten, haien bizitza irudikatzen, haien jokaera kopiatzen. Azken batean, bere lana jendeari ahotsa jartzea dela dio