GAUR8 - mila leiho zabalik

Bat bera ere eror ez dadin


Azaroaren 25ean, agintari politiko andana ikusi nituen puntu moredun pankartaren atzean, argazkirako dotore-dotore jarriak; ardura politikoaren erakusle, diskurtso politikoki zuzena ahoan eta benetako eguneroko jardunak eskatzen duen konpromisoa oihal atzean estali nahian. Konpromiso politikoa 365 egunetan erakusten denez, azaroaren 25ean eginiko adierazpenak ongi daude, baldin eta urteko egun guztietan emakumeok askatasunean bizitzeko politikak eta neurriak sustatzen badituzte, eta ez da kasua.

Hortxe dugu Genero-indarkeriaren aurkako 1/2004 Lege Organikoa, hutsunez betea. Borroka feministaren garaipena izan zen lege hura jada zaharkitu zaigu, batetik, indarkeria matxistaren kontzeptualizazio hertsia duelako, harreman sexu-afektiboetan sortzen diren biolentzia egoerak soilik hartzen dituelako aintzat: «Kontzeptualizazio horren arabera, datuak murriztuta daude: Nagore Laffage ez da indarkeria matxistaren biktimatzat hartzen, ezta Gasteizen urtarrilean hildako umea ere» (Josebe Iturriotz, “Berria”, 2016ko apirila); eta bestetik, legeak biltzen dituen laguntza sozialetan izugarrizko murrizketak egiten ari direlako. Lanbide-ren politika eskasak ditugu adibide nagusi, zeintzuek urruntze agindu bat edukitzea eskatzen duten, indarkeria sexista egoeran den emakume bati prestazio soziala emateko. Legeak arazoaren muina ez du konpontzen, adabaki bat jartzen du, baina garrantzitsua deritzot legean egiten den bortizkeria matxistaren definizioa osatzeari eta legeak jasotzen dituen zerbitzu judizialak, asistentzialak... ikuskatzeari.

Bortizkeria sexistaren konponbide gisa, hezkuntzaren garrantzia jarri ohi dugu jopuntuan. Eta legeak prebentzioa aurreikusten badu ere, nolako hezkuntza-politikak sustatzen dira tratu onetan eta hezkidetzan oinarrituak? Ikastetxearen, irakasle batzuen edo udal administrazioaren borondatearen araberako saio batzuk soilik antolatzen dira. Badakigu EAEn, adibidez, Hezkidetza Plana sortua dela, baina horren aplikazioan proba pilotu batzuk baino ez dira jarri ikastetxe gutxi batzuetan. Eta horri Lomce legea gehitzen badiogu... hezkuntza izango bada gure etorkizuna, hau kaka zaharra!

Bizitzak lurperatzen segi ez dezagun, bizitza delako dugun handiena, denon bizitzaldi oso eta duinak ahalbidetzeko indarra, elkartasuna eta ardura politikoa ezinbesteko osagai dira, bidean ahizpak eror ez daitezen. •